Bi Aramaioar Euskal herriko finalera
Arabako eskolarteko txapelketako finala jokatu da gaur goizean, Gasteizko Armentia ikastolan. Goizeko 9:00etarako Araba osotik hurbildutako 80tik gora haur eta gazte batu dira azken txapari ekiteko asmoz. Gure eskualdetik ere, azken urteetan ohikoa den bezala, ordezkaritza aparta izan dugu maila eta sail guztietan.
Idatzizko lana izan da lehendabizi egin beharrekoa eta finalera sailkatu diren bertsolari gaztetxoek liburu sorta, zukua eta txokolate bokata jaso dute opari bezala. Azkenean bi bigarren sari etorri dira eskualdera, Peru Abarrategik lortu du bigarren saria Lehen Hezkuntzako sailean eta gazteen mailan Estitxu Saratxo Elosuarrak.
BAT-BATEKO FINALA:
Txikitan, Peru bigarren
Idatzizko lanak burutu ostean bat-batekoaren txanda izan da. Oholtza gainera igo dira 14 urtez azpiko finalistak: Ane Olano, Maddalen Arrausi eta Beñat Olano gasteiztarrak, Bingen Sainz Arrizalarra, Jon Unai Aspe Aguraindarra, Unai Gondra Artzinegarra eta Antton Carretero eta Peru Abarrategi Aramaioarrak.
Saio polita egin dute, arina eta freskoa. Bigarren fasera Jon Unai, Bingen, Beñat eta Peru sailkatu dira, baina azkenean txikienek nagusienei aurrea hartu eta sorpresa eman dute. 11 urte baino ez dauzkate lehen bi sarituek: Beñat Olanok jantzi du txapela eta bigarren saria lehendabiziko aldiz txapelketan parte hartu duen Peru Abarrategi Aramaioarrak.
Handitan, Ander Solozabal txapeldun
14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteen txanda izan da azkena. Sei finalista izan dira oholtza gainean, Elyem Chej legutiarra, Estitxu Saratxo Elosuarra, Ander Solozabal gasteiztarra, Ainhoa Comas amurrioarra eta Maria Izaga eta Xabi Igoa Aramaioarrak. Eskualdeko 4 gazteek maila aparta erakutsi dute saio osoan zehar. Bereziki azpimarratzekoa izan da, nagusitan finalisten artean izandako konfiantza eta lagun arteko giroa.
Eskualdetik joandako lau ordezkarietatik bi, Xabi Igoa eta Elyem Chej, bigarren fasera sailkatu dira, hirugarren sailkatua Ander Solozabal izan da, erdi aramaioarra izatez. Anderrentzat izan da txapela eta Xabi Igoak bigarren saria lortu du. Honenbestez erabaki dira Altsasun Ekainaren 20an jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finalean arituko diren arabako ordezkariak: Peru Abarrategi, Beñat Olano, Xabi Igoa eta Ander Solozabal. ZORIONAK guztiei, eta bereziki LEGUTIO eta ARAMAIOKO BERTSO ESKOLEI, horren lan txukuna egiteagatik!
Goseak geratu bazarete, ikusi egunean zehar ateratako argazki gehiago:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: