Zigoitian, Manex aurrera

gorbeialdea-bertsotan 1456135080255 Gorbeialdea bertsotan | 2009-03-17 20:26

Manex Agirre sailkatu da zuzenean Arabako Bertso Txapelketako Finalera. Datorren igandean, Aramaion erabakiko da zein bertsolari lehiatuko diren Gasteizko Printzipalean.

 

 

Zigoitiako aretoa betetzear hasi zuten saioa atzo, Manex Agirre(334 puntu), Iñaki Viñaspre (324), Rikardo Gonzalez de Durana (313), Juan Mari Juaristi (311), Izar Mendiguren (298’5) eta Serapio Lopezek (260). Seiak aritu ziren bi orduko lanean, Idoia Beitia gidari zutela.

 

Ehundik gora lagunek berotu zuten Zigoitiako saioa. Bertsolariak erregular aritu ziren oro har, eta denek utzi zituzten ale ederrak. Hala ere, Agirre izan zen nabarmen gailendu zena. Ofizioka aisa moldatu zen aramaioarra eta, kartzelako gaian ere, fin ibili zen habanera doinuan.

 

Zortziko nagusian Juan Mari Juaristi eta Iñaki Viñaspre aritu ziren bikote gisa. Juaristi lanez lepo eta estresatuta, eta Viñaspre, berriz, aspalditik langabezian. Etxeko zereginetan eta kanpoko lanetan  murgilduta aritu ziren biak. Juaristik hala esan zion Viñaspreri “etxean lana nik egiten dut / ta zuk berriz lana eman”. Erantzuna hauxe izan zuen“…zuk zure lana eman zaidazu/ ta ez dut lanik emango”. Jarraian, Serapio Lopez agure baten azalen jarri zuen Beitiak, eta Manex, agureari konpainia egitera doan bolondresa bihurtu zen. Lorez jantzi zuen Lopezek bolondresa, baina azken alean aitortu zionez “ seguru egon, zaindari, lagun, ez zela izango berdina/ asteak ditun zazpi egunetan zu etorriko bazina”. Manexen erantzuna zuzen joan zen: “edukazioz eskatu  ezkero hona etorri beharko / nik nire gustoz eiten dut lan hau ta ez naiz sentitzen txarto/ bale ba hona etorriko naiz, benga, aste guztirako/orain daukazun etsai txarrena/bakardadea delako”. Bukatzeko, Rikardo Gonzalez de Durana eta  Izar Mendiguren guraso paperean, haurra eskolaratu edo ez erabakitzen jarri zituzten.

 

Zortziko txikian Lopezi kale egin zion poto batek. Hala eta guzti ere, saio dibertigarria joan zen Iñaki Viñasprerekin batera bi medikuren azaletan sortutako ofizioa. Anbulategian lan nahikorik ez, eta gainera, etxera joaten zaizkie auzokoak minak eta kexuak aitzakia. Ehiztari baldarren gisa usoak ezin harrapatu jardun zuten Juaristik eta Mendigurenek, hurrena.  Manex Agirre eta Rikardo Gonzalez de Durana zein baino zein kantatu zuten elkarrekin. Lehen aldiz igeriketa ikastaro batean izena eman zuten bi jubilaturen larruan sartuta, lehen eguneko esperientziak hartu zituzten gogoan. Gonzalez de Duranak txukun eta zuzen burutu zuen ofizioa: “igerilekura gaur eginik bisita/lehenago jarrita baikeneukan zita /flotadorerik gabe, zerorri hasita/gero ni sartuko naiz zurea ikusita”. Eta Agirrek ederki zirikatu zuen laguna “zu atzetik bazatoz ez gabiltza txarto/largo batzuk eginda ondoren galako /ez jantzi aniojurik hori esan beharko /kloroa ona omen da kataratentzako”.

 

Boxeo mundua bertaratu zuten hamarreko txikian. Baita bi abokaturen dibortzio epaiketa bat jarraitu ere. Mendiguren eta Agirrek 8 hiletan munduko lurralde ezberdinak ezagutu ahal izan zituzten. Urte sabatikoari amaiera eman ala ez jardun zuten.

 

Kartzelakoan bi punturi erantzuna eta bakarkako gaiari bina bertso bota behar izan zioten bertsolariek Puntuari erantzunak primeran bete zituen Viñaspre abetxukoarrak “Bizitzako etapak hasi ta bukatu/ nahiago nuke beti umetan geratu/ garai hori ezin da hain erraz ahaztu/ guztia izaten bait zen jan, lo ta jolastu; Batzuk nahiago dute edonola segi/ eta nigan hori ere /ez al da nabari /umea naiz oraindik, tamaina gaitzerdi/ beti egiten ditut nahiko umekeri”

 

Manex Agirrek habaneran kantatu zuen enpresa gizonaren rola hartuta. Gaia hauxe: Egoerak egoera, dimisioa aurkeztu behar izan duzu. “Enpresa baten jabe naiz / nahiz ta iruditu bitxi/ lehenengo atea zabaldu / ondoren atea itxi/ baina akzioak dira/ lurran azpiraino jeitsi/ aukera egin behar nuen/ aurrera egin edo etsi/ langile denek zidaten/ ia aurpegia hautsi/ ordaintzeko omen neukan / oso oso diru gutxi /ta orain nahiz ta goikoek / neri hortzak erakutsi/duintasunak aukera/ ho(r)i besterik ez dit utzi”. “Hasieran egin nuen/ aberastasunan gala/ sarrerak politak ziren/ aurrekontua zabala/ baina aurten iritsi da/ bai krisiaren itzala / ta diru guztia beruntz / joan zaigu berehala / triste nago, gaizki nago, / ez al da gauza normala /grafikoak bezalaxe / jeitsi egin zait morala/ dimitu egingo dut/ noski egingo dudala / ta egindako akatsak/ denborak barka ditzala”.

 

Datorren igandean Aramaion

 

Aramaioko saioaren ostean erabakiko da nor igoko den, Manex Agirrerekin batera, Printzipal Antzokiko oholtzara. Oihane Perea, Asier Otamendi,  Xabier Igoa, Andere Arriolabengoa, Ruben Sanchez eta Zigor Enbeita arituko dira finalerako txartel bila Aramaioko Kultur Etxean. Arratsaldeko bostetan hasiko da saioa eta Lierni Altunak gidatuko du.

 

Finala berriz, apirilaren 4ean izango da Gasteizko Printzipal Antzokian. Sustraiak errotuz kimu berriek loreak ere badituztela argi geratu bedi!

 


Utzi iruzkina: