Finala erabakita
Arabako bertsolari txapelketak baditu finalistak
Oihane Pereak lortu du finalerako zuzeneko txartela eta Manex Agirrerekin batera Iñaki Viñaspre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristik eta Asier Otamendik izango dute aukera txapela lortzeko.
Arabako bertsolari txapelketan finalean kantatuko duten bertsolariak zeintzuk ziren jakin asmoz, jende andana bildu zen Aramaioko kultur etxean jokatutako finalerdira. Idoia Beitiaren esanetara Oihane Perea, Ruben Sanchez, Zigor Enbeita, Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa izan ziren kantuan. Saioa polita eta bizia izan zen, Enbeitak agurrean jakinarazi bezala “dena ematera baino denei eman asmotan” taularatu baiziren bertsolariak.. Xabi Igoarentzako lehenengo txapelketa izan arren, estreno ederra egin zuen aramaioarrak. Oihane Perea dotore eta eroso ibili zen, eta egindako lanak finalean kantatzeko zuzeneko txartela eskuratzea ahalbidetu zion. Asier, Ruben eta Zigorrek ere taula gainean defendatzen badakitela erakutsi zuten. Andererekin batera Xabik jaso zuen txalorik gehien, beraien herrian kantatzerakoan 170 lagun hurbildu baitziren bertsolariei babesa eskaintzera.
Idoia Beitiak kartzelara bidali aurretik egin beharreko lana ofizioka zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso izan zen. Horren ondoren, bakarka, bi puntu erantzun eta gaiari bi bertso bota behar izan zizkieten.
Saioa arratsaldeko bostetan hasi zen. Agurren ondotik Oihaneri, Rubenen taberna gainean bizi zela eta, asteburuko zarataz kexu epaiketa ekiditeko ahaleginetan Rubenekin bildu zela adierazi zioten. Saioko txapelduna alternatibak proposatzen ibili zitzaion Sanchezi. Lehenengo bertsoan ” Seguru nago Ruben zarela langilea eta noblea/akordio bat behar dugu hemen, ipini kafe doblea!” bota zion. Rubenek sendo eutsi zion bere lanbideari eta ofizio polita osatu zuten biek. Zigorrek denbora luze batean hona ez etortzeko kantatu zion kartzelariaren azaletik kaleratzeko puntuan aterantz zioan Asierri. Otamendik kanpoan nola bizi behar den ahaztu zaiola eta laster bueltatuko zela agian erantzun zion eta honen atzetik konforme azaldu zen “hemen behintzat dohainik ditut jana eta teilatua”adieraziz. Andere eta Xabi bikote gazte bat izan ziren, lehenak umea eduki nahi zuen eta Xabik aldiz, ez. Gaztetasuna eta diru faltari gogor egin zioten aurre aramaioarrek. Igoak itxarotea nahiago zuenez, beraientzako denborarik ez zutela eukiko umea izatekotan kantatu zion.Anderek beti bere gorputza gaztea ez dela izango eta, maitasuna baldin badago besterik ez zuela behar erantzun zion.
Zortziko txikian saioak gora egin zuen. Algara eta txalo artean, Ruben Sanchez eta Zigor Enbeita ezkontzekotan zirela eta altarean apaizaren zain zeudela esan zien gaijartzaileak. Rubenek “halere arraroa bi gizonen boda/igual apaiza ere gaya izango da” esanaz ekin zion ofizioari. Enbeitak agian tabernan egongo dela boda digeritzen kantatu zion eta hona Sanchezen erantzuna.
Bada ez da normala ni
Garaiz joatea
Familia ere hor dago
Eta ze pakea
Nahiz ta onartu duten
Gaya izatea
Jasango ote dute
Musu ematea?
Otamendi eta Arriolabengoaren atzetik, paperean eta adinean bete betean sartzea lortu zuten Perea eta Igoak. 17 urteko bi mutil gazte ziren eta parrandatik bueltan putetxe baten ate aurretik gogoz kantatu zuten. Oihanek estrenoa mundiala XABI izango zelakoan honakoa erantzun zion Xabiri:
Kartera erre dugu
Ekin eta ekin
Pagari atera nahian
Hainbeste etekin
Baina zalantza bat dut
Ta nahi nuke jakin
Zer egingo diguten
Hamar eurorekin!
Xabi Igoa fresko eta fin aritu zen, bere lehen txapelketa izanik ere. Andere eta Asierrek ere txukun osatu zuten zortziko txikiko saioa eta Hamarreko txikiko ariketaren ostean aurkezleak bertsolariak kartzelara bidali zituen. Ruben Sanchez eta Andere Arriolabengoak itxaropenaren telefonoan izan zuten elkarrizketa nabarmentzekoa izan zen, baita Zigor Enbeita eta Oihane Perearen euskarazko mintza praktika ere. Xabi Igoak eta Asier Otamendi irakasle eta ikasle paperean jarri zituzten. Ateraldi politak izan zituzten biek eta entzuleak barreka gogotik txalotu zituen bi bertsolariak.
Bakarkakoan denak fin aritu baziren ere, Oihane Perea eta Asier otamendiren saioa nabarmendu ziren. Gaiak “egitegiari Xak egiten ari zara, gero eta gutxiago falta da egun hori heltzeko” zioen. Otamendik minbizia duenaren azaletik kirofanora zioala eta triste eta etsita zegoela esanez honela bukatu zuen bere lan puntuagarria: “ urte hontako egutegia daukat gurutzez josita/baina bazpare hurrengokoa ere daukat erosita”. Zigor eta Rubenek presoak izan zituzten gogoan, eta Igoak txapelketari kantatu zion. Hala ere, Disdira gehien atera ziona bakarkakoari Oihaneren bakarkoa izan zen:
Hirurogehitabat urte dauzkat
Izan dut bizi eztia
Izan naiz oso langile fina
Ta batzutan amestia
Jubilazioa helduko da
Aibarruko abestia
Udaberria hori izango da
Irtengo da eguzkia
Eta orduan eukiko ditut
Denbora eta astia
Eta bueltatu beharko didate
Pagatutako guztia
Berrogehi uret luzetan nola
Xahutu dudan denbora
Lan kutre txar bat lortu nahi eta
Pasa behar mila froga
Niretzat hauxe ez da izango
Galbidea inondik inora
Manifetara joaten hasiko
Naiz eta zeinen gustora
Joango naizen harri batekin
Poliziaren ondora
Eta orduan nire bigarren
Gaztaroa hasiko da
Sei bertsolariek egindako lana puntutan ordaindu zien epaileak, Oihane Pereari finalean kantatzeko zuzeneko txartela eskainiz 333,5 punturekin eta hurrenez hurren Asier Otamendiri 330,5 puntu emanaz Andere Arriolabengoa, Ruben Sanchez eta Zigor Enbeitari 306,5 puntu eta azkenik Xabi Igoari 283,5 puntu
Hortaz, Apirilaren 4an Gasteizko Printzipal Antzokian kantatuko duten sei bertsolariak Oihane Perea eta Manex Agirre (zuzenean sailkatuak), Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi eta Iñaki Viñaspre izango dira. Sarrerak gaurtik aurrera Gasteizko Amaia Zentroan izango dira eskura edo martxoaren 31tik aurrera Printzipalean bertan. Honenbestez sustraiak errotu egin dira. Orain, nor iritsiko den puntara jakitea baino ez da falta. Sei buru eta txapela bakarra dagoen tokian hau baino ez da ziurra: irabazi nahi duenak gogor borrokatu beharko du.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: