Gasteizko gaztetxea

gztx 1456135228855 Gure etxea gaztetxea | 2008-11-14 12:18

Gasteizko Gaztetxea

 

Gasteizko Gaztetxea Gasteizko (Araba) Alde Zaharrean kokaturik dagoen gaztetxea da. Gasteizko Gazte Asanbladak kudeatzen du.

1988an sortu zen eta harrezkero leku berean jarraitzen du. Hala ere, Gasteizko alkatea zena Alfonso Alonsok PERI deituriko proiektua abiarazi zuen orain Patxi Lazcozekin proiektua jarraitzen du eta horrek Gasteizko Gaztetxearen eraistea ekarriko luke.

 

Historia

Sarrera

1986 aldera "Asociación Cultural de la Zapa" sortu zen Gasteizko Zapateria kalea inguruan, talde hau kontzertuak, protesta ekitaldiak, erakusketak... antolatzen jardun zen. 1987ko uda errepresibo gogorraren ostean, urrian hain zuzen ere, gazte autonomo-libertario talde txiki bat biltzen hasi zen

Gasteizko gazteriaren egoeraren inguruko hausnarketa sakon bat egiteko asmoarekin, baita egin ere. Errepresioaren eta gazteriaren analisi honetatik bi ondorio eta motibazio atera zituzten:

  • Gasteizko Udaltzaingoaren pausu errepresiboa, Espainiako Polizia Nazionalarekin batera elkarlan estuan arituz.
  • Zuzenean eragiten zieten arazoen aurrean Gasteizko gazteriak zuen antolakuntzaren beharra:
    • Etxebizitzaren garestitzea, gazteek bat lortzea ezinezko egiten zuena.
    • Euskal Herrian zehar, jada, hedatzen hasiak ziren lokal autogestionatuen falta, gaztetxe bat.

Gasteizko Gaztetxearen jaiotza

Azkenik, 1988ko apirilaren 28an, San Prudentzio egunean, 250 bat lagun atera ziren manifestazioan Fariñasetik eta gaur egun Gasteizko Gaztetxea dena okupatu zuten.

Egun horretan 300 bat lagun elkartu ziren apezpikuaren jabegoko "Lorazainaren etxean" batzarra burutzeko eta garbiketa, prentsa eta obretako taldeak sortu zituzten baita lanari ekiteko hainbat lan talde sortu ere: informatiboak, ekintzak prestatzekoak, lantegienak, etab. Eraikin barnean zeuden ehunka kilo zabor atera ziren eta erresistentzia sistema antolatu. Lehenengo hiru asteetako gauetan 20 bat pertsona lo egitera gelditu ziren bertan, arrisku handiko egunak baitziren. Lehen hilabetean batzarrak egunero egiten ziren. Apezpikuak sinaturiko kanporatze mehatxuarekin etorritako pertsona batek berehala alde egin zuen hainbeste jende ikusita, harriturik. Poliziaren bisita ere egunero izaten zen baina ez ziren ezer egitera ausartu taldearen sendotasunaren aurrean. Auzokideen laguntza ere izan zuten, erratzak eta garbitzeko tresnak eraman zizkietelarik..

Gaztetxearen lau etapak

Lehenengoa

Lehenbiziko urte eta erdian ekimen ugari burutu ziren, egunero jardueraren bat eman zelarik: kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, etab... Hauetaz gain beste era bateko ekintzak ere egin ziren, adibidez: 88.eko abuztuan, Gaztexean, 1. Jai Alternatiboak antolatu ziren arrakasta izugarriarekin; "anti-gabonak" egin ziren; Gaztetxearen "aste ateo"ak partaidetza handia izan zuen; material mordoa atera zen; Herrera-ra martxarako autobus bat antolatu zen Gaztetxeko jendearekin...

Baina bolada txarrak ere izan ziren hasierako urte haietan. Gaztetxeko asanbladetan hainbat eztabaidatu ostean heroinaren trafikoa eta kontsumoa arazo pertsonala ez ezik, gizartean gero eta mingarriagoa zen arazoa zela ondorioztatu zuten, haatik, arazo honen aurrean zerbait egitea erabaki zuten auzo elkartearekin batera, Alde Zaharreko Drogen Trafikoaren Aurkako Koordinakundean. Lan nekezaren ondoren eta trafikanteengandik makina bat mehatxu jasota, egoerak hoberantz egitea lortu zen, auzokide askok begi onez begiratu zutelarik Gaztetxea orduan, bertako kideak ekintza hauen bultzatzaile bakarrenetarikoak izan baitziren.

Bigarrena

Hau izan da gutxi gora behera Gaztetxeak bizitako lau etapetatik lehenenbizikoa. Lehen etapa aberats honetan jendearen arteko erlazioa oso ona izan bazen, denborak aurrera egin ahala okerrera jo zuen: hasierako asanbladak nahiko konfliktiboak izan ziren, aurreko prozesuan parte hartu ez zuen hainbat pertsona bildu baitzen Gaztetxean eta ikuspegi askoz kaotiko eta indibidualistagoa baitzeukaten. Gaztetxeari buruzko ikuspegi ezberdinak azaleratu ziren orduan: etxe okupatua ala kolektiboentzako lokala (Gaztetxea bitartekotzat ala helburu) atxikimendu politikoaren araberako "familia"-k, lan intelektuala eta eskulanaren aldekoen arteko tirabirak. Hala ere, giza arloan, kulturalean nahiz politikoan egin zen lana etengabekoa izan zen. Azkenean, kideen arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa izaki apurketa bat eman zen, 30 pertsona edo, Gaztetxetik joan zirelarik.

Hirugarrena

Era honetan, egoera lasaitu zenerarte bi urte pasa ziren eta orduan hirugarren etapa hasi, trantsiziozkoa: Bi urte lehenago alde egindako zenbait pertsona bueltatu ziren eta jende berriarekin lan eta esfortzu handia egin zuten, jende zaharrenak gazteenari Gaztetxearen antolamenduaren eta beste hainbat konturen berri eman behar zion, eta hori egunez egun egin beharreko lana zen.

Gaztetxea dagoen tokian aparkaleku bat eraiki nahi zuten eta honetarako etxea bota. Gaztetxea kokatzeko beste toki bat eskaini zuten, Korreria kalean eta Gazte Asanbladak barne eztabaida luzeak izan zituen, bi jarrera nabarmenduz: batetik, muinoan azken muturreraino eusteko prest zegoen jendearena, eta bestetik, Udaletxeak handik botatzeko medio guztiak eskura zituela eta nahi izanez gero botako zituztela pentsatzen zutenena. Azken ideia hau izan zen nagusi eta beste lokal bat lortzeko akordio horretara ailegatu ziren Udaletxearekin, baina akordioa adosturik zirudienean inguru hartako auzokideen kexak eta oposaketak hasi ziren. Interes politikoak ere tartekatzen omen ziren.

Laugarrena

Laugarren etapa etorri zen gero, 1994. urte inguruan, belaunaldi berri baten sarrerarekin. Udaletxearekin pixka bat ahazturik eta eguneroko dinamikak alde batera utzi gabe (kontzertuak, erakusketak, jaialdiak, antzerkiak, …) beste arlo batzuk jorratzeari ekin zioten kementsu. Presoen borrokak garrantzi handia hartu zuen garai honetan zenbait asteburutan hiriaren erdialdera jaitsi zirelarik presoz mozorrotuta, Gasteizko zein Arabako presoen argazkiak gorputzean pegaturik zituztela, batzuk kalean geldi-geldirik, besteak presoen egoeraren berri ematen zuten panfletoak banatzen. Beste batzuetan, kate handi batez loturik eta aurretik azaldutako mozorroekin jantzita, hirian zehar ibili ziren, harridura aurpegiak sortaraziz.

Azken urte hauetan lana bi arlo nagusitan banatu dute: batetik, etxearen mantenu lana eta bestetik, lan sozio-politiko eta kulturala. Mantenuari dagokionez, bai bere ekimenei, bai kanpotik etor daitezkeenei erantzuteko etxea egokitzea izan da helburu garrantzitsuenetako bat. Urteen joan etorriaren poderioz asko eta asko izan dira egin behar izan dituzten lanak: teilatu berria jarri, gela guztiak konpondu eta berrantolatu, taberna eta liburutegia (aspaldiko proiektua) egokitu, tximinia, eszenatokia, …

Hau guztia, daukaten espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko. Lan sozio-politiko eta kulturalean, berriz, etxebizitza duina eta okupazioaren aldeko hainbat ekimen (kale antzerkiak, okupazio sinbolikoak, jaialdiak, salaketak), ideologi ikastaroak (komunismoa, kapitalismoa, mugimendu autonomoa, faxismoa, feminismoa eta anarkismoa), "errokodromo txikia", Arabako Gazte Asanbladen koordinadorari bultzada, ... Hau guztia eta gehiago astero astero eskaintzen dituzten kontzertu, antzerki eta antzekoez gain.

Urte batzuetatik hona Gaztetxea dagoeneko eraikinaren jabego ofiziala Udaletxearena da. Garai batean elkarrekin bilera batzuk izan zituzten, Udalak hala eskatuta, jabegoa uztea ere planteatu zietelarik baina jartzen zizkieten baldintzak ez zituzten onartu eta bere horretan jarraitzen du. Gaur egun, ez dute inolako harremanik mantentzen gobernuan dagoen taldearekin.

 

gaztetxea_foto_01[1]


Utzi iruzkina: