Patua

hitzontzia 1456147696683 hitzontzia | 2007-09-01 10:41

Meu amor... Meu amor
Meu corpo em movimento
Minha voz à procura
Do seu próprio lamento...

Honela hasten da Ary dos Santos idatzitako Meu amor...meu amor fadorako letra. Poeta handia izan zen baina fadoak bezala bizitzaren patuak astintzen zuen. Agian horregatik idatziko zuen mingots eta era berean hain samur. Bizitzaren jitea horrelako baita mingotsa eta samurra era berean. Homosexuala, komunista, poeta. Zama ederra gainean. Homosexuala izateagatik alderdikoek mesfidati begiratzen omen zioten. Fadoetako letrak egiten zituela "benetako" poetek mesfidati begiratzen omen zioten. Eta hirurak batera hartuta ba... imajinatu! Nork ez zion mesfidati begiratuko? Baina diote patuak harrapatzen gaituela gu, ezin dugula bere aukera ekidin. Hala ote?

Hertzainak taldeak kantatzen zuen "Hauxe duk hauxe gure destino petrala". Eta oihu egiten genuen, kontzertuetan, tabernetan edo etxeko bakardadean. Eta lasaitzen gintuen hainbat jende gauza bera abestea, horrek esan nahi baitzuen ez ginela pizti arraroak, guztiok destino bera baikenuen. Ez gintuen inork ordea behartu kantu horiek entzuten. Ez gintuen inork aukera hori egitera behartu. Gure destinoa aukeratu genuen. Izan ere, gezurra baita patuak harrapatzen gaituela bere errota geldigaitzean. Erabakitze ahalmenaren ukamena litzateke halakorik onartzea. Dotriña ikasten genuenean (edo irakasten zigutenean hobe esanda) Jaungoikoak gure bizitzaren nondik norakoak erabakita zituela esaten ziguten eta horren kontra egitea Haren legearen kontra joatea zela. Eta barne barnean itsatsi ziguten ideia! Dena dela, zorionez, ikasi genuen Jainkoaren legeari intsumiso izaten, gure gainean zituen planak zapuzten. Patu zerutiarrari muzin egin eta destinoaren beste bideak ezagutu nahi izan genituen.

Hala ere, disfrutatu egiten dugu fado eder bat entzuten. A Rainha do Fado entzun eta Amalia Rodrigues-en menpeko bihurtzen gara, une batez patua fadoaren menpe jarri eta saudadearekin destino petrala gure amorea bilakatu. Halakoxeak gara humanook.

KITTO


Utzi iruzkina: