Zer da Herripublika? Aurkezpena

herripublika 1456135366929 HERRIPUBLIKA | 2007-12-28 13:46

Herri+publika hitz jokoa erabiliz ez dut blog honetan herrietara bakarrik mugatzeko intentziorik. Herri zein hiri, Euskal Herri zein Euskal Hiri, konnotazio zein biztanlego kopuruaz haratago, lurralde eremu berberari buruz arituko naiz. Atxagaren Euskal Hiri kontzeptua gustoko dudan arren, zerbait erreala baino helburu bezela ikusten dut.

 

Herripublikak Errepublika hitzaren antza handia izanda ere, blog hau ez da gobernu forma horren aldeko alegato bat. “Res publica” espresioak (errepublikaren jatorri etimologikoak) erromatarren garaian Gauza Publikoa adierazi nahi zuen (kaleak, zubiak, errepideak etab), hau da, interes publikoko edozer. Ondorioz, konnotazio hauen tarteko Estatuarekin ere identifikatu zen Res Publica, gobernu forma edozein izanik ere.

 

Blog honetan arlo publikoan eragina duten eta gure gizartea eta bizimodua moldatzen duten hainbat gai jorratuko dira, esaterako ekonomia, lana, lan harremanak, ingurugiroa, azpiegiturak, garapen politikak, hirigintza, lurralde antolaketa etab. Hau da, ahalik eta laburren esatearren Lurralde Garapena da leit motiv-a

 

Badakit helburuak handianahikeria kutsua duela. Nire xedea aldiz xumea da, aldez aurretik ere badakidalako ezin izango diodala hainbeste frente desberdini aurre egin. Gaurko eta biharko bizimoduan eragingo diguten ideia gutxi batzuei buruz gogoeta eragitearekin konformatzen naiz. Gainera irakurkerik ez badut ere, ez naiz larrituko, gutxienez neure burua ordenatzeko ziur baliogarri izango zaidala idaztea.

 

Herripublika terrminoak gainera, arestian esan dudanaren aurka, badu Errepublikarekin antzekotasunik. Historikoki, sistema polítiko honen oinarrian herritarren partaidetza egon da, beraz Web 2.0 delakoarekin uztartzeko aukera aproposa ematen dit.

 

Aurkezpenak alde batera utzita ea ahalik eta azkarren sar naitekeen mamira!


Utzi iruzkina: