Liberté, Egalité et Fraternité
Liberté, Egalité et Fraternité
Artikulu honen titulua irakurrita norbaitek pentsatuko du Ilustrazio edota iraultza frantsesari buruz hitz egitera noala, baina ez da horrela. Gaurko artikulu honetan internet sarean ematen ari den iraultza izugarri interesgarri bati buruz hitz egingo dizuet.
Berria egunkariak pasadan egunean O’Reilly jaunari elkarrizketa irakurri ondoren ideia eta sentsazio ugari etorri zaizkit burura. Elkarrizketa horretan, elkarrizketatuak batez ere Web 2.0 fenomenoari buruz hitz egiten zuen, orain dela oso gutxi interneten zabaldu den jarduteko kontzeptu berria, hain zuzen ere.
· Zertan datza Web 2.0?
Nire ustez, web 2.0 kontzeptuan oinarritutako web guneek dituzten ezaugarri garrantzitsuena beraien izaera interaktiboa da. Alde batetik, horrelako aplikazio informatikoak diseinatzerako orduan erabiltzaileon beharrak eta lehentasunak kontutan izaten dira, erabilera ahal den guztia errazteko. Bestaldetik, sofware hau kasu gehienetan librea izaten da eta sortzaileak erabiltzaileon kritikak eta iradokizunak jasotzeko beti prest egoten dira. Horrela, guztiok irabazten dugu; erabiltzaileok gure beharrak hobeto asetzen ditugu, sortzaileei beraien webguneak hobetzeko aukera aparta luzatzen zaie, eta internet komunitateak ere irabazten du sareko baliabideak azkarrago eta hobeto garatzen direlako.
Gainera, Web 2.0 orrien atzetik oso helburu polita ikusi dezakegu: erabiltzaileon iritzia, esperientziak, musika, bideoak… besteekin konpartitzea. Honi esker, munduko beste sarelariekin gure ikuspuntua bakarrik konpartitu ez ezik, izugarrizko komunikazio fluxua eratzen dugu. Azken finean, anaitasun, askatasun eta berdintasunean oinarritutako gizarte birtuala sortzeko aukera paregabe baten aurrean gaude.
Ondorio positiboak erraz antzeman daitezke: askatasuna gure ideiak adierazteko, berdintasuna munduko pertsona guztion artean eta azkenik, komunitate birtual sendo bat sortzeko aukera aparta. Web 2.0 mugimenduak eskuragarri jartzen dizkigun aukera multzoari etekina atera behar diogu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: