Zapatak ondo garbituta

gezurrarenkoloreak 1456133244156 Gezurraren koloreak | 2010-11-23 00:00

Bihar, azaroak 24, Artxandape ikastolara joango naiz. Ikasturte honetako lehen saioa izango da irakurle ikasleekin. Ondo prestatuta heldu nahi dut, behinola hango irakasle batek esan zidan bezala: "Zapatak ondo garbituta". Ikastolako atera heldu eta irakasleak ongi etorri egin orduko konturatu ginen eskuan neraman liburua ez zela haurrek irakurritakoa. "Ez arduratu", esan zidan, "inportanteena jendaurrean agertzen dugun jarrera da; zapatak ondo garbituta agertu behar da". Horrela heldu nahiko nuke, niregandik espero duten neurria emateko gertu.

 

Ibaizabal argitaletxearen eskutik noa. Komertzialek eta irakasleek ondo egindako lanaren ondorio dira saio hauek: lehenek liburuak ikastetxez ikastetxe aurkeztu eta gomendatu ostean, bigarrenek ikasleak irakurtzeko motibatzea. Eta ondo egindako lan hori gelan nabarmentzen da. Urte asko dira Artxandapera joaten naizela eta beti ilusio bera aurkitu dut ikasmahaien atzeko begi distiratsuetan, beti jolaserako gogo bera.

 

Beste batzuetan, aldiz, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) kudeaturiko programa baten emaitza da eskoletako saioa: Idazleak ikastetxeetan. Hauetan ere "zapatak ondo garbituta" joaten ahalegintzen naiz; aurten, baina, pobreagoak izango dira euskal idazleon zapatak (ez ilusioa eta gogoa, jakina). Eusko Jaurlaritzak egundoko guraize-kolpea eman dio programa horretarako diru-laguntzari: 2009-2010 ikasturtean 190.000 euroko programa kudeatu zuen EIEk; 2010-2011n, 85.000 baino ez dira izango.

 

Ez da kolpe bakarreko mozketa izan: 2009ko 190.000 euroak 120.000 izan ziren 2010eko aurrekontuetan. Oraingo Jaurlaritzaren laguntzarekin ezin zien EIEk aurre egin lehengo Gobernuarekin hartutako konpromisoei: EIEren programa ikasturte bati dagokio, bi urte natural hartzen ditu; Jaurlaritzaren aurrekontua urte naturalari bakarrik lotzen zaio. Oztopoa gainditzeko, 2010-2011 ikasturterako aurreikusita zegoen partidaren zati bat erabili behar izan zen. Ondorioa, beraz, ikasturte honetan 85.000 euro bakarrik erabil daitezkeela Idazleak Ikastetxeetan programan. Hots, saio gutxiago, nahiz eta ikastetxeen eskaera betikoa izan.

 

Horregatik, akaso higatu xamar ikusiko dituzue idazleen oinetakoak, baina, ez izan zalantzarik, ikasturte honetan ere "zapatak ondo garbituta" agertuko gara irakurleen aurrean.


Utzi iruzkina: