Euskararen Ordenantzaren Zirriborroa

gukdurangoeuskalduna 1456135165774 Guk Durango Euskalduna! | 2008-04-02 12:10
1

DURANGOKO Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Arauak ematen dituen UDAL ARAUDIA  *

SARRERA

Durangoko Udalean eta Udalerrian euskara sustatu eta normalizaziorako bidean jar dadin, hau da, udalaren atal guztietan eta jendarte bizitzan normaltasunez erabil dadin osatu eta onartu da UDAL ARAUDI hau.

Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza izateaz gain, Euskal Herri osoaren eta gizadi osoaren ondarea da. Horregatik, herritar guztien elementu integratzaile izan behar da, eta durangar guztientzat hala izan dadin saiatuko da udala. Hau da, euskara Durangoko Udalean eta udalerrian normaltasunez erabiliko den egiazko komunikazio hizkuntza izan dadin neurri egokiak hartuko ditu.

Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Udal Araudi hau Durangoko udalerria hizkuntza-normalizaziorantz bideratzeko neurri eta arauen bilduma da. Ordenantza honen hizkuntza-filosofia, soziolinguistikan hizkuntza premiatsuenaren alde aurrera egiten duen elebitasuna deitu da, hots, euskara soilik erabil litekeenean euskara soilik erabiltzekoa eta euskara eta gaztelania, biak erabiltzerakoan, euskara lehentasunez erabiltzekoa.

Euskara, Euskal Herriaren jatorrizko hizkuntza dena Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren arabera hizkuntza ofiziala da, eta herritar guztiek dute euskara ezagutu nahiz erabiltzeko eskubidea. Beraz, autonomia erkidegoko erakunde komunei dagokie euskararen erabilera bermatu eta arautzea, baita beraren ezaguera ziurtatzeko behar diren neurri eta bitartekoak erabaki eta arautzea ere.

Administrazio bakoitzari dagokio arau eta xedapen orokorrak, bakoitzak bere jarduera-eremuan aplikatzea, eta aplikazio horretarako arauak eman eta bitartekoak baliaraztea. Beraz, ordenantza hauen helburua, indarrean dauden xedapen orokorrak Durangoko Udalaren jarduera-eremuan hezurmami eta aplika daitezen arauak eman eta betearaztea da.

Lege ezberdinek eta hizkuntza eskubideen gutun unibertsalak jasotakoa oinarri harturik, herritar guztiok dugu gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea. Gainera, eskubide horren bermearen gauzapena administrazio guztiei dagokie eta, kasu honetan, udalak neurri eta arau zehatzak jarriko ditu indarrean udal araudi honen bidez hori horrela izan dadin.

Hizkuntza dela-eta inork bereizkeriarik jasan ez dezan, lege orokorrek Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-aginteei esleitzen diete, haien eskumenen esparruan, bai hizkuntza ofizial bien erabilera bermatu eta arautzeko eskumena, bai eta jakintza eta normalizazioa bizkortzeko neurriak ezartzeko ahalmena ere.

Beraz, Durangoko Udalak bere gain hartzen du erantzukizun hori eta, era berean, euskararen normalizazioaren erantzukizuna udal-batzorde guztien artean banatzen da, Euskara-batzordea gidari eta eragile nagusi izanik. Horiek horrela, udalaren jokaerak garai honetan ez du izan behar euskarari nola edo hala eustekoa bakarrik. Alderantziz, euskararen erabileran eredu eta bultzatzaile izan behar du, azken urte eta mendeetan gure hizkuntzaren kaltetan izan den jokabidearen konponbide gisara. Horregatik, euskarari laguntzarik eta bultzadarik eman gura badio, bere burua euskalduntzea eta jendarte bizitzan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea eta laguntzea izan behar dute jokaeraren ardatzak, euskara alor eta eremu guztietara heda dadin. Hortaz, udalaren barne- funtzionamenduan nahiz udalaren eta herritarren arteko harremanetan, hala nola udalerriko jendarte bizitzan euskararen erabilera normalizatzeko udalak izango duen jardunerako arau-esparrua definitu da ordenantza honen eskutik, eta honekin guztiarekin, aurrera egiten lagunduko digun euskararen inguruko azpiegitura lortzea da xede.

Laburbilduz, indarreko legeria oinarri harturik, Durangoko Udalak, herritarren hizkuntz eskubideak bermatu eta euskararen normalizazioa lortzeko beharrezko urratsak finkatu ditu Udal Araudi honetan. Beraz, ontzat hartzen du Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Araudi hau indarrean jartzea, bertan jasotzen baitira udalak barne jardunbidean, herritarrekiko eta beste instituzio edo erakunde ofizialekiko harremanetan eta gizarte-bizitzan euskararen erabilera suspertzeko eta normalizatzeko bete beharreko arauak.

* Ordenantza osorik irakurri nahi baduzu, zure iritzia eman nahi baduzu, ekarpenik egin nahi baduzu edo galderaren bat badaukazu, bidali mezua: durangoeuskaldundu@euskalerria.org

Unai

Unai 2008-04-17 12:54 #1

Durangon euskararen egoera kaxkarra dela esatea ez da berria eta udaletxean bertan ere aldaketa behar dela nabarmena da. Horregatik poztu nau euskararen ordenantzez norbait arduratu eta proposamena egitea. Hala ere, kontu pare bat badauzkat esateko:<br><ol><li>Ordenantzen edukia egokia (gutxienekoa) iruditu zait, nahiz eta hutsune bat ikusi diodan. Neurri asko planteatzen dira, baina horiek bete ezean egon beharreko zigor edota hartu beharreko erabakiez ez da ezer esaten. Nik uste dut hori jaso beharko litzatekeela. Bestela, beste behin ere, euskararen normalkuntza borondate kontua izango da eta ez behar bat.</li><li>Garrantzitsua da oso proposamen herritarra izatea. Guztiok parte hartzaile sentitu eta denok ordenantzen beharra barneratzea. Horregatik, zabalpenari, elkarlanari, euskalgintzaren adostasunari... arreta berezia jarri behar zaio.</li></ol>Eskerrik asko<br>


Utzi iruzkina: