IRLANDAR EGUNAK
Bi irlandar egun ospatu ditu dagoenekoz Gazte Asanbladak, eta agerikoa izan
da herrian oso harrera ona izan duela. Lehena 2008ko ekainean ospatu zen, eta
bigarrena 2009ko irailean. Beste inon egiten ez den egun hau antolatzearen
arrazoiak garbiak dira, eta egun hartan kaleratu genuen agirian islatzen
genituen argudio horiek: GOGA-k Ormaizti
eta Gabiriako herriari: Hamaika
herri gaude zapalduta, hamaika herri gaude matxinatuta; eta hainbeste amorru
eta iraultza gure herriak berdin edo gehiago maitatzetik soilik etor daiteke. Irlandako
gatazka beti sentitu dugu gertutasun handiz, bizi ditugun ezberdintasun anitzak
ez baitira nahikoak berdintasunak estaltzeko. Ez al dauzkagu etsai berdinak,
ingelesak, frantziarrak edo espainiarrak? Eta gure etxekoak? Azken finean,
sistema kapitalista, neoliberala, inperialista!, ez da zu eta ni, baizik eta zu
edo ni. Ez
gaituzte izaten utzi, garen arren; gure lurra euren patriketan sartu dute;
haientzako ez gara gizakiak, giza baliabideak baizik. Hainbeste malko eta odol
isuri ostean zerbait argi geratu bazaigu, zuekin
etorkizunik ez daukagula da. Herri txikiok gure geroa bermatzeko dugun
tresna garrantzitsuenetakoa da elkartasun internazionalista. Badaukagu
irlandarrengatik zer ikasi, eta bertan gatazkak eraman duen ibilbidea aztergai
izan behar dugu; hitza eta erabakiaren bidez arazoei irtenbidea aurkitu
daitekeela erakutsi digute, baina horiek dira zehazki estatu espainiar eta
frantziarrak euskaldunoi urratzen dizkiguten eskubideak. Herritar
guztiei dei egiten dizuegu ekimen berri eta aberasgarri honekin bat egiteko,
gure herriei beste bizitasun bat ematea guztion esku baitago; salaketa eta
festa baturik dauden egun honetan eman diezaiogun gure herriari beste kolore
bat. Irlandan
errepublika batu eta librea sortzea dute hizpide; gu Euskal Herria independente
eta askea eraikitzera goaz. Utopiak omen dira, baina utopia biharko egia
besterik ez da; bi pauso eman eta bera beste bi aldentzen da, baina azken
finean horretarako balio du, pausoak eman eta ibiltzeko. Ez diegu gure ametsei
uko egingo, guztiz kontrakoa, besteek gurekin amets dezaten nahi dugu. Denok ala
inor ez, dena ala ezer ez. TIOCFAIDH ÁR LÁ! JO TA KE! Bi egun horietan egitarau
politak antolatu ziren: irlandar gazte baten hitzaldia, bertako musika eta
garagardoak, bakarrizketak… Irlandar eguna antolatzeak
Ross bezalako pertsonaia ezagutzeko aukera eman zigun, eta horrek gainera
Irlandara bidai bat egiteko aukera izan zuen ondorio. Beharbada beste irlandar
egun bat antolatuko da aurten, baina egitekotan, azkena izango litzateke;
ondoren nazioz aldatuko genuke. Zein izango ote da aurten
edo hurrengo urtean Ormaiztia eta Gabiria ekarriko dugun munduko txokoa?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: