Txapelketan ez dute bertsolariek bakarrik parte hartzen...

gorbeialdea-bertsotan 1456135080255 Gorbeialdea bertsotan | 2011-02-23 08:18

(egin klik argazkien gainean, gure gaijartzaileak ezagutzeko. Oharra: Unai Gomezen argazkirik ez dugu topatu, baina hemen ikus dezakezue, aurreko asteburuko Ilarduiako saioan, lan serioan)

Gorbeialdeak ordezkariak ditu alde guztietan... baita gai jartzaile taldean ere!! Lierni Altuna Arabako gai jartzaileen guruari egin dizkiogu galdera batzuk, beraien lanaren berri jasotzeko.

- Gorbeialdeko zenbat gai jartzaile zaudete Arabako txapelketako gai jartzaile taldean? nongoak?


Momentu honetan 6, Unai Gomez eta Olatz Bayer Izarrako bertso eskolakoak, eta Aramaioko bertso eskolako Idoia Beitia, Garazi Eriz, Gillen Agirre eta ni neu.

- Zer suposatzen du txapelketa baterako gai jartzaile lanak egiteak? nola prestatzen dira gaiak?

Alde batetik lan asko suposatzen du, baina polita da. Gaiak taldean erabakitzen dira, bakoitzak etxetik eramaten ditugu bileretara eta bertan fintzen dira, eta hamaika pertsonako talde batean asko eztabaidatzen ditugu guztiak ontzat eman aurretik. Gainera aurten inoiz baino saio gehiago daude eta bi saioko asteburuek ere denbora murrizten digute eta presioa handitu, azken finean lan gehiago suposatzen dutelako.

Baina sorkuntza lan bat da, orokorrean asko ez dena baloratzen, baina jakin egin behar dena, ez dena bi egunetan ikasten. Hala ere, jende askorentzat, niretzat kasu, bertsolaritzaren beste esparru sortzaile bat da, eta horrek buruari buelta asko ematea eta imaginazioa izatera behartzen zaitu eta hori oso aberasgarria da.

- Nola ikusten duzu gai jartzailetzaren etorkizuna gure eskualdean?

Gure eskualdea ikusten dut orokorrean Arabako eskualderik indartsuena gaijartzaileen kasuan. Lehen agian Aramaion fokalizatzen zen bakarrik, baina orain Izarrak ere badu bere errepresentazioa, eta oso txukuna gainera. Bestalde Legution ere badago bikote bat bertako bertso-saioetan gai-jartzaile egiten duena, eta nire ustez lan ona egin dute orain arte. Beraz, etorkizuna badago, ona nire ustez, baina beti ere jendeari, agian bertsotan ez dena ausartzen edo ez duena bere burua horretan ikusten, bertsolaritzaren beste esparru sortzaile hau transmititzen eta erakusten jarraitu behar dugu.


Utzi iruzkina: