El Pilar ikastetxean (Bilbo)
Ohitura falta izango da agian, baina gaur esperientzia berria izan dudala aitortu gura dut. Orain arte eskola batera hurreratu naizenean, aurrez aurre izan ditut nire liburu baten irakurleak, beti izan dituzte prest halako edo holako galderak (batzuetan paper zatietan hala edo hola zirriborratuak; besteetan, aurkezle fin batek behar bezala antolatuak), beti ezagutu izan dute nire lana.
Gaur ez. Gaur El Pilar ikastetxera joan naiz betekizun berri batekin: "Ikasleak zure liburua irakurtzera ekarri behar dituzu, motibatu, nolabaiteko harra sortu". Hogeita bost neska-mutil eta irakasle bat nituen aurrean, gela ilunean (powerpoint bat proiektatzeko) eta argitaletxeko komertziala. Hasi da saioa. Berrogeita hamalau begi auditerioko jarlekuetan zabal (baten bat kostata, agian), pantailara begira, banan-banan pasatuz zihoazen pertsonaiak, paisaiak, istorioak, piratak eta Euskal Herriko itsasertzeko herriak eta uharteak adi-adi ikusten.
Interesik sortu dudan. Ez dakit liburua ohi baino gogotsuago hartuko duten, ez dakit "Izaroko altxorra" liburuan zer jazotzen duen jakin nahiko duten. Ez dut oraingoz erantzunik. Idatziko didatela esan dute, blog honetara iritzia bidaltzekotan gelditu dira.
Hitza hartu diet, eta hemendik gonbitea egin. Hau daukazue zuen iritzietarako atea, ikusi oinen aurrean dagoen lanpasak zer dioen: Ongi etorri. Bitartean, saiatuko naiz zuen galderetarako erantzunak bilatzen, ikertuko dut ea altxorra oraindik Izaron den, edo Lagatik irlaraino igeri eginez joaterik dagoen, edo Mundakako arraunlariak haserretu ziren uhartea galdu zutenean, edo Drake piratak utzi ei zuen altxorra handia ala txikia zen, edo... Zuek bitartean, adi irakurri, ea zergatik Patxo, Joseba eta Blacky bakarrik joaten diren Izarora, alegia, zer jazo den Anerekin, edo...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: