LOTURAK
Loturak (DV, 2007-05-05-02)
Komunikazioa ona da, baina loturak sortzen ditu, eta loturek askatasuna kentzen dute. Interneti esker jende askok hartu du lagunekin hartu emanak izateko ohitura. Garai batean eskuz idatzitako gutunek betetzen zuten tokia hartu du sareak, eta askoz modu azkar eta merkeagoan. Korreo elektronikoari esker munduko edozein bazterretan bizi den lagunari kaixo esan ahal diozu, zure bizitzaren azken kapitulua kontatu eta argazkiak bidali ahal dizkiozu. Eta hori guztia segundu gutxiren buruan eta debalde. Baina hemen ere badago koska txiki bat, loturarena hain justu. Zeren, nik ohitura daukat mezu bat jaso eta berehala erantzuteko. Ez naiz mezua irakurri eta handik bi ordu eta bi egunetara erantzuten duten horietakoa. Ohitura baino ia mania dela esango nuke. Kontua da beste horrenbeste eskatzen dudala besteen aldetik ere. Alegia, nik mezu bat bidaltzen dudanean berehalako erantzuna izan nahi dut. Eta ernegatu egiten naiz hala ez bada. Pentsatzen hasten naiz ea lagun horri ez ziaon batere inporta ni zain egotea, errespetu falta iruditzen zait zain egon behar hori. ez da zilegi, badakit. Akaso mezua ez zaio une egokian iritsi. Gerta daiteke une horretan interneten sartuta ez egotea. Edo izan ahal da beranduago erantzuteko erabakia hartzea. Besterik gabe.
Harremanek horixe dute, zuk ematen duzuna eskatzen duzula maiz, eta hortxe dago koska. Bakoitza den bezalakoa dela, eta komunikazioak ere, aurrera egingo badu aske behar duela izan. Loturek askatasun falta dakarte. Eta askatasunik gabeko harremanek ez dute irauten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: