Non klarki azaltzen den zer den hitzontzia

hitzontzia 1456147696683 hitzontzia | 2007-08-27 19:08

Adiskide maiteok:

 Nola Jaungoikoa bere seme Jesusengan haragituta ugaritu zituen Canaan-en arrainak, hala ugaritzen ari dira kalakariak gure artean. Eta ura arnoa bihurturik, berdin pitza hitza bihurturik ikusten dugu garaiotan. Basamortuan mana goxua Jainkoak banatu zuen gisan, hala ikusten dugun egungo jendartean hitza banatzen, eta berdin urrezko bigantxa adoratzen. Baina guztien artean hitzaren bekaturik handienaren egile dituzu hitzontziak. Jende kurios eta bekatugile hauen artean ohore da mintzoaren edertasuna istorio harrigarri eta fantastikoekin lohitzea. Ezen ez baita nahikoa eleak partekatzea aisialdi gisa, ahatik goraipatu egiten dute ez trabaillatzearen kausa, ahantzirik lu parabisu hartatik Adan eta Eba igorriak zirelarik izerdiaren gaziaz elikatzera kondenatuak, bekatu orijinalaren ordainez. Beren ahotik sorgin eta infernuko deabru guztiak sortzen direlarik, engainatzen dute kristau prestuak lurralde marabillosuen promesarekin nahasiak. Eta kalte handiak egiten dituzte gure lur hauetan, eta, ez gaitezen engaina, hauek dira ardi larrutan gordetzen diren otsoak, haurrek eta helduen gogoan triskantza egiteko prest. Behar ditugu Jainkoaren hitzak gogoan hartu, Berak ezarri baitzuen manamenduak eta lege zaharrak alfertasunaren ekiditeko, bera baita hainbat kalteren eta damuren haste eta pizgarri. Hitzontziak dira erradikatu behar gure jende artetik, ezen bestela kristau onaren bidea nahas bidea izanen baita, amore desordenatuak eta likitsak, erresuma miragarri eta gezurrezkoak, kreatura infernuzkoak ageri diren kontu zaharrekin. Multam malitiam docuit otiositas (Eccli,33). Alferkeriak erakusten dituen malizien baztertzeko bazter ditzagun hitzontziak, istorio eta kontu zaharrez bide gaiztoen arrabotsetan nahasi nahi gaituztenak eta bil gaitezen Jainkoaren bide onera, non Spiritu Sainduak argitzen gaituen, benetako Erresumaren arribatzean betirako zoriontasuna irabaz dezagun.

VALE


Utzi iruzkina: