ARAMAIO FINALERA!
Kakiturri-Ehari eta Aramaio joango dira maiatzaren 8an jokatuko den finalera
Atzo, hilak 25, jokatu zen Arabako Kuadrilla arteko bertsolari txapelketaren finalerdietako ligillaren azken saioa. Aramaioko taldetik Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Iker Agirre eta Xabi Igoa. Amurrioko taldean Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Serapio Lopez, Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre. Nor baino nor aritu ziren, finalerako txartela baitzegoen jokoan. Aramaio izan zen arratsaldeko protagonista, hark eraman baitzituen puntuak bi modalitateetan: bertso jarrietan eta bapatean.
Bertsolariek honako lana egin behar izan zuten Idoia Beitia gai emailearen gidaritzapean: Taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso (2), taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso (2), bina punturi erantzun zortziko txikian, gaia emanda bi bertso nahi den doinu eta neurrian, taldeko batek beste taldeko batekin ofizioka hamarreko txikian hiruna bertso, taldeka, gaia emanda, taldeko hiru lagunen artean, hiruna kopla.
Baina txapelketa honetan ohikoa bihurtu den bezela, bapateko saio puntuagarriarekin hasi aurretik bertso jarrien txapelketarekin hasi zen arratsaldea. Musikaz lagundurik alaitsu etorri ziren arratsalde honetako parte hartzaileak: Aramaioko taldea eta Errioxa eta Amurrioko bertso eskolak. Bapatekoarekin paraleloan jokatu den lehiaketa honetan ere atzo erabaki zen zeintzuk izango diren maiatzaren 8an Araba gaitzat harturik finalean arituko diren hiru taldeak: Gasteizko Martin Ttipia eta Aldapazaleak eta Aramaioko taldea izango dira.
Beraz, giroa bor-bor zegoela eman zioten bapateko saioari hasiera. Zortziko nagusiko saioak nahiko gora beheratsuak izan ziren, saio guztiaren antzera, hala ere, ale politak entzuteko parada izan genuen. Aramaioarrak orohar, gainetik ibili ziren saio guztietan zehar. Bertsorik politenak entzuteko aukera hala ere bakarko lanetan izan genuen. Manex Agirre hurrengo egunean erretiratuko zen irakaslearen larruan sartu behar izan zen. Txirrinak azkeneko aldiz jo zuen momentuan jarri zuen gai emaileak. Bertso politak abestu zituen, bere bizitzan gainditu beharreko azkeneko examina oinarritzat hartuta. Umore punturik nabarmenenak kopletan etorri ziren. Trikitilariek Santi MamiƱe jo bitartean abestu behar zuten bertsolariek, horrek animatuta alai ibili ziren seiak eta bertaratutakoen algarak ateratzea lortu zuten. Bertso puntuagarriak amaitu ondoren epaimahaikideek ez zuten ezustekorik eman, atzoko puntua aramaioarrentzat izan baitzen arratsalde guztian zehar erakutsitako nagusitasunaren ordainetan.
Honenbestez, bukatu dira finalerdiko ligillako saioak eta erabaki da zein bi talde joango diren maiatzaren 8ko finalera: Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aramaio. Finala Gasteizko Landatxo kantxan izango da bazkari eder baten ostean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eu webgunean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: