GELDITU ETA PENTSATU !!
GELDITU ETA PENTSATU!
AHT- REN AURKAKO IBILALDI INFORMATIBOA ARALAR MENDIAN
MARTXA INFORMATIVA CONTRA EL TAV EN LA SIERRA DE ARALAR
LAKUNTZATIK ORDIZIARAAPIRILAK 1 –2
“Harririk zailena baino gogorragoa eta zekenagoa da klase politikoa. Ustelkeriaren eta desarrollismoaren izenean justifikatu nahi da paisaje eta kultur ondarearen txikizioa. Arazo honi buruz duen ezjakintasuna izugarria da. Eta egun bizi dugun naturizidio beldurgarriaren eta nortasun zeinuen ezabaketaren erantzulea da. Iraultza soziala zeregin ezinbestekoa dugu hainbeste barbarie geldieraziko badugu.”
Iñaki Uriarte arkitektoak iritzi artikulu batean esana
Apirilaren 1 eta 2an Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Aurkako asanbladak deituta mendi ibilaldi informatiboa egingo da Nafarroako Korridorearen eta Euskal Yaren arteko lotuneak Aralar mendian eragingo lituzkeen kalte larriak salatzeko. Hori dela eta, “Gelditu eta pentsatu. AHT EZ! lemapean Lakuntza, Ataun, Zaldibia eta Ordizia elkartuko dituen bi eguneko mendi ibilaldi honetan parte hartzea deitzen dugu, inguruenari nahiz gizarte osoari hainbeste kalte ekarriko liokeen AHT egitasmoarekiko oposizioa adierazteko eta Nafar korridorea eta Euskal Yarekin lotzearen ondorioz Nafarroa eta Gipuzkoan kalteturiko herrietan borroka informatiboa bultzatzeko.
Honi dagokionean, jakina da Espainiako Sustapen Ministerioaren planaren arabera, Arakil bailara eta Oria haranen artean –Ordizia ala Tolosa- kokatuko litzatekeela bi sareen arteko lotunea. Hain zuzen ere AHT Aralar mendian eragingo lituzkeen inpaktuei buruzko txostena argitaratu du AHTren aurkako asanbladak joan den urtarrilean, egitasmo horrek ingurugiroan eragingo lukeen eraso onartezina kontuan hartuta bertan behera utz dezatela eskatzeko ( txosten hori eskuratzeko 943 883978 deitu edo honako web orria begiratu www.sindominio.net/ahtez agiriak) izan ere, AHTren gaia dela eta Euskal Y inposatzea geldierazteko egiten ari gara ahalegin handiena AHTren aurka herri migimendua, baina Nafarroako korridorearen aferari begira ere jarri beharko dugu, Nafarroako Gobernuak hasi duen AHTren aldeko kanpaina zitalaren aurka lana antolatzeko eta proiektu horrek Aralarren eragingo lituzkeen inpaktun latzak direla medio, hain justu,Eusko Jaularitzaren eskutik Euskal Y eta Nafarroako korridorearen arteko lotuneari buruz nozitzen ari garen erabateko desinformazioari eta oskurantismoari aurre egiteko.
Horrenbestez, jende guztia ibilaldian parte hartzera animatu nahi dugu, ea horrekin aberastasun natural handiko eremuak eta kutur ondare garrantzitsua gordetzen dituen ingurunean inposatu eta bertako balore naturalak- hala nola Lizarrustiko basoa, Ataungo domoa edota Ubeizuloko sarbegia, beste adibide askoren artean- eta kulturalak interes ekonomiko eta desarrollista hutsen probetxurako hondatuko lituzkeen proiektu txikitzaile horren aurka erantzuna elkartzeko topagune bat ematea lortzen dugun. Bide batez,hainbat ingururen edertasunaz gozatzeko eta hurbilean dugun bizilurrak dituen ondasunak hobeto ezagutzeko aukera eskeiniko du ibilbideak, natur zientzien arloan eta ondare arkeologikoaren azterketan aritzen diren zenbait pertsonek emango dizkiguten azalpen lagungarriei esker.
Deialdia zabalik dago sostengua erakutsi nahi duten talde eta elkarteentzat. Ildo horretan, Ataungo gazte asanbladak asteburu horretarako larunbatean “AHTren aurka burrunba” egingo du herriko gazte egunaren barnean eta ibilaldiaren aurretik bi hitzaldi informatibo antolatu dira: bata Etxarri Aranatzen hilaren 23an, arratsaldeko 8etan kulturgunean; eta bestea, hilaren 31ean, Ataungo San Gregorio auzoan.
Ibilaldiaren egitaraua:
Ibilaldia larunbatean goizeko 10,30etan Lakuntzatik abiatuko da, eta bi etapa ibili ondoren, Ataunen eta Zaldibian, igandean arratsaldeko 7etan Ordiziako plazan amaituko da. Jendeari parte hartzeko erraztasunak emate arren etapa osoak egin gabe (eguneko 6-6,30 ordu oinez egingo dira) bide zati bat egiteko aukera dagoela jakin erazi nahi dugu, honako leku eta herri kaltetuetan martxarekin elkartuta: larunbatean, arratsaldeko 15:00 Lizarrusti; eta igandean, arratsaldeko 16:00 Arkakan CAF zentralan(Zaldibia) eta 18:30 Oiangu parkean(Ordizia). Bestalde AHT ren aurkako elkartaratzeak egingo dira, larunbatean arratsaldeko 15:00 Lizarrustin eta igandean 17:00 Zaldibian, eta 7retan Ordiziko plazan. Gipuzkoa aldetik ibilaldira joateko autobusa aterako da larunbatean, goizeko 9:40 Beasaingo tren geltokitik (Ikus bestalde Eibar-Iruña eta Gasteiztik Lakuntzara joateko dauden autobusen ordutegiak)
Larunbatean txangoa Lakuntzatik abiatuko da eta ibilbidearen aurreneko zatia Zaldindegi eta Txortxorreko bazterrak bisitatuko ditugu, Arakil bailara AHT inoiz gauzatutako balitz Aralar eta Lizarrusti-Altzania mendi lerroaren hegoaldeko magalean paisajea eta baso garrantzitsuetan kalte oso larriak eragingo liratekeela salatzeko. Lizarrustin atsedenaldia egin ondoren, Aralar mendian barneratuko da ibilaldia, non nabarmendu behar den AHTren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin Ordizian lotzeko proiektuak 10,300km egiten dituela Parke Naturalaren barnean; hala ere, ez dirudi “naturgune babestua” izatea oztopo denik azpiegitura-lan hori gauzatzeko: izan ere, Gipuzkoako Aralar aldea Parke Naturaltzat aitortzen duen dekretuko azken artikuluak era eskandalagarrian “Autopisten, autobien eta errepide lasterren proiektuak eta trenbide garraioko azpiegiturak” eraiki daitezkeela adierazten duela salatzen dugu, Aralar Mendia ingurumen inpaktu handiko ekintza horien aurrean babesgabe utzita. Zehazki, Agautz Mendi inguruan ibiliko da martxa, bertan AHTrentzat aurreikusitako tunelak mendiguneko ura biltzen duen lurpeko sare hidroligikoari eragingo lizkiokeen kalte gogorrak salatzeko; hurrenez hurren, Urbeizuloko sarbegia, Saastarriko lapiaza, Leizebeltz eta Patatasoogueneko leizea, Armointatzeko koba eta Aiaiturrietako iturburuak eratzen dituzten fenomeno karstikoak bisitatuko ditugu. Txangoa Ataun Aia auzoan arratsaldeko 20:00 etan bukatuko da eta hor autobus batek jasoko gaitu Ataunera eramateko(San Martin auzoa), baita inork nahi izan ez gero Beasainera itzultzeko ere.
Igandean goizeko 10etan Ataungo udaletxearen aurretik abiatuko da ibilaldia (San Martin auzoa) eta Ataungo domoaren ingurune kaltetura emango gaitu lehenengo urratsak. Bertan, Aizkoate eta Intzartzuko haitzen ezaugarri geologiko bereziak sortu duten balio ekologiko eta estetiko handiko gailurreria aipagarria da, baita ingurune osoa estimatua dela ere, kultur oondare handikoa, besteak beste hortxe egin baitzituen J.M. Barandiaranek bere lehendabiziko miaketak eta aurkikuntzak, Jentibaratzako gotorleku zaharrean. Ibilaldiak Troskaeta koba garrantzitsua, Kobazabal eta Koa bisitatuko ditu. Ibilaldi osoa egin ordez zati bat bakarrik egin nahi duenak honako hauek izango ditu martxarekin arratsaldean elkartzeko hitzorduak: 16:00 Arkaka, 17:00 Zaldibia 18:30 Oiangu eta 19:00 martxari amaiera emateko Ordiziako plazan egingo den konzentrazioan.
Martxan parte hartuko dutenen pertsonentzat laguntzako furgoneta bat ibiliko da gauzak eramateko (aldatzeko arropa, lozakua, e.a.) eta larunbateko gaua, afaria eta igandeko gosaria Ataungo Gabrielenea aterpe etxean egingo dira (Ataungo San Martin auzoa). Egunean zehar mendian mokaduak egiteko janaria norberak ekarri behar du eta aldatzeko arroparekin batera linterna ere eramatea gomendatzen da, Armontaitz eta Troskaetako kobak bisitatzeko.
Larunbata 1 Lakuntza-Ataun Aia auzoa
Irteera goizeko 10,30 Lakuntzako plaza
Bidea: Lakuntza-Zaldindegi-Txortxorte-Lizarrusti 15:00, Ubeiko leizea- Agautz-Leizebeltz-Armontaitzeko koba-Maumendi erreka-Aiaiturrieta-Aia
Iraupena 6,20 ordu oinez.
AHTren aurkako ekitaldia 15:00 Lizarrusti
Igandea 2 Ataun San Martin- Ordizia
Irteera goizeko 10etan Ataungo udaletxetik
Bidea: Jentilbaratza-Aizkoate-Intzartu-Kobazabal-Troskaeta koba-Koa-Arkaka CAF zentrala 16:00-Zaldibia 17:00 -Oiangu 18:30-Ordizia amaiera 19:00
Iraupena 6 ordu oinez.
AHTren aurkako ekitaldiak: 17:00 Zaldibia eta 19:00 Ordiziako herriko plazan
Asanbladak kritika egiten dio Aralar eta EB alderdian azken ekimenari
AHTren aurkako asanbladak kritika zorrotza egiten dio Aralar eta IU-EB indar politikoei Euskal Y egitasmoan trazaketa aldaketak egiteko eta Espainiako Sustapen Ministerioak Nafarroako korridorearen lotunean Altsasuatik barrena egin dezan eskatzeko joan den martxoaren 10ean lege biltzarrean plazaratu duten ekimenari. Gure ustez, proposamen horrek larriki nahastu egiten ditu AHTren aurkako oposizioaren helburuak, eta trazaketa aldaerak ez dira inondik inora gatazka honek behar duen konponbidea. Honi dagokionean, bi alderdi politiko hauei Nafarroan AHTren proiektuaren aurkako jarrera har dezaten eskatzen diegu, izan ere, EAEn Euskal Y aren kontra agertzen diren artean, onartezinezkoa iruditzen baitzaigu Nafarroan AHTren alde aritzea eta Euskal Y arekin lotzeko Nafar Gobernuak daraman kanpaina zitalarekin bat egitea. Zaila da benetan kontraesan gehiagotan erortzea. Horrekin batera, azpimarratu nahi dugu AHTren eztabaida ezin plantea daitekeela eredu sozialaren inguruko eztabaida orokorretatik at. Azken Finean, ezin bestekoa dugu egungo garraioa eta gizarte ereduaren Eraldaketa sakon baten alde ikuspegi kritikoa zabaltzea, naturguneak defendatzeagatik bakarrik izango balitz ere.
Bukatzeko, Altsasutik barrena aipagai den alternatibaren inguruan gerta daitekeen nahaste borrasteaz ohartaerazi behar dugu: izan ere, Espainiako Gobernuaren azpiegitura planak euskal Y-a eta Nafarroako Korridorearen arteko lotura Oria haranean egiteko proiektuari bere horretan eusten dio, eta gainera, proposatzen du Gasteiz-Iruña tartea Altsasutik barrena abiadura handikoa bihurtzea. Hau da, proiektu bikoiztuak pilatzen dira. Ondorioz, Arakil, Larraun, Araitz eta Oria haranen arteko lurraldea, alderik alde, abiadura handiko Euskal Y/H sarearen mehatxupean dago.
Gauzak horrela, apirilaren 1 eta 2an Aralar mendian egingo den ibilaldian parte hartzeko dei egiten dugu,AHTgeldierazi eta desarrollismo errefusatzeko, oinak lurrean jarrita zentzuz ibili nahiago dugulako.
Hortaz, zuen parte hartzea espero dugu eta zuen inguruan deialdi honen berri ematea eskertuko dizuegu. Informazio gehiago lortu nahi baduzue harremanetan jartzeko dei 943 027273/ ibilaldian 610 963724
AHTren AURKAKO ASANBLADA
Iruzkinak
Utzi iruzkina: