Arrigorriagako gazte asanblada
Arrigorriagako
gazte asanblada
Arrigorriagako gazteek, herriko kuartel zaharra
okupatu zuten. Okupazio batek dakarren urduritasun, ilusio eta determinazio sentimenduz
beterik ziurrenik. Okupazioaren abiapuntua argia zen:
Udalak, PNV-ko Alberto Ruiz de Azua-ren gidaritzapean,
gazte-gune barneko gelatxo bat eskaini zigun. Garen guztiontzako txikia izateaz
gain, baldintza batzuk jarri zizkiguten: lokaltxo hau ezin zen manipulatu,
alegia, ezin ziren barnean tabikazioak egin, ezin zen barrarik jarri, ezin
genuen gure gustura apaindu..., udaletxekoek, kultur etxekoek, eta abarrek
bertako giltzak izango zituzten, nahi zutenean "behar besteko"
inspekzioak egiteko...
Baldintza hauek ezin ziren ulertu guk planteatzen
genien proiektuaren barnean, eta nahiz eta gu arrazoitzen saiatu, ez zuten
inongo ekarpenik onartu, behin eta berriz ezezko harroputzak ematen
zizkigutelarik. Negoziaketa hauek etetea erabaki genuen, aurretik esan geniena
berraipatuz: Zuengandik ez dugu lokal duinik jaso,beraz, okupazioa da daukagun
alternatiba bakarra.
Hitzetatik ekintzetara esango genuke euskaldunok. Eta
halaxe egin zuten Arrigorriagako gazteek. Herriko kuartel zaharrera abiatu eta
bertan sartu ziren behar duten gaztetxea gorputzeko asmoz. Udalak ordea parke
bat eraiki nahi omen du bertan. Gazteek honen aurrean ere mezu garbia luzatu
dute:
Herri hontako gazteriak esana: Hemen ez da parkerik egongo,
behintzat guk arazo honekin jarraitzen dugun bitartean. Hortaz, gaurtik
aurrera, gune askatu eta hemendik aurrera aske hau, herriaren esku jartzen
dugu, gazteriak eta herriak benetan dituen arazoei heldu eta aurre egiteko.
Desalojoa ordea astelehenean heldu zen jendarte honen
ongizatearen izenean legea betearazteko konpromiso irmoa hartu duten
txapelgorri eta udaltzaingoen eskutik. Hasieran mazo batekin saiatu ziren atea
behera botatzen, azkenean motozerrarekin amaitu zuten. 8 gazte identifikatu
zituzten. Desalojoaren aurretik gazteek beste behin ere argi hitz egin zuten:
botatzen bagaituzte, jotzen bagaituzte, isunak jartzen badizkigute, epaituak
bagara... zu, Alberto Ruiz de Azua, zu izango zara erantzule eta errudun
bakarra.
Halaxe, "erantzule eta errudunarengana" jo zuten
gazteek udaletxera. Alberto Ruiz de Azua alkatea ordea ez omen zegoen bertan,
eta inork ez zekien noiz iritsiko zen. Gainera telefonoa ere ez omen zuen
hartzen. Eta halako erantzunen atzean askotan ezkutatzen den egiarekin egin
zuten topo gazteek: hain ausartak diren politikari eta kargu garrantzitsuak
dituzten pertsona hauek, biziki lanpetuta bizi direnak noski, ez dakite
aurpegia ematen eman behar dutenean. Izan ere alkate jauna Zaratamoko (alboko
herriko) kafetegi batean egon omen zen luzez kafea hartzen.
![info2006710600812287644136057460.sized[1]](http://farm4.static.flickr.com/3152/3061559376_ed2541738f_o.jpg)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: