Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna Ordizian
Arratsaldeko
bostetan jarri zen danbolina martxan; 50 kilo gaztaina zakuan eta arratsalde
osoa festarako. Eguraldia lagun izan genuen; aurreko egunetako erauntsia baretuta
tenperaturak ere behera egin zuen aste bukaerarako. Gaztaina errearen usainak seietan
ingurarazi zituen lehen lagun multzoak. Ilunabarreko freskotasuna arinagoa zen
danbolinari zerion sugarraren alboan; halaxe ulertu genuen geuk ere.
Gaztaina jana eta
musika izan genituen errepertorioan. Larrun Arri elkarteko abesbatzak zazpietan
hasi zuen emanaldia Mikel Laboari omenaldi xumea eginda. Abesbatzak
Txoriak-Txori kantatu zuen plazan, herriko tabernetatik kantu-jira hasi
aurretik.
Oso animoso
aritu ziren kantari Larrun Arrikoak herriko kaleak eta bazterrak astinduz.
Emanaldia amaitzeko, plazara inguratu ziren berriz Mikel Laboaren omenez azken
kanta abesteko.
Festa hamarrak
ingurura arte luzatu zen. Danbolinaren sua itzali ahala, freskotasuna hotz
bihurtu zen plazan eta honenbestez amaiera eman genion arratsalde oparoari.
Datorren urteko Euskararen Nazioarteko Eguna itxaron gabe, euskararen egunak
egunero izan behar duela gogoratuz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: