Inkongruentzien Bulebarra. Eztabaidarako plaza

hijosdelangelgorria 1456147634071 hijosdelangelgorria | 2008-05-13 08:19

Zer da Euskal Herria? Nondik nora doa? Politikoki? Sentimenduek ez dituzte mugak topatzen, zerbait maite duenari nola esan existitzen ez den zerbait maite duela. Eta maitasuna nola egin behar duen?

            Inkongruentziaz betetako herri batean bizi gara. Independentzia eta sozialismoa aldarrikatzen da eta bitartean, unibertsitate pribatuen kopurua ikaragarria da. Gainera, ezker erradikala (sic. J. J. Imaz) gobernatzen dituen herriak kalitatezko bizi maila daukate. Burges txikiak gara, orduan? Hau guztia kale hizkerarekin azaltzen du, irakurleetatik hurbil.

Testuinguru  honetan ulertu behar da Silveiraren liburu sonatua. Gaurkotasuneko gaia da eta horregatik asko sentitu gara identifikatuta, istorioaren pasarteetatik hurbil. Istorioak irakurlea harrapatu egiten du, erraz irakurtzen da eta, horretaz gain, laburra da. Oso hurbileko pertsonaiak dira fikziozko nobela honetan agertzen direnak, oso gertu sentitzen ditugu: gure auzokidea, pisu-kidea, semea edo neska izan daitezkeelako “pontxazo” jaurtiketetan dabiltzanak. Gaur egunarekin erabateko lotura dauka; horregatik da interesgarria. Fikziozko errealitate bat da. Horregatik, irakurle askori begiak irekiko dizkio gasolina usaina duen errealitate batera hurbilduz. Hau dela eta, lan garrantzitsua iruditzen zait. Zenbait herritarren dinamika, apustu, bizitza erakusten du; militantzia erantzunarekin nahasten denean, bizitza eta gorrotoaren saltsa. Ekintza guztiek erantzuna izango dute. Eztabaidagarria izateko beste arrazoi bat. Idazlearen ibilbidean espero zen aurrerapausoa. Errealitate bakar bat erakusten du; bere munduaren irudi partziala kale hizkerarekin. 

Dena dela, arlo eta lan esparru askotan eztabaidatuko dute, gizartearen inkoherentziak erakusteaz gain, ezker abertzalearen inkongruentzien aurka egiten duelako. Arrats, protagonista,  BMW ikaragarri bat gidatzen duen neska batekin dabil; klase borroka beste egun baterako utzita? Ez, besterik gabe, egunero gertatzen den egoera ikuskatzen du. Kritika gogorrena drogaren aferarekin egiten du. Asko hitz egin da (eta asko hitz egingo da) horren aurka aurrera eraman beharreko kanpainen inguruan. Eztabaida luzaroan egon da mahai gainean, baina Silveirak droga kontsumitzaile moduan aurkezten ditu protagonista gehienak. Borroka eta droga elkarbizitzara kondenatuta daudenaren mezua helarazten du eta honek disputa dakar. Inkongruentzia berri bat sortzen da kontsumo honekin protagonistek, kokaina dutelako gustuko. Ez ziren ba anfetaminak? Irudi partziala, berriz. Kokainazaleak, beraz, polizia eta trapitxeroen aurkako afixak jartzen? Besteek militante mota gehiago daudela aldarrikatuko dute. Eztabaida irekia uzten du baina ez zaigu hain arrotza egin. Bitxia da droga kontsumoa erakusteko kokaina hautatu izana, iturri “ofizialek” beti anfetaminez hitz egin baitute. Tendentzia berriak diren edo Silveiraren karikaturizazioa den irakurleak baloratu beharko du.

Sexu arloan ika-mika sortu du zenbait pasartetan hiperboleetarako joera duelako. Ezin esan daiteke emakumea objektu moduan aurkezten duenik. Hala ere, erlazio pertsonalak ugariak dira eta protagonistak (gizona) hainbat emakumeekin ditu harreman sexualak. XXI. mendeko Don Juan Tenorio? Emakumeak jostailuak balira erabiltzen ditu aldi berean baitago batekin eta bestearekin. Horretaz gain, emakume horiek guztiek egiten dioten lehen gauza, gehienetan, zakila xurgatzea da. Zer nolako baloreak sustatzen diren liburuan zehar, hauen balorazioa, irakurleak pentsatu behar du, baina horrek ahoberokeriaren antza du.

Liburua gaztelaniaz idatzi izana da gehien leporatu zaiona. Dakizuenez, Silveirak nobela errealitatera are gehiago hurbiltzeko gaztelaniaz idatzi behar zuela esan zuen. Iritzi honekin bat ez natorrela esan behar dut, baina nire aburuz, fikziozko errealitate erreal bat da eta honen egunerokotasuna islatzeko beharrezkoa izan zitekeen. Istorioa Donostian, Gipuzkoako bi herritan eta Bizkaiko beste herri batean kokatzen da. Borroka gogor eta fikziozko bizitza baten narrazioa da. Horregatik ulertzen dut pertsonaien artean gaztelaniaz hitz egitea. Ritxi Aizpuruk idatzi zuen Iruñean “No hay tregua”, Gasteizen “Son las 8 y qué follón”, Irunen “En la línea del frente” eta Bilbon “A la mierda el País Vasco” abesten zirela. Lesakan “A las 8 en el bule”. Gure herriaren inkongruentziak direlako. Eta Azpeitian ulertu bada, ez zen hain erdara izango.

Aipatu behar da liburuak oso amaiera irekia uzten duela. Bigarren atal bat izango dugu laster salgai? Gazi-gozoa, etorkizuna borrokan igartzen duena. Silveirari ez zaio txapela kabitzen kresta erraldoia duelako.   

 

Silveira Etxeberria, Xabier

A las 8 en el Bule

139 orrialde

Txalaparta argitaletxea - Tafalla 2007

 


Utzi iruzkina: