Berriaren estilo liburua

No profile photo hermes noraezean | 2007-01-26 13:45

Berriaren estilo liburua

 

 

Albiste onak euskaraz idazten dugun guztiontzako, Berriak bere lehen estiloa kaleratu du. Niri behintzat, askotan gertatzen zait euskaraz idazterako orduan ideia batzuk adierazteko zalantzak edukitzen ditudala. Lexiko kontua denean, arazoa erraz konpondu daiteke, konponbidea edozein hiztegian bilatu dezakegulako batez ere. Berdina gertatzen da gramatika arazoa denean. Benetako arazoak etortzen dira gure zalantza espresioarekin erlazionatuta dagoenean.

 

Gaur egun arte, espresio zalantzak argitzeko nik bi tresna nituen. Bata nik baino gehiago zekien pertsona bati galdetzea zen. Bestea, euskalterm webguneak zalantzak argitzeko eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzea zen. Aukera hauek erabilgarritasuna maila mugatu bat dute, eta askotan nire dudak argitu beharrean, buruhauste gehiago sortzen zaizkit. Hau da, ez dira oso efektiboak.

 

Orain aipatu ditudan arazoak konpontzeko Berriak bere estilo liburua plazaratu ditu. Lehen esan dudan bezala, euskaraz idazten dugun guztiok erabili ahal izango dugu, izan ere, gu guztioi zuzendutako liburua da eta Euskal Herriko edozein liburu dendan topatu dezakegu.

 

Horretaz aparte, euskaraz dotore idazteko aholkuak eta erreferentziak topatu ditzakegu. Hau benetan interesgarria da, azken finean guztioi gustatzen zaigu testu erakargarriak idaztea ez bakarrik edukiagatik, baita ere estiloagatik.

 

Artikuluak esaten duenaren arabera, idazterakoan arauak zaintzearekin batera, hizkera ere kontutan izan behar dugu.  Hortaz, estilo liburu honek inmigrazioaz, sexu askatasunaz eta emakumeen kontrako indarkeriaz idazteko ohartarazten digu.

 

Konklusio gisa euskal komunitate barruan gauden guztiontzako liburu hau oinarrizko baliabidea bilakatuko dela esango nuke. Nik, pertsonalki, ahal dudan bezain pronto nire herriko liburu dendatik pasatuko naiz bat erostera.


Utzi iruzkina: