arrosa bat eguzkiaren begietan

 

Malkoak negarrez ari dira.

Eta zure eguzkiak ez du arrosarik begietan.

Aspaldi ezkutatu ziren kattagorriak hosto-bideetatik,

Izua daramate isats bihurrian zintzilik,

Ez dira egunsenti berriaren jostailu.

Udaberriko ekaitzak hodeien haserrea du irudi,

Tximista odolduen zauriak garrasi egin dio zentzuari

Eta han, ibai ertzetako haltzen bihotzean

Iluntasunak itsututako taupada bizkortuen esklabu.

 

Denboraren itzala korrika doa mamuak airean

Izara zurien azpian argia ilunduz.

Hotza da burdinaren laztana, mina zarataren xuxurla.

Trena badoa, hegan, bizitzaren geltokiak maitatzeaz ahaztuta

Etorkizun duinaren zaporeak irentsiz,

Geroari aurrera egiteko pausoen ibilia ebatsiz.

Abiadura handian itoko diren lurretara so,

Urezta dezatela gure begiek lore berri bat

Irribarre egiten irakatsiko diguna,

Abiadurak poliki ibiltzen ikasi duelako,

Lorearen izerdiak kimu berri bat loratuko duelako,

Zure eguzkiak arrosak izan ditzan begietan

 

Irati Goikoetxea


Utzi iruzkina: