Guk ere baditugu gauza jakingarriak
Jozulinen
gonbidapenari ezin ezetz esan eta aspaldiko partez hemen gara. Zin dagigu gainera
–baina ez oso indar handiz, badaezpada- sarriagotan idatziko dugula hemendik
aurrera eta ez digutela esan beharko “kolpe zorririk” ere ez dugula jotzen. To
txiste eta hitz joko ausarta! Beno,
autobonbo gutxiago eta goazen harira. Honatx gure 5 jakingarriak:
1. Duela 3.000 urtetik hona bizi gara gizakien kontura. Gu, buru-zorriak (Pediculus humanus capitis) gara, baina lehengusuak ere baditugu: gorputz-zorriak (Pediculus humanus corporis) eta gurea baino ospe gaiztoagokoak, potro-zorriak (Pediculus humanus pubis).
2. Gure espezieko eme bakoitzak ehun-hirurehun bartz erruten ditu gizakien ileen oinarriari itsatsita. Zazpi-hamar egunen buruan (beste hitz joko bat!) aterako dira larbak.
3. Ez daukagu hegalik eta buruz-buru (hirugarren hitz jokoa, arraioa!) ibiltzea dugu gustuko. Hogeita lau ordutan ez badugu gizaki odolik xurgatzen hil egiten gara, gizajook.
4. Uretan ez gara itotzen.
5. Azkenik, bereziki guri lauroi dagokigula, esan behar dizuegu harro egoteko moduko zuhaitz genealogikoa dugula: gure arbasoen artean aurki ditzakegu Arturo Kanpionen peluka azpian bizi izandakoak eta Sabino Aranak Larrinagako gartzelan harrapatu zituenak.
Eta honekin kunplitu egin dugu. Laster arte.
Iruzkinak
Itoiz ito zen 2007-04-19 10:42 #1
Hau dok hau blog jartue!!<br />
Utzi iruzkina: