asmakizun bat

hankazgora 1456135258954 * BIZIPoZ KuTSAKOrrA | 2006-10-08 03:43

Gaur asmakizun bat jarri behar dizuet: zer da jateko erosten duguna baina jaten ez duguna? A, mesedez, dakienik baldin bada, ez dezala esan (ohar tipiko bezain absurdoa). Gaizki erantzutea bakarrik da libre.
Gu ikastolan gebiltzanean ere libre zenez oker erantzutea, munduan zirenik eta erantzunik aldrebesenak eman genizkion hori galdetu zigun andereñoari. Ibanek "banana azala"erantzun zuen, besterik ezean. Txominek "Emakumeek txokolatea" sartu zion ziria erregimenean zegoen andereñoari. Aretzek "espinakak" bota zuen, Didik, "txuletaren hezurra", eta Kepak "telebista". Orduan ere Ekaitzek izan zuen pikardiarik handiena: "zer da jateko erosten duguna baina inork jaten ez duena? erraza! kantinako janaria!"
Urte luzeetan aritu naiz asmatu nahi eta ezinean. Etxeko armairuari zazpi buelta eman dizkiot, supermerkatuko apalei hamaika, eta buruari mila. Eta ezin asmatu, hala ere, jateko erosten dugun eta jaten ez dugun hori. Azkenean, asmatu dut. Asmatu dut zergatik ez dudan asmatzen. Hizkuntza batek hitzak ditu. Eta hitz horiek (adierazleak) hitz horien esanahiarekin/objetuarekin (adieraziarekin) lotzen ditugu. Adierazlea belarrietara datorkigunean, adierazia datorkigu begietara. Hitza ikusten dugu. Hitzik ez dagoenean, ordea, ezindugu ikusi. Objetua bera, bai, ikus dezakegu, begi aurrean dugunean. Baina begi bistan ez dugunean, nekez datorkigu gogora, ez dagoelako hitzik hura etengabe gogoraraziko digunik. Ez dugu loturarik. Eta gure euskaran hori gertatzen da jateko erosi arren jaten ez dugun horrekin.
Asmakizunaz ahantzi eta jar dezadan teoria korapilatsu hau adibideetan. Amak otordurako mahaia jartzeko agintzen didan bakoitzean arazo bat izaten dut. Lan egin beharraz gainera, beste arazo bat. "platerak, sakonak edo azalak?" galdetzen diot aurrena, eta horra arte dena ongi. Baina platerak tresnaz inguratu behar ditudanean, hitzik gabe gelditzen naiz. Mahai tresnak hitz konposatu artifizial bat da, etorkizunik ez duena. Kubiertoak eta couvert-ak esatea euskarari ostikada bat ematea da. Eta erremintak orokorregia da. Orduan, beti berdin egiten dut. Direlako horiek jarri gabe uzten dut mahaia. Amak jarriko ditu.
Erremintak aipatu ditut. Baserrian bada hamaika erreminta. Hamaika bada, eta ez da bat bera ere izango alferrik sortua. Ezta alferrak sortua ere. Baserri lanerako beharrezkoak zirelako sortuko zituen norbaitek. Bai laia, bai goldea, bai aitzurra, eta bai beste denak. Izendatzeko hitza ere erremintarekin batera jaio zen. Eskutan ez ezik, mingainean ere erabil genitzan.
Tresna horiei lanabesak esaten zaie. Hara! lanabesak entzun dudanean, hoskidetasunak, janabesak utzi dit mingainean. Janabesak. Jakina, xuxen nazkagarri honek gorriz azpimarratzen dit hitza: janabesak ez da existitzen. Hau asmakizun bat da.


                                       Amets Arzallus (Berria)



   ...ta bihar ere, hemen izango nauzu...


Utzi iruzkina: