Liburu-denda baten inaugurazioa

gezurrarenkoloreak 1456133244156 Gezurraren koloreak | 2011-11-28 14:04

Lehengo astean Elkarrek zabaldu du liburu-denda bat Getxon. Inaugurazioa zela-eta bertan parte hartzeko aukera eman zidaten eta testu bat prestatu eta han irakurri nuen. Hau da:

Has nintekeen Francisco Umbral zenak Mercedes Milaren programa hartan bezala: “Yo he venido a hablar de mi libro”. Baina ez dirudi horretarako deitu nautenik.

 

Eta egia esateko, sorpresa bat ere azaldu nahiko nuke: Ez dakit liburu-denda baten inauguraziora idazle bat gonbidatzea ideiarik onena den; aukeran, eta nire esku izan balitz ekitaldi hau antolatzea, nik irakurle bat gonbidatuko nukeen. Ez da gonbitea nire esku izan, eta hartara idazle gisa etorri naiz hona, baina, nire esku baitago, ez dizuet haren izenean berba egingo, alegia, idazlearen izenean, irakurle baten izenean baizik.

 

Nire ustez, uste apala betiere, irakurlea da liburu-dendara hurbiltzen dena, idazlearen eta liburuaren bila hurbildu ere; irakurlea da eta izango da bezero izango duzuena. Eta ni naizen irakurle honen begietan esango dizuet zer izan den, zer den eta zer izatea gurako nukeen gaur inauguratzen ari garen liburu-denda hau.

 

Umetan, irakurle behartua nintzela, eskolan aginduriko liburuen bila joaten nintzen dendara, eta inolako pasiorik gabe halako titulua esaten nion saltzaileari, edo papertxo baten eskuratzen nion letra alferraz idatziriko izenburua, eta hark, pasio handirik gabe be, apalategitik hartu, prezioa esan, dirua hartu eta beste bati begiratzen zio hurren. Hura, dena den, historia da.

 

Gaztetan, Unibertsitatean liburu serioak (eta potoloak, sarri) ikastea edo lantzea eskatzen zidatenean, dendan sartu eta saltzailea saihesten ahalegintzen nintzen (akaso gazte izaerak propio duen emantzipazioa helburu), eta liburuz bete apaletan galtzen nintzen. Orduan be saltzailearen begirada zorrotz eta jazarlea sentitzen nuen (nire zenbait ikaskidek liburuak musu-truk ateratzen zutela kontatzen zuten, eta akaso hargatik saltzailearen so mesfidati hura); kontua da, orduan be gustu ezti-mingotxaz irteten nintzela dendatik. Hori be, dena den, historia da.

 

Helduaroan, orain naizen irakurlea bihurtu naizenean, liburu-saltzailearen (ohar zaitezte jada ez dela saltzaile hutsa, liburu-saltzailea baizik), beraz, liburu-saltzailearen konplizitatea bilatzen dut, haren iritzia izaten dut gustuko, haren gomendio aditua, eskarmentatua, edo ibilia (jarri gura duzuen izenondoa).

 

Behin Ruper Ordorikari entzun nion oso gustura abesten zuela espazio txikietan, lau t’erdikoan bezala sentitzen zela (ez zuen zehaztu Aimarren edo Irujoren lekuan jartzen zen), kontrarioarekin esparru txiki bat konpartitzen ikusten zuela bere burua; neuk be gustukoak ditut espazio txikiak, liburu-denda txikiak, kontrarioarekin, aspaldiko saltzaile hotz, mesfidati eta jazarle hura ordezkatu behar duen liburu-saltzailearekin espazio txiki bat konpartitzen: literaturarena, liburuarena, liburu-dendarena.

 

Hartara, nahiko nuke ELKARren liburu-denda honetara etortzen naizenean, kontrarioak espazio txiki hau neurekin be konpartitu nahi izatea, haren iritziak eta gomendioak entzutea, haren gustuak eta nireak eremu txiki baten elkarren ondoan jartzea. Horretan irabazi behar dute liburu-dendek komertzio handien aldean!

 

Amaituko dut istorio txiki bat kontatzen. Istorio hau agian ez da inoiz gertatu, agian ez da inoiz gertatuko, baina neure buruan dantzan dabil aspaldi-aspalditik, dantza lotuan, eta gaur dantza soltean askatzeko aukera ikusi dut. Aitortuko dizuet, hasi orduko, hitzalditxo hau prestatzen nenbilela, kritikatxo deitu niola istorio honi, baina hau bezalako ekitaldi baten, ez dut uste kritika behar denik, istorioak baizik, agian gogoetara be eroango gaituzten istorioak.

 

Behin batean lagun erdaldun bat hurbildu zen herri txiki (edo handi) bateko liburu-denda batera, lagun euskaldun batentzako opari bat erostera. Erreza zuen aukera: laguna Paul Austerren irakurle amorratua izanik, idazle amerikarraren azkena zuen helburu, aurreko egunetan, eta kontura ez datozen trikimailuak erabiliz, jakin zuen-eta Austerren azken-azkena erosi barik zuela.

 

Liburu-dendan sartu eta berehala ikusi zuen apal batzuen goialdean txartel bat: “Literatura A-tik Z-ra”. Apalategira hurreratu eta A-n ezelango arazorik gabe aurkitu zuen Austerren azkena: Invisible.

 

Liburu-saltzaileak, liburua mimoz eskuetan hartu eta oparitzeko biltzen hasita, liburuaz hitz egiten hasi zitzaion, oso aukera ona zela, eta ziur zela bezeroaren lagunari be gustatuko litzaiokeela, kritikak Austerren nobelarik onena zela esaten zuela eta abar eta abar.

 

Lagun erdalduna lagun euskaldunaren etxera joan eta ez bat eta ez bi oparia eman zion. Poz handiz hartu zuen lagun euskaldunak, baina halako keinu triste ere igarri zion lagun erdaldunak hari.

 

-          Zer ba, ez zaizu gustatzen? Irakurri baduzu edo beste zer edo zer gura baduzu, alda dezakegu, e!

-          Ez, ez da hori –erantzun zion lagun euskaldunak–; kontua da liburu hau euskaraz irakurtzeko gogoa nuela.

 

Biharamunean, lagun erdaldunak liburu-dendara hurreratu zen berriz ere, eta harrituta liburu-saltzaileari galdetu zion ea zergatik ez zuten Austerren azkenaren euskarazko itzulpena. Liburu-saltzaileak, harrituta be, bazeukatela erantzun zion eta hurbil zeuzkan apalategi batzuetara hurreratu eta eskura eman zion Oskar Aranak itzulitako bertsioa.

 

Lagun erdaldunak apalen goialdeko txartela irakurri zuen: Euskarazkoak eta euskal gaiak. Bere eskuman zeuden apaletako txartela irakurri zuen berriz, bezperan Austerren Invisible liburua erosi zuen lekukoa alegia: Literatura A-tik Z-ra. Orduan ohartu zen Literatura zioen apal haietan Austerren liburua Ikustezina zela.

 

Honaino istorioa eta hona nire galdera: zergatik batzen dira euskarazko produktuak eta euskal gaiei buruzko produktuak alde batean (bide batez, eta parentesi artean, askotan ez dut jakiten zeintzuk diren euskal gaiak eta zeintzuk ez), izenburu generiko hori duen alde batean, eta gero Literatura, Aisialdia, Ekonomia edo horiek bezalako tituluen azpian erdaraz idatzitako produktuak baino ez daude? Akaso ez da literatura euskaraz argitaratzen dena? Akaso euskal gaiek ez dute aisialdirako balio? Akaso ez da ekonomiaren gainean euskaraz idazten?

 

Bueno, gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu.

 

Amaitu aurretik, eskerrona ere agertu gura dizuet: eskerrik asko, Elkar, euskarari, euskal kulturari eta literaturari beste espazio bat zabaltzeagatik gure herrian, Getxon; eskerrik asko zabaltze-ekitaldi honetan berba hauek esateko aukera ematera gonbidatzeagatik, eta eskerrik asko nire hitzalditxoa entzuteko pazientzia izan duzuen guztiei.


Utzi iruzkina: