Blogaren aurkezpena

guzurtruk 1456135213698 Guzur truk | 2009-02-17 09:55

NOR GARA GU, ZER GARA GU

 

Ongi etorri Guzur truk-era! Ulibarri izeneko Hizkuntza Normalkuntza Proiektuan esku hartzen dugun Aiaraldeko zenbait ikastetxetatik abian jarritako blogean zaude.

Proiektuko Bigarren Hezkuntzako batzarretan koordinatzen hasi ostean, eskualdeko 4 ikastetxek (Amurrioko Birjina Haurra eta Zaraobe nahiz Laudioko Aiala Kantzelaria eta Milagrosa) bultzatutako bloga duzue. Egitasmoa aurrera joan ahala espero dugu eremuko beste ikastetxe batzuek ere bat egingo dutela eta haien ekarpenak ere bildu ahal izango direla.

 

 

GUZUR TRUK” ESAN DUZU?

 

Ekimen baten izena aukeratzea ez ohi da kontu samurra. Ukitu berezi, ironiko eta tokian tokikoa bilatu guran “Guzur truk” aukeratu dugu. Inguruko euskara bizian (Orozko) eta historikoan (Guzurtegi jatetxe izena Maroñon) “gezur” berba “guzur” esaten da. Orozkon gainera “musu truk, dohainik, debalde” esateko forma ere bada “guzur truk”.

Beste aldetik, hainbeste herritan “Guzurtegi” edo “Guzur Aretxa” deitu izan zaio herriko txutxumutxuak kontatzeko lekuari, “mentidero” delakoari hain zuzen ere. Egoki iruditu zaigu zentzu honetan, eskualdeko berriak zabaltzeko modua izan nahi duelako. Eta “trukea”, bistan da, hartu-eman baterako aproposa da, jaso eta emateko borondatez jaio baikara.

 

 

ZERTARAKO GUZUR TRUK?

 

Aiaralde dei dezakegun eskualdea 7 udalerrik osatua da: Arabako 5 (Aiara-Herri, Amurrio, Artziniega, Laudio, Okondo) eta Bizkaiko 2 (Orozko, Urduña). Ikastetxe bakoitzean sarri askotan mota askotako proiektu, lan eta ikerketak burutzen ditugu; blog honetan horiek guztiak jakinarazteaz gain guztion artean koordinatu eta bultzatzea dugu helburu, batak hasitakoa besteak segi eta garatzea...

Eskualdeari buruzko edukiak bildu eta osatzea ere lan interesgarria izan daiteke: geografia, kultura-adierazpenak, ospakizunak, euskararen inguruan antolatutakoak, , argazki-funtsa, gazteen arteko harremanak...Guztion esku geratuko da hemendik aurrera blog honen mamiaren nondik-norakoak zehaztu eta aberastea. Betiere euskaraz, noski!

 

Beraz, zeuek zer emango zenukete gure “guzur” baten truke? Eta zer jaso nahi izango zenukete zeuen “guzurraren” ordainean?


Utzi iruzkina: