Idazlearen nahitik irakurlearen asmora

gezurrarenkoloreak 1456133244156 Gezurraren koloreak | 2010-02-07 18:41

Hala dio Jon Benitok 2010eko urtarrilaren 3ko BERRIAn: "Egilea bizitakotik eta esperientziatik abiatzen da. Eta bere istorioa kontatzen du. Zertarako? Memoria ordenatzeko edo gertatutakoa ulertzeko edo hori guztia adieraztera emateko irakurleari. Horretan datza literaturaren jokoa, gogoratzen? Ez dakit nork esan zuen literatura Ni-aren aurkikuntza etengabekoa zela".

Lehorreko paterak idatzi nuenean Europara etengabe heltzen ziren afrikarrei buruzko albiste beltzek sortzen zidaten egonezinak eraginda izan zela kontatu nuen. Albiste beltzek esan dut, pateraz Europara heltzen diren pertsonen historia beti beltza izaten delako: hainbeste hildako, hainbeste Guardia Civilak harrapatua, berriz ere euren herrira bidaliak... Ez zen, aldiz, ezer esaten pertsona hauen inguran mugitzen zen mundu ilunaz; ez zen ezer esaten helburu lortzen zuten lagunen hurrengo egunez; ez zen ezer esaten etorkizun hobe baten bila etorri eta aurkitzen zuten infernuaz.

Eztabaidatxo bat izan nuen lagun batekin gai horretaz, nire ikuspuntuaz. Eta bera guztiz ados ez. Eztabaida baretu arren, zer edo zerk piztuta segitu zuen neure buruan, ezin nuen ekaitzaren osteko barea aurkitu, eta gogoan pil-pilean nituen ideiak ordenatzeari lotu nintzaion: nire usteak indartuko zituzten datuak bilatzen, inpernutik igarotakoen lekukotasunak irakurtzen... Orduan hasi nintzen libururako aukera sentitzen.

Bete-betean ulertzen ditut Jon Benitore hitzak, baina gehiago esango nuke. Liburua dela-eta, birritan hurbildu nintzen Iruñeara, hango irakurle gazte batzuekin egotera. Pitin batez hitz egin genuen literaturaz, liburuaren egituraz edo pertsonaiez; luze hitz egin genuen immigrazioaz, paterez, mundu ilun hartaz... Segitu nuen, beraz, neure memoria ordenatzen edo gertatutako ulertzen, eta irakurleak?

Hor ere, neure egiten ditut J. Benitoren beste berba hauek: "Irakurlea irakurri egiten da pertsonaietan. Irakurleak galdera egiten du, zer egingo lukeen berak ataka berean balego, ez ote litzatekeen lehenago errendituko, ez ote litzatekeen anaiaren lotsa; ez ote litzatekeen bera ere, gurasoak bezala, edozein konponbideren bila hasiko".

Ederra deritzet irakurtzeari eta idazteari, baina are ederragoa irakurlearen eta idazlearen arteko saioei, bat egiten baitute idazlearen memoria ordenatzeko desafioak eta irakurlearen pertsonaiekiko loturak, bat egiten dute, beraz, idazleak eta irakurleak.


Utzi iruzkina: