Zergatik idatzi?
Sarri askotan gertatzen zait besteren hitzetan hobeto islaturik ikustea nire pentsamendu iluna, besteek nire izenean hitz egitea izanez gero, gauzak argiago azalduko nituzkeela pentsatzea. Halako zer edo zer sentitu nuen Jon Benitok2010eko urtarrilaren 3an BERRIAn literaturaz idatzitako irakurri eta gero.
Hona Jonen zenbait lerro, neureganatu, hausnartu eta, azkenean, zuei ekarriak:
"Ez al da zoragarria? Paperezko orri batek, zenbait hitzek, hauen esanahi eta esateko moduak eta marrazki batzuek, hezur haragizko makina bat harritu eta hunkitzeko gaitasuna dute. Horretan datza literaturaren jokoa: batek idatzi eta beste batek irakurri egiten du. Egia esan, norbaitek irakur eta ikus dezan idazten eta marrazten da, eta irakurlea, begiekin hitzak eta marrazkiak jatera jartzen denean, pertonaiaren lekuan kokatzen da, eta sentitu eta ulertu egiten ditu haren beldur eta maiteminak, edo horretan saiatzen da behitzat. Eta enpatia egiten da: identifikazioa. Irakurlea, liluraz, liburuko protagonista bera dela pentsatzeraino".
Bilboko eskola baten izan zen, 10 urteko neskatila batek eskua altxatu eta galdera egin zidan Izaroko altxorra irakurri berrian Blacky txakurrak hartutako tiroaz:
- Tiro hartzean, minik sentitu zuen? (Barreak ikaskideen artean; harridura nire begietan).
- Barkatu, ez dakit ondo ulertu dudan galdera; errepikatuko duzu mesedez?
- Bai, ea Blacky min handirik sentitu zuen lapurrak zauritu zuenean? (Oraingoan ez dago barrerik inguruan; ikasle guztiak niri begira daude, erantzunaren zain).
Nire lehen liburua argitaratu eta hilabete batzuetara lehendabiziko saio batzuetako bat zen, esperientziarik gabeko idazlea nintzen, eta are esperiantzia gutxiagoko saiolaria. Neskari begiratu -zeiharka gainerako ikasleei ere bai-, irakaslearen soa sentitu nuen ezker albotik nire hitzetatik tira egin nahi balu bezala, eta...
- Ez, ez zuen min handirik sentitu.
Hura izan zen neskaren aringarria: aurpegia erabat lasaitu zitzaion, sorbaldak erlaxatu eta irri eder bat eskaini zidan. Hamahiru urte dira eskolaz eskola nabilela, geroztik ia leku guztietan gertaera hau kontatzen dut, izan dudan irakurlerik onenaren gertaera.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: