HNP

Hizkuntza normalkuntza proiektua

Hizkuntza Normalkuntza Proiektua (HNP)
_______________________________________________

Planaren indarraldia
2006-2010


Justifikazioa
Urumea Ikastola 1962. urtean sortu zen. Garai hartako hezkuntza sistema zeharo erdal kutsukoa zela ikusita, eta gure haurren beharrak bestelakoak zirela oharturik "Euskal Eskola" bat sortzea pentsatu zuen guraso talde batek. Euskal kultura bere arlo guztietan landuko zuen sistema bat, etxeko girotik abituz, ama hizkuntza jarraipen bat izan zezan. Legezkotasunaren arazoak zirela eta gure ikastolaren izen ofiziala "Enseñanzas Urumea S.A." izan zen urte askotan, nahiz eta herri mailan "Urumea Ikastola" gisa ezagutu. 1993. urtean ikastolak sare publikoan integratzea erabaki zuen bere jabegoa Eusko Jaurlaritzaren esku utziaz.

Hezkuntza erreforma zela eta 1996. urtean Urumea Ikastola bi zatitan banatu zen: alde batetik Haur eta Lehen Hezkuntza eta beste aldetik D.B.H.ko eremua. Momentu honetan Normalkuntzaren Plangintza barruan derrigorrezko bigarren hezkuntza dago, eta honi buruz egingo dugu plangintza. Ikastetxe honek (Urumea Ikastola BHI) egun 123 ikasle ditu eta 100 familia inguru biltzen ditu. Herriko egoera soziolinguistikoa dela eta, herrian euskararen ezagutza %51 ingurukoa bada, erabileraren portzentaia askoz baxuagoa da. Ikastetxe honek biltzen dituen famili kopuruaren artean, jatorriz euskaldunak direnak nahikoa gutxiak dira %20ra iristen ez delarik. Egoera honek beste zenbait ezaugarri sortzen dituen bezala, euskararen erabilera eta ezagutza espresuki lagundu eta mimatu beharrean aurkitzen gara. Horregatik normalkuntza programa honen barruan ari gara.


Ikastetxearen normalizazio xedeak

Eskolaren egoera dela eta euskararen presentzia eremu guztietan areagotzea izango da gure xede nagusia. Horretarako hezkuntza komunitatearen erabilera eremuak euskaraz bideratu eta sendotuko ditugu.

Ikastetxean sortzen den dokumentazio guztia euskaraz izango da eta beharrak baldintzatuz gero, dokumentazioa bi hizkuntzetan izango da, euskaraz idatzitakoa gehiago nabarmenduz.

Euskara ez dugu hizkuntza soila bat bezala landuko, baizik eta bere inguruan dagoen kultura tradizio bizi-moldeak landuko ditugu era orokorrean.

Ez dugu hizkuntza formala landuko soilik, gure ikasleek euskaraz bizi ahal izateko egoera ez formaletan ere trebatuko ditugu, euskararen presentzia beraien bizi eremu guztietan ager dadin.

Euskara informazio iturri hizkuntza bat bezala hartzea lortu behar dugu, horretarako egun dauden baliabide guztien berri eman behar dizkiegu, beste hizkuntzetara jo ez dezaten, euskarak baliabide eta iturburu egokiak ez dituela pentsatuz, informazio urria dela eta.

Normalkuntza proiektua ardatz nagusia izango dugu, ikastetxeko eremu guztietan, adosten diren hizkuntza prozedurak, jarrerak eta jokabideak bermatzeko.


Antolaketa

Proiektua Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan txertatuta aurkitzen da, honek esan nahi du normalkuntza proiektua ikastetxearen eremu guztietan aurkituko dugula. Horretarako eta ez dadin bakarrik era teoriko batetan azaldu, era honetan antolatu dugu proiektuaren blaiketa.

HNAT-a figura honek proiektuaren dinamizazioaren eta hedaduren ardura dauka. Horregatik bai zuzendaritzekin, bai horretarako sortua den batzordearekin, bai klaustroa osatzen duten irakasleekin, guraso elkartearekin, ikasleekin (ikasle batzordea) eta langile ez dozenteekin, eta herriko eragileekin komunikazio esparruak ireki eta mantendu behar ditu.

HNT-ak dinamizazio lana hau egiteko ordu kopuru bat dauka astean liberazio gisa, kargu honetarako era boluntario batetan aurkeztua izan zen, ikusirik euskararen presentzia zer nolako mailan aurkitzen zen ikastolan. Karguaren iraupena ez dugu definitua, hau teknikariaren motibazioarekin bat dator, ez da hizkuntzetako irakaslea, ez bait genuen nahi proiektua euskarako irakasleekin zer ikusia zuen eremu isolatu bat izatea, horregatik euskarako plaza ez duen irakasle batek hartu du ardura hori. Bai ikusten genuela ezinbestekoa zela behin betiko plaza duen irakasle batek hartzea, gertatu ez zedin urte baterako etortzen diren irakasle ordezkarien gain gelditzea ardura hau.

Normalkuntza Batzordea: guztira 8 irakasle, zuzendaria, atezaina eta 8 ikasleek osatzen dute. Dinamizazio kontua dela eta batzorde hau urtean bitan biltzen da osotasunean, kurtso hasieran, urteko proiektua aurkezteko eta kurtso bukaeran ebaluazio bat egiteko.

Proiektu honen berri ere Ikastetxeko Organo Gorenari ematen zaio, bai kurtso hasieran aurkezpen gisa eta kurtso bukaeran emaitzaren balorazio gisa.

Irakasleek hilabetean behin biltzen dira proiektuaren jarraipena eta aportazioak egiteko. Klaustro gehienetan normalkuntzarekin zerikusia duen punturen bat aurkezten delarik.

Astero ANT-a eta zuzendaria biltzen da proiektuaren jarraipena eta aportazioak aztertzeko.

Ikasleek bestalde, beraien azpi-batzordea badute, gela bakoitzeko bi ordezkari, eta beraien funtzioa ikaskideen aportazioak aurkeztea, eta HNT-ak ematen dien informazioa geletara helaraztea da, antolatzen diren ekintzetan ere aktiboki parte hartzen dutelarik. Ikasleekin HNT-ak egiten dituen bilerak ikastordu barruan izaten dira.



Diagnosiaren emaitzak, helburuak, estrate-giak eta ebaluazioa eremuz eremu

IKASTETXEAREN ANTOLAKUNTZA

·Diagnosiaren interpretazioa: 2006. urtarrilean egindako diagnosiaren arabera, euskararen presentzia ikastetxeko estamentuetan, liburutegian, paisaia linguistikoan eta udalerrian bertan ehuneko portzentaia altukoa da.
Estamentuei jarraituz, bai zuzendaritza arloan euskararen presentzia ezagutzan % 91.67koa da, eta erabileran % 56koa. Administrazio eta zerbitzuetako langileak kontutan harturik ezagutza % 81.25 eta erabilera % 57.49koa da. Liburutegian aurkitzen ditugun elementuen aldean euskararen presentzia % 84.39koa da. Paisaia linguistikoari jarraituz % 90a dugu, eta udalerriaren barruan euskararen presentzia % 51koa da.

Ikastetxean sortzen diren dokumentazio guztiak euskararen presentzia dute adibidez AJA, ikasturteko plangintza, barruko dokumentazio guztia... Gehienez dokumentazio elebietan agertzen da egoerak horrela baldintzatuz gero: Erkidegoko Autonomi kanporako dokumentazioa...

·Helburuak: Nahiz eta mintzagramak ematen dizkigun emaitzak nahikoa altuak izan, gure helburua ahalik eta portzentaia hau altuen izan dadin izango da. Ahal den neurrian kanpo eragileei euskara hizkuntza izatea bideratuko diegu, ezagutza arloan langile ez irakasleek bere ezagutza eta erabilera portzentaia altxatzea izango da baita helburu.

·Estrategiak / ekintzak: Jasotzen dugun dokumentazioa erdara hutsean bada, ez da zabalduko, lehentasun batetan eta beharraren poderioz itzuli egingo zen aurkeztu baino lehen.

Paisaia linguistikoa astero ikuskatuko da, bere portzentaia %100 euskaraz izan dadin.

-Hornitzaileei gutun bat bidaliko zaie eskatuz bidaltzen duten informazioa, albaranak... euskaraz idatziak izan daitezela.
-Hezkuntza sailarekin harremanak euskaraz izango dira.
-Errotulazio eta paisaia linguistikoa euskalduna izango da.
-Euskaldunon artean komunikazioko ahozko hizkuntza nonahi eta beti euskaraz izatea.
-Euskararen kalitatea areagotzea, horretarako bai hezkuntza sailak, bai bertako euskaltegiek eskaintzen dituzten ikastaroen berri ematea.

·Ebaluazio irizpideak: Urtero mintzagrama bat egingo da portzentajeak neurtzeko. Atal honetako langileak zein nolako erabilera izan duten eskainitako euskarako ikastaroei buruz egingo da txostena eta zer nolako eragina izan duen mintzagramak ebazten dituzten portzentaietan hausnartuko da.


IRAKASLEAK

·Diagnosiaren interpretazioa: Irakasleen mintzagrama behatuz, ondorioak nahikoa zuzenak ditugu. Urumea Ikastola BHI ko irakasleagoa guztiz euskalduna da, denak betetzen dute hezkuntzak eskatutako perfila. Ezagutza eta erabilerari begiratzen badiogu, %100 beraien artean euskara du hizkuntz erlazioaren oinarria.

·Helburuak: Ikastetxeko irakasleen ezagutza eta erabilera maila hori, ikastetxeko beste estamentuei isla diezaieten, non euskararen presentzia areagotu dezaten bere inguruan.

·Estrategiak / ekintzak: Irakasleek ikastetxeko zein kanpoko eragile guztiei lehenengoz euskaraz hurbildu daitezen, eta ahal duten neurrian sortzen diren komunikazioetan euskararen presentzia ager dadin.

Urtero irakaslegoari hezkuntza sailak, nahiz beste estamentuek, eskaintzen dituzten euskarari buruz ezagutza eta erabilera areagotzeko ikastaroen berri eman, eta hauetara izena eman dezatela motibatu.

·Ebaluazio irizpideak: Urtero diagnosia egin, eta bertan analizatu zer nolako portzentaia emaitzak agertzen diren, eta honetaz oinarrituz bai proposatutako helburuak, bai estrategiak ebaluatu eta hala ikusiz gero mantendu edo aldatu.


IKASLEAK

·Diagnosiaren interpretazioa: Mintzagramen indizeak guztiz desberdinak dira gela bakoitza ikusirik. Amankomunean euskararen erabilera indizea nahikoa baxua da. Indize altuena %63.53koa da lehenengo mailan agertzen delarik. Beste lehenengo mailako taldeak %8,33koa dauka. Bigarren mailan ere gertaera hau ikusten dugu, talde batek %43.27koa duen bitartean aldameneko taldeak, %19,25ekoa dauka. Hirugarren mailan erabilera indizeak nahikoa baxuak dira: talde batek %17,86 eta besteak %13,68. Laugarren mailan talde batek %32a dauka (gure ustez indize hau nahikoa distortsionatua dago, erabilera indizea askoz baxuagoa izan beharko zuela uste dugu) eta beste taldearen indizea %15,48koa da.

Orokorrean oso elementu isolatuak agertzen dira euskararen bultzatzaile bezala, aldiz erdarako hiztun aktiboak askoz ere zabalduagoak daude.

·Helburuak: Argi dago erabilera indizea nahikoa deigarria dela D ereduko ikastetxe batetaz hitz egiten ari garela kontutan harturik. Gure helburu nagusia indize hauek goratzea izango da eta %50era iristea gela guztietan.

·Estrategiak / ekintzak: Erabilera indizea altxatzearren ikasleei euskaraz bizitzeko tresnak emango dizkiegu.

-Euskal kultura erakutsi eta bizi arazteko guneak eskainiko dizkiegu: kantagintza, bertsolaritza, antzerkigintza, gabonetako kantak, Santa Agedako bezpera, Euskal inauteriak, Iñude eta artzainak...
-Ahozkotasunari garrantzi handia emango zaio: ikastetxeko irratia erabiliz programak sortuko dituzte, idazleekin topaketak izango dituzte...
-Egoera ez formalak landuko ditugu, horretarako talde espezializatu baten eskutik ikastaroak egingo ditugu "Lagunen artean euskararekin jolasean"
-Hizkuntza formala ezagutu dezaten ikastorduz kanpoko ikastaroa eskainiko zaie, Hizkuntz Eskola Ofizialeko agiria lortu dezaten.
-Ulibarri programan era bat blaitu daitezen ikasleen batzordea indartu egingo da, zenbait ikastordu erabiliz bilera hauek egiteko.
-Ikasleen batzordean hartutako erabakiaz ikasle guztiei informatzeko eraikiak dauden bide iturriak sendotu, informazio jasotzen duten arabera inplikazioa areagotuz.
-Ikastetxeak editatzen duen aldizkarian parte gehiago hartzea bultzatu, gaien aukeraketa eta jorraketan ardura gehiago emanez.
-Geletan mintzagramen bidez agertzen diren euskarazko hiztun aktiboak potentziatu, bere lidergoa bultzatu eta babestu erabileraren motorra izan daitezen.
-Erdara aldekiko hiztun aktiboekin ere lana egin, bere euskararekiko jarrera aldatu dadin, horretarako ez ditugu estrategia negatiboak erabiliko, baizik bere lidergotzan oinarrituz euskararekiko duen jarrera aldatzen badugu, mugitzen dituen beste erdarako hiztun aktiboen jarrerak aldatu daitezen.

·Ebaluazio irizpideak: Urtero mintzagramak egingo dira, erabiltze indizea areagotzen den neurtzeko.

Mintzagramen emaitzak ikasleekin hausnartuko dira emaitzen indizeaz jabetu daitezen.
Urtean zehar erabilitako estrategiak baloratu egingo dira eta hala balekio aldatu edo mantenduko dira.
Ebaluaketa bakoitzean notarekin batera esaldi bat jasoko du ikasle bakoitzak, non irakasleen ustez bere euskararen erabilera zein nolakoa den agertuko den, gero ikasleak eta bere familiak esaldi horren arabera hausnarketa egin dezaten.
Hernaniko euskara eragilearekin Dobera, kanpoko euskararen erabilpenaren diagnosia hitzartu dugu, behaketa hau urtero maiatza aldean egiteko asmoz, horrela jakinen dugu guk dauzkagun datuak zein nolako fidagarritasuna duten.


GURASOAK
·Diagnosiaren interpretazioa: Gurasoen diagnosia egiterakoan, datu nabarmena azpimarratu nahi dugu, ikastetxe honetako gurasoen arteko %25a baina gutxiago da euskalduna. Honek erronka berezia eskatzen digularik jakinik ikasleek ama hizkuntza eta etxean erabiltzen duten hizkuntza, kasu gehienetan, gaztelera dela.

·Helburuak: Gurasoak kontzientzia hartu dezaten, ikastetxea nahiz eta D eredukoa izan, ezinezkoa dela bere seme-alabak euskaldundu beraien inplikaziorik gabe.

·Estrategiak / ekintzak: - Gurasoentzako euskara ikastaroak eskaini, erraztasun guztiak emanez, ikastaro hauek era dohain batetan jaso dezaten.

-Ebaluaketa bakoitzean notak jasotzen dituztenean, hauekin batera beraien seme-alabak zer nolako erabilera duen euskararekiko jasoko dute, gero emaitzaren arabera etxean gaia hau zehazki aztertu dezaten.
-Urtero gurasoei liburuxka bat helarazi non ikastetxeekin dituzten harremanetan, gehiena erabiltzen dituzten esaldiak agertzen diren.
-Guraso Elkarteko kideei normalkuntza sustatzeko batzordearen barruan sartu eta parte hartu dezaten gonbidapena luzatu.
-Era puntualean euskara batzordeko estrategia eta erabakien berri eman guraso elkarteari, hauek guraso guztiei helarazteko, informazioarekin batera inplikazioa areagotuz.
-Gurasoei euskal kulturarekiko lotura duten aurrera eramaten ditugun jaialdi edo ekintzetan parte hartu dezaten gonbidapena luzatu.

·Ebaluazio irizpideak: Urtero gurasoen diagnosia egin eta diagnosiaren barruan etxean erabiltzen duten hizkuntzari behaketa berezia egin, nahiz eta guraso ez euskaldunak izan, ea zer nolako euskararen erabilera eta honekiko duten sentsibilizazioa neurtzeko.


NORMALKUNTZA SUSTATZEKO ERABAKIAK

·Diagnosiaren interpretazioa: Ikastolak egindako dokumentazio guztietan, AJA, Ikasturteko Plangintzan, Ikastetxeko Proiektuan, Hizkuntz Normalkuntzaren presentzia argi azaltzen da, Organo Gorenean egindako bilera guztietan ere badu bere atala, honek adierazten digu, ikastetxearen funtzionamendu barruan bere lekua hartu duela, eta estamentu guztiek dute honen berri.

·Helburuak: Helburu nagusia egoera hau mantentzea izango da, Ikastetxe publikoa garenez, lankide asko aldatzen dira urtero, guraso berriak, ikasle berriak... Guzti hauek Normalkuntza Planaren berri izan dezaten dugu helburua.

Behin planaren berri dutelarik, beraiek ere partaide eta ahal den neurrian motore izan daitezen izango genuke hurrengo helburua.

·Estrategiak / ekintzak: Estamentu guztietan egiten diren kurtso hasierako bileretan, planaren berri eman. garrantzia, helburuak inplikazio eskakizunak...
Normalkuntza Planak dakarzkigun ekimenen berri emateak, jarraipenak, ebaluaketak... estamentu guztietara iritsi daitezela arduratu. Ardura hau batzordeko kide guztiena izango delarik.

·Ebaluazio irizpideak: Bi urtetik behin, ikastetxeko estamentuetan planaren presentzia neurtuko da, ez soilik idatzita agertzen den, baizik eta partaide guztiek honen berri duten ala ez neurtuko da, eta honekin batera zer nolako inplikazioa agertzen den.


ESKOLAZ KANPOKO EKINTZAK

·Diagnosiaren interpretazioa: Ikastetxeak antolatzen dituen eskolaz kanpoko ekintzetan, euskararen presentzia nahiko baxua da, monitore gehienak (bat ezik) euskaldunak dira, hala ere ikasleen harremanetan gaztelerak dauka presentzia nabarmenena.

·Helburuak: Aipatutako monitore euskaldun hauek aintzakotzat hartu dezaten euskararen presentziaren garrantzia, eragile nabarmenak bihurtu daitezen euskararen erabileraren alde.

·Estrategiak / ekintzak:
-Ttakun Elkarteak bereziki argitaratu berri daukan monitoreentzako txostena helarazi, beraiekin aztertu eta zein nolako garrantzia duten euskararen normalkuntzan jakinarazi.
-Kirol edo beste zenbait ekintzetako hiztegi berezia euskaraz eskaini, euskarak bat egin dezan terminologia berezi hauekin.

·Ebaluazio irizpideak:
-Kurtso bukaeran monitore guztiekin bilerak izango ditugu, non aztertuko ditugu beraiek aurrera eraman dituzten ekintzetan euskararen presentzia zein nolakoa izan den.
-Ekintza hauetan parte hartzen duten ikasleei galdeketa bat emango zaie, bertan beste zenbait galderekin batera, euskarak zer nolako presentzia izan duen neurtuko den.


KANPO HARREMANAK

·Diagnosiaren interpretazioa: Diagnosiak dioen arabera, kanpoko harremanetan zenbait erakundek horrela behartuta, gaztelera erabili behar dugu. Guk sortzen ditugun harremanetan beti euskara erabiltzen dugu sor hizkuntza bezala, baina kasu gehienetan elebidunak izatea behartuta gaude.

·Helburuak: Ahal den neurrian kanpoko harremanetan euskararen presentzia areagotzea, portzentaia %50 era iritsi dadin. portzentaia honetara iristea ez zen oso zaila izango, hezkuntza sailak berak dauzkan langileen kopuruan barne euskararen presentzia handiagoa izango balitz.

·Estrategiak / ekintzak: Hornitzaile guztiei gutun bat bidali, non gure asmoen berri ematen zaien, eta euskararen agerpenari zein nolako garrantzia emango diogun hornitzaile bat hala bestea aukeratzerakoan.
Herriko elkarteei gutun bera bidali, eta beraiek aurrera eramaten dituzten ekintzen berri eman ahal izateko euskaraz izan beharko dutela adierazi, elkarteen batek horrela nahi izanez gero, guk egingo genukeen itzultzaile lana.

·Ebaluazio irizpideak: Bi urteetan behin egingo dugu jarraipen hau, gehien bat hornitzaileekin lehenetsiko dugu gure erronka, ea zein nolako eragina izan duten gure gutunek.


LANGILE EZ-IRAKASLEAK

·Diagnosiaren interpretazioa: Langile ez irakasleen artean, bi zati bereiztuko ditugu. Alde batetik administraria eta atezaina eta beste aldetik garbitzaileak. Lehenengoak beren lanpostuek eskatzen dituzten perfil eskakizunak betetzen dituzte, eta euskararen aldeko eragile aktiboak dira. Bigarrengo atalekoak ez dute euskararen jabetzarik, Udalak azpikontratatutako pertsonak dira.

·Helburuak: Garbitzaileak euskararen neurri minimo baten jakinduria izan dezaten, non ikasleekin dituzten harreman urriak euskaraz izan daitezen.
Administraria eta atezaina irakasleentzako eskainita dauden euskarazko ikastaroetan parte hartu dezaten.

·Estrategiak / ekintzak: Udalako arduradunarekin bildu, eta Eskola Kontseilutik gutun bat luzatu, kontratatzen dituzten garbitzaileek euskararen jabetza minimoa izan dezaten.
Kurtso hasieran euskara ikastarorako informazioa eman eta bertan parte hartu dezaten gonbidatu.

·Ebaluazio irizpideak: Garbitzaileekiko egindako eskaeran erantzuna zein nolako izan den kurtso bukaeran analizatuko da O.O.G.ko azken bileran, eta hausnartzearen ondorioz gutun bat bidaliko zaio Udalari eskertuz edo kexatuz.
Idazkari eta atezainari dagokion ebaluaketan ikastaroan zein nolako partaidetza izan duten neurtuko da.


Neurri Osagarriak

Sor berria den tresna bat eraikitzen ari gara Ikastetxeko partaide guztien artean "blosgpot" eremu bat. Bertan Ikastetxeko informazio guztia analizatzeko aukera izango dugu, argazkiak, ekintzak... Eremu honetan hizkuntz normaltasun planak bere esparrua izango du, jarraipena, ebaluaketak, diagnosiak, ekintzak...


Utzi iruzkina: