Gorbeialdeko bost bertsolari egongo dira finalerdietan!
(Xabi Igoa, Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Zigor Enbeita eta Alberto Martinez "Beitto" pasa dira hurrengo fasera. Arabako Bertsozale Elkartearen kronika duzue ondorengoa. Txapelketaren informazio gehiago hemen)
Asteburu honetan jokatu dira Arabako Bertsolari Txapelketako azken bi kanporaketak, eta beraz amaitu da lehenengo fasea.
Laugarren kanporaketa Ataurin ospatu zen ostiralean. Bertan Idoia Beitia aurkezlearen aginduetara aritu ziren bertsolariak eta horrela gelditu zen sailkapena: Manex Agirre (154p.), Zigor Enbeita (153,5p.), Ekaitz Samaniego (145p.), Irati Anda (141p.), Maite Solozabal (125p.), Iker Pastor (112,5p.).
Bosgarren eta azken kanporaketa hurrengo egunean, larunbata, jokatu zen Elosun. Bertan Olatz Bayer aurkezle lanetan aritu zen eta horrela izan zen epaia: Iñaki Viñaspre (150,5p.), Izar Mendiguren (147,5p.), Felipe Zelaieta (145,5p.), Gaizka Urtaran (131,5p.), Elyem Chej (127,5p.), Jon Ruiz de Pinedo (108p.).
Beste hiru kanporaketetan bezala, azken bi hauetan ere, klabe batzuk errepikatu dira: bertako jendearen parte hartzea, afari eta giro ederrak, bertsolari hasi berrien paper bikaina, eta orokorrean bertsozalea eta ez hain bertsozalea oso gustura irten dela saio bakoitzetik.
Baina orain, inauterietako asteburuko atsedena eta gero, txapelketak bere bidea jarraituko du eta bigarren faseari ekingo dio finalerdiekin. Aurten gainera lehenengo aldiz hiru finalerdi ospatuko direnez zaila egongo da finalera sartzea eta horrek interesgarriagoak egingo ditu bigarren fase honetako saioak. Beraz, horrela izango dira finalerdiak:
- Martxoak 13an, Zigoitian: Oihane Perea, Manex Agirre, Serapio Lopez, Felipe Zelaieta, Andere Arriolabengoa, Irati Anda.
- Martxoak 19an, Aramaion: Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Ekaitz Samaniego, Xabier Igoa, Rikardo Gonzalez de Durana.
- Martxoak 20an, Agurainen: Ander Solozabal, Zigor Enbeita, Juan Mari Juaristi, Ruben Sanchez, Unai Mendibil, Alberto Martinez “Betto”.
Txapelketak Arabako bazterrak bertsoz betetzen jarraituko du apirilak 2ko finalera arte.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: