Eskola: heziketa edo lan mundura begira?

Ondorengo testu hau "Sociologia de las instituciones de educacion secundaria" eta nere gogoeten emaitza labur bat da.

 Eskoletan ume nahiz gazteak gizarteko erlazioen antzekoak diren egoeretara ohitzen dira, autoritate bat ezarriz, organizazio ohiturak ezarriz, ebaluazio sistema inposatuz eta konpetentzia bultzatuz besteak beste. Baina merkatuan lan denak ez direnez berdin, batzuek aginduak bete soilik egiten dituzten bitartean beste batzuek autonomia dute, eskolak piramide itxurako antolaketa izan behar du bakoitzari etorkizunean izango duen lanpostuaren araberako sozializazioa eskaintzeko. Bestetik, guztiek aukera berak izateaz arduratu behar da eskola, beraien lorpenen araberako banaketa emanez.

Hezkuntzaren benetako proposamena, pertsonak heztea izatetik, hauek lan mundu kapitalista eta konpetente batetara egokitzea bihurtu da. Heziketa honetan arrakasta izaten badugu gure bizitzan zehar zoriontasun materiala izango dugula ziurtatzen da, ordea, ez bada arrakastarik lortzen, lan eskergak egitera kondenaturik egongo gara, gizarte maila txiroenen parte izanez. Honek, hezkuntzaren gaur egungo balore eta izaerak gogor kritikatzera bultzatu beharko gintuzke.

Eskolatan lanarekin zerikusirik ez daukan edozer gauza kanporatua izan ohi da. Horrela, hezkuntza sistemaren antolaketak lanarenaren antzekoa izan behar du (ordutegiak esaterako), lanaren diziplina barneratzea ahalbidetzeko. Lanpostu iraunkorrak eta baita lanpostuak ere urritzen joateak orden sozial eta eskolarra sortzeko aitzakia paregabea dira.  Orokorrean, eskolaren lehen mailatan ematen den kalifikazioen araberako aukeraketa ondoren gizartean islatzen da.

Guztion aukerak berdinak diren gizarte materialista batean, gizarteak berak pertsona bakoitza bere lorpenen arabera sailkatuko dituela uste dute Parsons eta Durkheim-ek. Honen harira Dukheimen-ek uste du Estatuak zuzendutako hezkuntzan lan banaketa oinarri duen gizartea onartu eta bere baloreak onartzen dituzten pertsonak hezi behar direla, horren araberakoa izango baita pertsonen zoriontasuna. Ez hori bakarrik, bere iritziz eskolak pertsonen gaitasunen arabera lan merkatuko postu hierarkiko ezberdinetarako trebatu behar ditu ikasleak. Parsonsen esanetan, famili edo gizarte giroko heziketa berezitzailea den bitartean, eskolakoa unibertsalista da.

Gainera, eskolan abstraktoa praktikoaren gainetik irakasten da, hau da eguneroko bizitzatik urrun dauden gauzak irakasten dira, horrela ikasleek eguneroko gai hauen inguruan duten aurreiritzi edo jakintasuna alde batera usten da. Bestetik, eskolako interes teknikoa dela eta, ikasleei ematen zaizkien problemetan inguruneak aurrez manipulatu egiten dira, horrela aurkeztutako informazioa tratatzeko ez dago betarik elementuen erlazio zuzen eta deduktibo bat ezartzen baita (problemek aurrez erabakitako emaitza dute). Interes praktikoak berriz ulergarritasuna dauka helburu nagusi, ingurunea ulertu honen arabera jokatzeko eta ez aurrezarritako ingurune baten arabera. Interes praktikoko ariketa egoki bat zera izan liteke, gaztetxoei azokako prezioen taula bat eman eta honen arabera aste osorako erosketa orekatu eta osasuntsu bat egitea diru jakin batekin. Honela aurrek beraien arrazonamendu eta abileziak erabili beharko lituzkete, baita eragiketa matematikoak ere eta bizitza osasuntsu bat egiteko zein elikagai diren egokiak eta zein neurritan ikasiko lukete. Honek gaur egun garrantzia handia du, sukaldean gero eta denbora gutxiago pasatzen baita eta jakien kalitatea okerragoa baita. Honekin erlazionaturik, umeen jolas kooperatiboak aipatu beharko lirateke, honekin inor ez baita baztertua sentitzen, inork ez baitu irabaz ez galtzen.

Eskolan irakasten den materia egokiaren aukeraketa oso garrantzitsua da. Badaude lau azpimarragarriak direla eta irakatsi beharko liratekeela. Lehena, legeei dagokio, hauen ezjakintasunak ez du esan nahi betetzen ez direnik, baizik eta pertsonak bere eskubideak ez dituela ezagutzen. Beste bat, komunikabideena da, telebista bezalako medio indartsu baten aurrean ordu asko pasatzen dira eta honen neurriko erabilera egitea beharrezkoa da. Prentsari dagokionez, eskolan gaztetxoak eguneratuta egoteko nahitaezkoa litzateke honen presentzia. Azkena, lan munduaren ezagutza da, honek eskolan apenas baitauka presentziarik. Eskola teknologiaren mundura kontsumitzailearen ikuspuntutik hurreratzen da eta ez langilearen ikuspuntutik. Etxeko lanen egoera okerragoa da, hauek ez baitute inolako lekurik eskolan.

Ondorio bezala, esan daiteke eskolak bere lehen helburuan, jakinduria transmititzean alegia, porrot egiten duela. Jakinduria esamenak pasatzeko balio duen gauza soil bat bezala kontsideratzen da. Nabarmendu beharra dago egungo ikasleek irakurtzeko inoiz baino ohitura gutxiago dutela. Azkenik, esan beharra dago eskolan kultura ezberdinek bat egiten dutela, horregatik jakinduria hauen ingurunearekin erlazionatu gabe transmititzeak ez duela emaitza onik erakusten


Utzi iruzkina: