Portfolio digitala hezkuntza eremuan. Zer da? Zer ez da?
23-24 ikasturtan EAEko hezitzaileon online prestakuntza masiboan ubideak dira protagonista. Guztietan, hasteko, eskaera bera hezitzaile orori: porfolio digitala sortu! Eta hor azaleratzen ari dira porfolioa zer den ulertzeko era ezberdinak. Goazen portfolioarekiko lehen hurbilketa egitera eta hainbat definizio iturrira, ea zer dioten!
Euskarazko Wikipediako porfolio artikuluak Berrigasteiz.com Ebaluazio hezigarria du erreferentzietariko bat, hor zehazten direlarik portfolioak izan beharreko atalak zein diren eta zer EZ den portfolioa:
- Ez da biltegi bat.
- Ez da bilduma huts bat.
Lehen hurbilketa gisa, artikuluak honako hau esaten digu: [1]
Portfolioa ebaluazio tresna konplexua da, bere baitan jasotzen baititu ikaskuntza prozesu osoa: nondik abiatzen garen (hasierako ebaluazioa), nora ailegatu nahi dugun (ikasleek eta irakasleek ebaluazio irizpideak eta adierazleak ezagutzea eta partekatzea, eta ikaskuntza prozesua planifikatzea), bidean izandako gorabeherak (feedback-a, akatsen kudeaketa) nora ailegatu garen (amaierako ebaluazioa) eta etorkizunean zer helburu berri izango ditugun. Portfolioan ikaskuntzaren ebidentzia aukeratuak jasotzen dira, ikaskuntza prozesuaren inguruan hausnarketa bultzatzeko, eta erakunde baten baitan dauden eragileen arteko komunikazioa sustatzeko.
UEUko Aitzol Astigarragaren aburuz, hezkuntza-testuinguruetan, portfolioa ikasleari irakaskuntzan egiten dituen ahaleginak eta emaitzak modu objektiboan dokumentatzeko eta erakusteko aukera ematen dion tresna da. Bertan, ikasleak, hausnarketa-prozesu baten bidez, jardueren kantitatea eta kalitatea deskribatzeko eta aztertzeko modua dauka, eta bere ondorioak babesten ditu dokumentu eta materialekin. [2]
Bestalde, Azahara Cuesta García, Mª Vicenta González Argüello eta Joan-Tomàs Pujolà Fontek azaltzen dute zergatik parekatzen den portfolio kontzeptua edukiontzi batekin. Izan ere, DRAEra joz gero: [3]
... Hizpide dugun terminoa, gaztelaniaz, portafolio, frantsesetik dator (portefeuille), eta honela definitzen da: liburuak, paperak, eta abar eramateko eskuzorroa. Definizio horrek portfolioa edukiontzi moduan ulertzearen ideiara hurbiltzen gaitu, eta portfolioaren kasuan, hezkuntzaren testuinguruan, prestatzen ari den edo jardunean den irakaslearen bizitzako une jakin bateko prestakuntza-prozesuaren ebidentzien multzo gisa uler daiteke. Agerikoa da gaur egun termino hori edukiontzi moduan ulertzetik haratago doala. (...) Karpeta hori dinamikoa da, gogoetatsua (prestakuntza-ebidentzia guztiak bere gogoetarekin batera doaz) eta, batez ere, ez da curriculum komentatua. (González eta Montmany, 2019, 12. or.)
Gainera, portfolioaren izaera dinamiko hori dela-eta, berau kokatzeko ingurune dinamikoan pentsatu behar da; horregatik da garrantzitsua portfolioaren izaera digitala, testu interaktiboa eta multimodala eraikitzeko aukera ere emango duena. Halaber, portfolio digital bat eraikitzea aukera ona izan daiteke komunikazio-gaitasun digitala garatzeko eta ikaskuntzako eta erabiltzaileen arteko praktika-komunitate bat sortzeko, esperientziak eta garapen profesionala ikuspegi horizontal batetik partekatze aldera. (Wenger, 1998; Murua et al., 2014)
---------------------
[1]Portfolio. Wikipedia, Entziklopedia askea
[2] Irakasbil | Prestakuntza-jarduerak | 1210 - Portfolio digitala, ikasketa autonomorako tresna
[3] Azahara Cuesta García, Mª Vicenta González Argüello eta Joan-Tomàs Pujolà Font. (2022). Irakaskuntzako portfolio digitala: irakasleen etengabeko prestakuntzarako ingurunea (ikasbil.eus) e-Hizpide, 100. zenb.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: