Euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu dute Ordizia Rugby Elkarteak eta Hitzarok
Ekitaldi xume eta ospetsuan sinatu dute
Ordizia Rugby Elkarteak eta Hitzarok euskararen erabilera sustatzeko
hitzarmena. Nekane Apaolaza Hitzaroko presidenteak elkartearen 15. urteurrenean
abiatu berri den ibilbide berria goraipatu du eta eskerrak eman dizkie urte
guztiotan Hitzaroren euskarri izan diren guztiei: bazkideei, babesleei,
erakundeei, komunikabideei eta “finean,
pertsonei, edozein egitasmoren atzean pertsonak baitaude”. Apaolazak
Ordizia Rugby Elkartea zoriondu du bide berri honetan bidelagun izatea erabaki
duelako eta hitza mahaikideei eman aurretik ahotsa goratuz aitortu du: “sinatu dugun hitzarmena ez da galeriarako
egin dugun paper bustia; hitzarmen sendoa eta iraunkorra izan nahi du”.
Aitor Arañak, rugby elkartearen izenean, eskerrak eman dizkio Hitzarori “proiektu honetan parte hartzeko eman digun aukeragatik. Hitzaroren deia jaso genuenean, oso garbi izan genuen hasieratik elkartearen euskalduntzean eta euskararen erabileran lagunduko duen edozein akordioren parte izan behar dugula. Ordizia Rugby Elkartea erakunde zabala eta anitza da, esparru askotara heltzen dena eta horregatik, eta gure izaera propioagatik, abegiz ikusi dugu hitzarmengintza programa honetan sartzea”. Elkarteak hartu dituen konpromisoak burura eramateko borondatea adierazi du Arañak eta hitzarmenak jasotzen duena betetzeko ahalegin berezia egingo dutela esan du, izan ere, “euskararen ezagutza indartzea eta esparru guztietan erabilera sustatzea guztion lana dela uste dugu eta bide horretan gure apurra jartzeko prest izango gara beti”.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: