Bertsoa, lehiatik festara Legution

gorbeialdea-bertsotan 1456135080255 Gorbeialdea bertsotan | 2011-05-30 09:00

Arabako eskolarteko bertsolari txapelketa PAPO! Legution izan zen aurreko zapatuan finala, eta justizia egin zuten bai eguzkiak, eta baita epaileek ere. Egun ederra hasi zen, eta ederki bukatu zen eguna...

Txikien finala hasi zen goizean. Zergatik txikiak goizean? gazteek oraindik begietako bekarrak kendu gabe zituztelako... sekulako koadrila azaldu zen Legutioko kultur etxeko eszenatoki gainera:

 

Gure eskualdeko ordezkari, Aramaioko taldeko mutil lerdenak, azpian ikusten duzuen bezala. Eta nor aterako txapeldun, kanpeoi, subirano, errege, eta ARAMAIOKO TALDEA!! Peru Abarrategi joango da Euskal Herriko finalera ordezkaritzan, Gaseizko Maialen Arrausirekin batera. Txapela, odola eta patxarana bezala, gorri beste behin ere... egurra!

40 lagunentzako bazkari "torratua" egin eta gero, Menorcako glosadoreen bisita izan genuen Legutioko plazan: Joanet eta Verderoll glosadoreek, Pele sonadorearen laguntzarekin eta Marc-en ezinbesteko itzulpenekin, saio polita eman ziguten, eguzkiaren babesean. Mediterraneoko uretan bainu bat hartzeko gogoa sartu zitzaigun, pantanoa ahaztuta, jeje...

Eta arratsaldea iritsi zen. Herri kirol eta jolasen ondoren, gure eskualdeko bi ordezkari pertxentak ikusi ditzakezue azpian: Kafeto eta Anbotoko Mari, edo hobe esanda, Paula Amilburu eta Maria Izaga. Pankartaren kultura ondo zabaldua dago Aramaion, eta hauek ez ziren gutxiago izan. Txapela jantzi aurretik txapelarekin etorri ziren, hori da aktitudea hori!

Gazteen finala serio joan zen, profesional, ondo. AMAIA LASAGA gasteiztarra atera zen azkenean txapeldun, eta Euskal Herriko finalera joango da poz-pozik eta irribarretsu, Paula Amilbururekin batera.

Zer nahi duzue esatea: bertsoak festatik zerbait badu, horixe ikusi zen Legution. Bonbo eta guzti, a ze koadrila elkartu zen. Zorionak denoi!!

Hurrengoan gehiago eta hobeto (hobeto ahal da?). Eta Josu Campo, jaitsi hortik, beldurra ematen duzu eta... baietz bonbo gainera erori eta zulatu!


Utzi iruzkina: