Emakumeen literaturaz, literatura feministaz
Hala dio Josune Muñozek: "Literatura kanonikoa, maisulanak -ez maistralanak-, adibide gisa jartzen diren liburu unibertsal horiek, gizonen liburuak dira. Eta gainera, ez edozein gizonenak. Gizon hori zuria, anglosaxoia, heterosexuala eta burgesa izan da gehienetan, eta jakina, gaiak, erak eta gainontzekoak beraiek ezagutzen dituztenak eta haien interesekoak izan dira. Emakumezkook ez dugu tokirik hor, objektu gisa baino ez."
"Euskal kanona gizonezkoa, gipuzkoarra, narratzailea eta politikoki epela da. Eta hori ez diot nik, beste baten hitzak dira. Eta, jakina, gu hori ez garen neurrian ez gara sekula kanona izango. Aukera bakarra kanona aldatzea da".
Uxue Alberdik Josune Muñozi ARGIAn egindako elkarrizketa irakurri berritan paperatzen ari naiz pentsamentu etorria, arina, letreen artean sendotuko delakoan. Nola diote Facebook-en artikulu bat edo komentario bat gustuko dugunean? Atsegin dut. Tentatuta egon naiz: Uxueren lotura bilatu eta horixe jarri, atsegin dut, baina galduta geratu da komunikazioaren jasa geldiezin horretan, beste "lagun" batzuek egindakoen artean. Josuneren aurpegia, aldiz, ARGIAk bidalitako mezu guztietan agertzen zait-eta, guztietan sakatzeko tentazioa ere izan dut. Tentazioa besterik ez.
Begiak apalategira ekarri ditut eta irakurri dudan azken liburuan jarri: Izan Bainintzen Nafarroako Errege.
Zein pisu du emakumeen literaturak nire irakurketetan? Zeintzuk dira irakurritako azken 10 liburuak, zenbat dira emakumeek idatziak? Zerrenda osatu dut:
10.- Izan Bainintzen Nafarroako Errege, Aingeru Epaltza
09.- Elurra sutan, Juan Kruz Igerabide
08.- Azken anaia, Nathacha Appanah
07.- Ez obeditu inori, Mikel Peruarena
06.- El viajero del siglo, Andres Neuman
05.- Ez adiorik, Raymond Chandler
04.- Algún amor que no mate, Dulce Chacón
03.- Zoaz infernura laztana, Anjel Lertxundi
02.- Xahmaran, Jon Arretxe
01.- Suzko lilia, Hedoi Etxarte
Hamarretik bi. Segitu dut apaletan bilatzen: maskulinoak dira nire apalak, zuriak, heterosexualak. Espazio handi bat egin dut haietan, bestela betetzen hasi nahiko nukeen leku berri bat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: