Materiaren egoerak, abortua, youtuberrak eta influencerrak ... ikasgelara

make@ni.eus 1620201767765 Hezitzaile bat sarean | 2022-06-29 20:03

make@ni.eus 1656004833579

Metafora adierazgarria bota zuen Baumanek bere momentuan:

Modernitate likidoarena bezalako mundu lurrunkor batean, non egitura bakar batek ere ez dion bere formari eusten konfiantza bermatzeko adina tartean, ezta epe luzerako erantzukizun batean kristalizatzeko denborarik hartzen ere, ibiltzea eserita egotea baino hobea da, korrika egitea ibiltzea baino hobea eta surfa egitea korrika egitea baino hobea.[1]

Metafora likido lineala, Scolariren aburuz, ez da nahikoa egungo errealitatea azaltzeko eta horregatik gaseosoaren hipotesia proposatu du. Kultura garaikidea hobeto irudikatzen da metafora gaseoso baten bidez, non milioika molekula erok elkar jo eta elkar errebotatzen duten; egungo snack kulturan nagusi dira iraupen laburra, miniaturizazioa, iheskortasuna, haustura, zatiketa, erremixmentagarritasuna, infoxikazioa, mugikortasuna, abiadura, eta abar. Bere hitzetan:

Metaforek pentsatzeko balio dute. Gasaren metafora hartuz gero, haratago joan gaitezke, eta pentsa dezakegu gizarte-bizitzak fase solidoak dituela, hau da, aldaketa geldiarazi eta dagoena sendotzea eta ugaltzea lehenesten duten uneak; fase likidoak, zeinetan helburu partekatu handi batera bideratutako desplazamendu eta eraldaketa kolektiboak ematen diren; eta gas-faseak, non hibridazioa, kaosa, zehaztugabetasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren. Era berean, ezin da baztertu gizarte batzuk fase batean murgilduta dauden bitartean, beste batzuk hobeto azaltzen direla beste metafora baten bidez. [2] 

Non kokatuko genuke AEBn gertatu berri dena? Abortatzeko eskubidea bermatzen zuen aurrekaria bertan behera geratu izana eta erabaki horrek eragin ditzakeenak. [3] Solidotzat zena, gaseosora pasatu? Egungo gaseosotik iraganeko solidotasunera salto? Edonola ere, sareetan gaia bolo-bolo dabil, zurrumurru hau barne: hilekoa monitorizatzen duten aplikazio mugikorretan biltzen diren datuak abortatu[ko] duten emakumeen aurkako epaiketa batean erabili ahal izango dira. Ezabatzeko unea iritsi da. [4] 

Scolarik dio sare sozial digitalek, bitarteko bat baino gehiago, metamedio bihurtu direla eta etengabe sortzen dituztela esperientzia eta komunikatzeko modu berriak. Unibertso digital horretan sortzen, frogatzen eta legitimatzen direla komunikatzeko modu berri gehienak, transmedia meganarrazioen jatorrizko salda direla, askotan zati horiei zentzu berria ematen dietenak. [2]

Lehen Hezkuntzatik aurrera, youtuberrak eta influenzerrak bihurtu dira ikasleentzako erreferente beren sozializazio eta identitateen eraikuntzaren prozesuetan. Adinkide edo parekoen antzera, youtuberrak eta influenzerrak sinesgarritasuna aitortzen dieten figurak dira eta, ondorioz, eredu. [5] Hezitzaileontzat, balio pedagogiko handikoa izan daiteke sarean kontranarratiba digital kritikoak sortzen dituzten aktibista gazteak identifikatzea, askotariko ahotsak, estiloak, izaerak, gorputzak, diskurtsoak sekuentzia didaktikoetara eramatea; baita, heteropatriarkatuaren mezulari direnak ezbaian jartzeko aukerak sortzea ere. Zer esanik ez, gu geu ere, sareetan aktibo jardutea ildo kritiko beretik; berriki Arantza San Sebastianek elkarrizketa batean hauxe zioen eremu digitalean espazioa okupatu beharrari buruz: [6]

 

[1] Bauman, Zygmunt. (2017). Los retos de la educación en la modernidad líquida (1.a ed.). Gedisa Mexicana.   https://ciec.edu.co/wp-content/uploads/2017/06/Bauman-Zygmunt-Los-Retos-De-La-Educacion-En-La-Modernidad-Liquida-1.pdf 

[2] Scolari, Carlos. (2021). Adiós sociedad líquida. Bienvenida sociedad gaseosa. Hipermediaciones.    https://hipermediaciones.com/2021/08/13/adios-sociedad-liquida-bienvenida-sociedad-gaseosa/

[3] Eizagirre, E. (2022). Abortatu duten emakumeak jo-puntu bihurtzen dituzte hilekoaren kontrola daramaten app-ek. Argia. https://www.argia.eus/albistea/abortatu-duten-emakumeak-jo-puntu-bihurtzen-dituzte-hilekoaren-kontrola-daramaten-app-ek 

[4] Cadenas, J. F. (2022). Por qué recomiendan borrar las apps que registran los ciclos menstruales tras la sentencia del Supremo sobre el aborto en Estados Unidos. Newtral. https://www.newtral.es/apps-menstruacion-aborto/20220628/ 

[5] Gutiérrez-Arenas, María del Pilar y Ramírez-García, Antonia. (2022). El deseo de los menores por ser youtuber y/o influencer. Narcisismo como factor de influencia. Pixel-Bit. Revista de Medios y Educación, 63, 227-255   https://recyt.fecyt.es/index.php/pixel/article/view/92341/67684  

[6] Goikoetxea, J. (2022). «Gaur egun dena kontsumitzen dugu. Berdintsu gertatzen da hezkuntzarekin». Berria. https://www.berria.eus/paperekoa/1942/038/001/2022-06-12/gaur-egun-dena-kontsumitzen-dugu-berdintsu-gertatzen-da-hezkuntzarekin.htm 


Utzi iruzkina: