Solsona

gezurrarenkoloreak 1456133244156 Gezurraren koloreak | 2011-06-28 20:06

Jolas bat egiten dugu autoan bidaiaren luzea laburtzeko: beste autoen matrikuletako letrez hitzak osatzea. Pasa den asteburuan TEP Pirinioetako Idazleen Topaketak izan ditugu Solsonan (Lleida), XVIII.ak, eta topaketon espiritua adierazteko udalerriaren izenarekin jolastu nintzen larunbateko liburu-aurkezpenean: hitzak sortu beharrean, hitza zatikatu eta euskarara ekarrita, sentitzen dudanaren esanahia adierazi.

SO/LS/ONA

'So', 'so egin', 'soa', eta hori da topaketa hauetan gehien erabiltzen ditugun zentzumenetako bat (bestea entzumena da, dena katalana da-eta gure inguruan). So egiten diogu paisaiari, Pirinioari, herriari, arteari... lagunaren irriari eta idazlearen arretari. So egiten diogu bideari, orainari eta lehenari; so egiten diogu letrari eta soinuari, hitzari; so egiten diogu elkarren arteko topaketari, trobadari.

'Ona' da uneoro gelditzen zaigun sentzazioa, minutuak utzia, orduak lagatakoa, egunak itsatsia. Ona da topaketetan izan garen lau urteetan (Boi, Xareta, Esterri eta Solsona) gelditu zaigun arrastoa.

Bi kontsonante pausatu dira bi hitzon artean. SL balitz, sozietate limitatua dela esan genezakeen, baina argi dago ezin dela izan, ezin mugagabeagoa: hamazortzi topaketa, lau hizkuntza, makina bat leku, pila bat idazle, hamaika lagun... Pirinioak berak muga izateari utzi dio topaketon bidez. Ezin SL bat izan.

LS dira gelditzen zaizkidan kontsonanteak.

L lagunena izan daiteke, lagunartekoa, laguntasunarena..., hori baita topaketon espiriturik biziena, baina L hori literaturarena da. Azken finean literaturak batu gaitu, literaturak elkartu zituen Aneuko lagun haiek eta literaturzaletasunak eraman ditu urte hauetan hara eta hona.

Eta S sorkuntzarena da, bidaiaren amaieran gelditzen zaigun enkargua: bizi izan dugun espazioan istorio bat sortzea, kokatzea. Asteburuko esperientzia, bizipena literaturara ekartzea. LS literatur sorkuntza.

Hori da guretzat SOLSONA.

 


Utzi iruzkina: