NIRE HIZKUNTZA BIOGRAFIA

No profile photo GURE IBILBIDEA | 2022-03-11 09:18

Idazlan hau DBH 3an idatzi nuen. Bertan nire hizkuntza biografia agertzen da, nire ama hizkuntzatik ikasi dudan azkeneko hizkuntza arte.

  Euskal Herriko ukipen-hizkuntza guztiak hitz egiten ditut, hau da, euskara, gaztelania eta frantsesa. Hauez gain, ingelesa ere hitz egiten dut. Hortaz, 3 hizkuntza handi eta txiki bat mintzatzen ditut. Euskara hizkuntza txiki bat da, Espainian soilik da ofiziala eta 751.700 hiztun ditu. Gaztelania hizkuntza handia da, 21 herrialdetan da ofiziala eta 600 milioi hiztun ditu. Ingelesa eta frantsesa hizkuntza handiak dira, eta mundu guztian zehar hedatu dira. Ingelesa 60 herrialdetan da ofiziala eta 1.500 milioi hiztun ditu. Frantsesa, aldiz, 29 herrialdetan da ofiziala eta 500 milioi hiztun ditu.

  Euskara nire ama-hizkuntza da, ikasi nuen lehen hizkuntza delako. Nire gurasoek transmititu didate hizkuntza. Txiki-txikitatik familian, lagunartean eta kiroletan erabili izan dut. Ahal den guztietan hizkuntza-komunitateko guztiekin erabiltzen saiatzen naizen arren,  batzuetan, kode-aldaketak gertatzen zaizkit, hau da, euskaraz hasi hitz egiten eta erdaraz amaitzen dut. Hasieran goierritarra mintzatzen nuen, baina orain, goierritarra beste euskalki batzuekin nahasten dut askotan. Normalean, lagunarteko hizkuntza hitz egiteko joera izaten dut. Hizkuntza denetatik gehien erabiltzen dudana da. Telesail asko euskaraz ikusten ditut, eta ingelesarekin batera, gehien entzuten dudan musika euskalduna da. Nire hizkuntza gustukoena da. Euskararekin oso eroso sentitzen naiz. Hizkuntza denetatik bereziena eta ezberdinena dela sentitzen dut. Gainera, gehien menderatzen dudan hizkuntza da.

  Gaztelania bigarren ikasi nuen hizkuntza da. Txikitatik mintzatzen dut. Nire aitona-amonek transmititu didate hizkuntza. Nire aitona-amona batzuekin eta euskaraz ez dakiten lagunekin erabiltzen dut. Haserretzen naizenean gaztelaniaz hitz egiteko joera izaten dut, baina ez beti. Askotan, euskaratik maileguak hartzen ditut. Nahiz eta ez gustatu asko, eroso sentitzen naiz gaztelaniaz hitz egiterakoan.

  Ingelesa hirugarren ikasi nuen hizkuntza da. Ikastolan 4 urterekin hasi nintzen ikasten eta hizkuntza eskolan 6 urterekin. Ingeleseko klaseetan hitz egiten dut soilik, baina askotan musika ingelesez entzuten dut, eta telesail edota filmak ingelesez ikusten ditut. Euskaratik eta gaztelaniatik maileguak hartzen ditut batzuetan. Nahiz eta hasieran ingelesa gorrotatu, orain gustatzen zait eta eroso sentitzen naiz ingelesez hitz egiterakoan.

 

Frantsesa azkenik ikasten hasi naizen hizkuntza da. Lagun bati esker hizkuntza eskolan hasi nintzen ikasten orain dela 4 urte. Orain arte Frantziara joan naizenean eta klaseetan bakarrik mintzatu dut. Askotan euskaratik eta gaztelaniatik kalkoak hartzen ditut. Asko gustatzen zaidan hizkuntza da. Azentuekin arazoak izan arren, eroso sentitzen naiz frantsesez hitz egiterakoan.


Utzi iruzkina: