Aktak sinatu gabe, berriz ere
Aktak sinatzeari uko
Jakin dugunez, Itsasondoko eta Legorretako alkateak ez ziren atzo, hilak 25, Donostian dagoen Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzara joan, AHTren Ordizia-Itsasondo zatiko akten altxamenduak sinatzera. Udaletako ordezkariek adierazi dutenez, "behin eta berriz jakinarazi diote Espainiako Sustapen Ministerioari eta Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzari, Udalak azpiegitura honen aurka egoteko arrazoi asko izateaz gain (Itsasondon herri-kontsultak ezezko borobila eman zion AHTri), desjabetzak aurrera eramateko erabili duten prozesua ez dela garbia izan: lurjabeei beren oinarrizko eskubideak zeintzuk diren ez dizkiete esplikatu, eta eskubide horien artean dagoela, akten altxamendua beren lurretan egin eta bertan, kanpoko tenikarien balorazioa izateko eskubidea. Gainera, lurjabe batzuek presioak salatu dituzte". "Udal ordezkari gisa beren herrietako herritarrak diren lurjabeen oinarrizko eskubideak bermatzea dutela helburu" adierazi dute.
Zati honetako lurjabe batek gutxienez akten altxamendua bere lurretan egitea eskatu du. Duela bi aste Itsasondon eta Legorretan sinatzekoak ziren akten altxamendurako deialdian, aukera hori aitortu bazioten ere,atzo goizean Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzara deituta zegoen lurjabea. Horren aurrean, berriz ere eskutitz baten bidez, lurjabeak gogorarazi die "desjabetu nahi dizkioten lurrak kentzeko, prozesua behar den bezala eta bere eskubideak urratu gabe egin beharko dutela". Hori adierazita, lurjabe hori ere ez zen atzo akten altxamendura joan Donostiara.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: