Ekialde hurbila, bertatik

gurebazterrak 1456135173782 Gure Bazterrak | 2006-11-06 11:08
1

Xabier Madariaga kazetariari egin nion elkarrizketa hemen sartzea pentsatu dut. Hiru urtez Israel-Palestina gatazka hurbiletik bizi izan du. Ekialde hurbileko lana ez da beti samurra izan. Elkarrizketan bere lanari buruz hitz egiten du. Bere esanetan zailena desberdin pentsatzen duenari entzutea izan da. Ekialde hurbilean bezala, antzerako arazo polarizatua daukagu geure txoko honetan ere. Hasieran aipatu nuen gure bazterrei muga ibili ahala jarriko geniola...

         2003ko uztailean, ikus-entzunezko ikasketak Nafarroako Unibertsitatean amaitu orduko alde egin zuen Jerusalemera Xabier Madariaga Idirin-ek (Bilbo, 1981-06-03). Ordura arte hemendik jarraitutako gatazka barrutik ikusi eta kontatu nahi zuen. Horretan dihardu Euskal Telebistan, Euskadi Irratian eta Berrian. Hasierako hilabeteetan bakerako ematen ari ziren urratsak kontatzea tokatu zitzaion. Haiek atzean geratu ziren, ordea, eta gatazkaren unerik gordinenetakoak dira orain bere kroniken ardatza.

  •  Zergatik ikasi zenuen Ikus Entzunezko Komunikazioa?

Hasiera-hasieratik argi nuelako kazetaritza egin nahi nuela. Oso txikitatik hasi nintzen Radio Euskadiko informatiboak grabatzen, gero ikasi eta neure burua grabatzen nuen berdina esaten. Ilusioa egiten zidan. Osabaren bideo kamerarekin Teleberri modukoak egiten nituen, neure burua grabatuz. Ikastolako egunkarian sartu nintzen, eta gustatu egiten zitzaidan. Ikastolako TeleLaurok, berriz, kontrako efektua egiten zidan, maisua ez bainuen gustuko…

  •  Karrerako lau urte horietan zer izan zen ikasi zenuena? Zer gogoratzen duzu?

Kazetaritza Iruñean ikasi nuen OPUSen, eta han tokatu zitzaidan bat ez nentorren gauza asko entzutea. Ideia askorekin ez nengoen ados. Ez dauka zerikusirik ikasitakoarekin, baina lau urte horietan besteena errespetatzen ikasi nuen. Gehienak Euskal Herritik kanpokoak ziren, eta nirekiko desberdinak zirenak errespetatzen ikasi nuen. Horrek kazetaritzan asko laguntzen du.

  • Praktikak non egin zenituen? Zer ikasi zenuen?

Bigarren mailan kurtso osoa egin nuen Iruñako irrati batean, Intereconomiarena,eta gero praktikak bukatu eta udan Euskadi Irratian hasi nintzen, Donostian. Hirugarren mailan Erasmus egin nuen Lancasterren, (Ingalaterra) han nengoela Euskadi Irratiko Londreseko kolaboratzailea izan nintzen. Laugarren mailan irratitik telebistarako pausoa eman nuen, ETBn sartu nintzen.

  • Zertara joan zinen lehenengoz Israelera?

Lancasterren nengoela irratiko informatiboetako zuzendariak proposatu zidan karrera bukatutakoan Londreseko korrespontsal izatea. Jarri zidaten baldintza telebistan eskarmentua hartzea izan zen, korrespontsalek bi gauzak egin behar izaten baitituzte irratia eta telebista. Bere bitartez sartu nintzen, frogak pasatu eta laugarren mailan telebista egin nuen. Ideia etorkizunean Londresera joatearena bazen ere, Londres beste neska bati eman zioten. Israel foko informatibo potentea iruditu zitzaidan eta Israelera etorri nintzen. Bidenabar unibertsitatean kurtso batzuk egin nituen. Hasierako hiru hilabeteak hiru urte bihurtu dira.

  • Eguneroko jardunean ikasitako ZER aplikatzen duzu?

Musulmanen kultura eta juduen kultura hain desberdinak dira gurearekin konparatuta… Desberdin pentsatzen duenari entzutea da garrantzitsuena bizitzan, eta baita lanean ere. Azken finean, horri eskerrak konta daitezke funtsezko gauzak.

  • Nolakoa da zure lanegun bat, deskribatuko al zenidake mesedez?

Goizean goiz esnatu (hemengo 7:30 eta Euskal Herriko 6:30ean) eta egunkariak irakurri. Kronika idatzi eta grabatu goizeko albistegirako. Egunkariak irakurtzean eguneko nondik norakoak ezagutzen dira. Eguna indartsu badator telebistarako bideoa egin behar ote den galdetzen dut. Bideoa egin behar badut, eguerdiko albistegirako egin behar izaten dut. Batzuetan ez da albisterik egoten, orduan irratiko kronika egin eta ohera bueltatzen naiz. Edo bestela beste egunen baterako erreportajea egiten dut. 

  • Lana aurrera ateratzeko zer baliabide tekniko dituzu?

RDSI linea, horrek estudio kalitatea ematen die grabazioei, irratirako horixe nahikoa da. Telebistarako Euskal Telebistak duen korrespontsaliak daramatzan produktoreak laptop-a (ordenagailu portatila), kamera, tripodea eta autoa jartzen dizkigu. Kamera nik kontratatu behar izaten dut. Palestina barnealdeko herriren batetara joatekotan itzultzailea ere kontratatu behar izaten dut, halako lekuetan ez dute ingelesez jakiten. Gazan, esaterako, beti produktorearekin ibiltzen gara, bahiketa edo antzekorik gerta ez dadin. Istorioak geuk bilatu behar izaten ditugu, CNN edo BBCko kazetariek munduko laguntza osoa izaten dute “beste batzuek dena eskura jartzen diete”.    

  • Itzultzailea aipatu duzu, hizkuntza ikastea ezinezkoa da?

Ni saiatu naiz baino oso zaila da. Etorri aurretik uste nuen zailena izango zela kaletik ezer ere ulertu gabe, baina denborarekin konturatu naiz oso-oso erraza dela, telebista piztu eta ezer ere ez ulertzea, egunkaria hartu eta ezer ere ez ulertzea. Eta, batez ere, hobea dela ezer ere ez ulertzea polizia atzetik duzunean, soldaduek zerbait galdetzean… Pasa eta listo.

  • Inguruan duzun kultura ezagutzen al duzu?

Aurrekoa broma zen. Norbait elkarrizketatzean bere hizkuntza ezagutzea izugarrizko abantaila da. Itzulpenarekin detaile asko galdu egiten dira, zehaztasun asko, espresio asko galdu egiten dira. Horiek asko laguntzen dute pertsona bat ulertzen. Kultura ezagutzen saiatzen naiz, baina hizkuntzarena… hain zaila da.

  • Gatazkaren aurrean objektibotasuna posible al da?

Objektibotasuna da lortzen saiatu behar dugun zerbait. Baina gero hona iritsi eta ikusten duzunean bertako egoera… Objektiboa izaten saiatu behar zara baina errealitatea ere kontatu behar da, eta hemen errealitatea kontatuta ez zara objektiboa. Azkenean parte hartu behar duzu. Ikusten diren bidegabekeriekin eta guztiarekin ez zaizu beste aukerarik gelditzen. Norbaiti etxea bota diotela kontatu egin behar da, kontatzean ezin daiteke objektiboa izan edo istoriotik ahal den urrunen geratu. “Erresistentzia” esan “terrorista” erabili beharrean; “atentatu” erabili beharrean “eraso”… hitz batzuk edo besteak erabiltzean zertxobait agerian uzten da. Ikuslearentzat askoz politagoa da hurbiltasunez kontatzea.

  • Zein izan da lanean bizitako unerik latzena?

Pakistanen izan zen. Pasa den urteko lurrikara zela-eta joan ginen. Israelgoaren ondoan latza izan zen. Alde guztietan suntsipena baino ez zen ikusten, hildako asko eta asko, hildakoen usaina… Oso gogorra izan zen. Ez bakarrik ikusi genuenagatik, denbora guztian hori ikusteak lana ikaragarri zaildu zuen. Ezin nintzen berdina zen gauza batetatik irten. Sentitzen nuen ez nintzela kapaz ikuslegoari inguruan nuen sarraskia erakusteko. Inpotentzia sentitu nuen, naturak egindakoa baitzen sarraskia.

  • Zein izan da egindako elkarrizketa “higuingarriena”? Aurrean zeneukana ikusi ere ezin zenuenean egin…

Kolono askori egindakoak. Ezin dezaket ulertu zer egiten duten palestinar artean bizitzen, horrekin lortzen duten bakarra gatazka piztea baita. Orduan, hori esanda erantzuten dizutenean “nire jainkoak hemen nahi nau”  inpotentzia sentitzen da. Besterik ezin dugu eztabaidatu.  Hamaseko askorekin edo muturreko palestinarrekin hitz egin eta Israel ez dela existitu behar entzutean… Agian hori ulergarriagoa da, azken finean, Israelen menpe daude eta. Baina gaur egungo errealitatean ezin daiteke planteatu Isarel desagertzea. Baina askoz ere zailagoak izaten dira kolonoen elkarrizketak.

  • Bizitako unerik edo egindako elkarrizketarik hunkigarriena?

Oso polita izan zen holokaustoa bizitako judu batekin egindako elkarrizketa. Berak bizitakoa bizi ondoren berarekin asko ikasten da. Zalantzan jartzen zuen ez ote diren juduak, beraiek, palestinarrei berdina egiten ari. Oso hunkigarria izan zen. Horrelako gutxi daude, baina egon badaude.

  • Bertako lagunik egin al duzu Jerusalem-en?

Oso gutxi. Nahi nituzkeenak baino gutxiago. Zu judua ez bazara arraro begiratzen dizute juduek. Hemen ez dago Europako beste herrialdeetan bezala kanpotik etorritako gazte talderik. Bertara datozen gazteak juduak dira, eta egiten dizuten lehenengo galdera “zu judua zara?” izaten da, erantzuna ezezkoa denean horma bat jartzen dute zure eta beraien artean. Palestinarrak askoz ere irekiagoak dira, ezer ez baldin badaukate ere eskaini egiten dizute, etxera gonbidatzen zaituzte kafea edo tea hartzera, ateak irekitzen dizkizute… baina Euskal Herriko izaerarekin konparatzen baldin badut faltsuegiak dirudite. Hasieratik dena ematen dizute baina gero zerbait gertatzean lehenengo familia eta palestinarrak daude eta ondoren zu. Agian geu gara fidagaitzak. Auzoko juduekin atera naiz noizbait eta palestinarrekin ere sarriago ibiltzen naiz (ONG-en bidez errazagoa da kontaktua) dena den.                                              

  • Zer da kazetaritza zuretzat?

Historiak kontatzea.

  • Kazetariaren roll-a?

Historiak ahalik eta argien kontatzea. 

  • Gaur egungo medioek zer jokaera dute orokorrean?

Gaur egungo medioek besteek egiten dutena egiten dute. Hau da besteak hiru albiste hauek ateratzen baditu guk ere hiru hauek atera behar ditugu. Medio batzuk gehiegi markatzen gaituzte, esate baterako Estatu Batuetakoek.

  • Zein da Israelen informazioak eta informatzaileek bizi duzuen egoera? Palestinarrek badaukate botere informatiborik?

Palestinarrek komunikabide propioak dituzte. Israelen prentsa palestinan baino askoz askeagoa da. Israelen guztiari buruz eztabaidatzen da ekonomia, ustelkeria, pobrezia… okupazioa salbu. Behar denean behar dena kritikatzen da. Euskal Herrian baino askeagoak dira komunikabideak. Palestinan ez hainbeste, linea ofizialetik desmarkatzen denari zerbait gerta dakioke.

 

 

Joxe Aranzabal

Joxe Aranzabal 2006-11-13 10:49 #1

Oso elkarrizketa ona. Zorionak!<br />


Utzi iruzkina: