Eguberri on-edo
Gabonetan inoiz baino gehiago sentitzen da bakardadea, neuk behintzat bai.
Nire familian maite ez nauten pertsona batzuk daude (edo nik hala sentitu eta pentsatzen dut bederen), eta haiekin egon behar dut gaur. Afaltzeko ilusiorik ez, inorekin elkartzeko gogorik ez.
Lagun gehienak haien seme-alabak hazten (batzuk haien senarrak ere hezi behar dituzte). Inoren mezurik ez, inoren deirik ez.
Oso zaila naiz opariak jasotzen eta, hortaz, jasotzen ditudan opariak gustatu egiten zaizkidala antzeztu beharko dut, bai baitakit, aurretiaz jakin ere, ez zaizkidala gustatuko, eta nire inguruko pertsona maitatuei minik ez emateko esan beharko dut gustatzen zaizkidala. Eta orduan, horra hor, ez Olentzero ezta Mari Domingi ere, horra hor nire begien aurrean egia berdaderoa: inork ez badit nire gustuko oparirik egiten, inork ez badu asmatzen, bada orduan ezagutzen ez nautelako izango da. Ez naute ezagutzen, ez dakite ni zinez nor naizen, zer gustatzen zaidan, zerk pizten didan barruko sua, zerk pizten nauen. Eta inork ezagutzen ez nauenez, esan dezakegu bakarrik nagoela. Horixe ene bizitzako konstantea, horixe nire bizitzan jarraitu nauen ezaugarria. Bakar-bakarrik nago. Eta beste garai batzuetan kudeatu nezakeen arren, orain kosta egiten zait. Eta neure buruari galdetzen diot zer egiten dudan hemen, bi zentzuetan. Modu filosofikoan eta modu zehatzean.
Bizitza osoa eman badut jende berberarekin inguratuta eta inork ez badu nire opariekin asmatzen, orduan inork ez daki nor naizen. Bizitza oso bat harreman sozialak izaten eta zertarako eta ezertarako ere ez. Putza. Ta hementxe gaude.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: