Autoanalisia liburuz liburu

gezurrarenkoloreak 1456133244156 Gezurraren koloreak | 2010-12-26 20:29

Mahaiaren gainean ezarri ditut zenbait liburu, aurten irakurritakoak dira. Zerrendatu nahi ditut eta aurtengo ariketaren azterketa egin, liburuek ere ni egiten nautelakoan. Memoria kolpez joango naiz aurrera, zerrenda osoa inoiz osatuko dudan jakin gabe, eta puntuz puntu apainduko dut unean uneko inpresioa, halabeharrez aldakorra izan behar duena, zerrenda luzatzen den heinean alde batera edo bestera aldatuko dena.

Hamar bat etorri zaizkit kopeta atzeko anabasera lehen ariketa honetan, ordena jartzeko ahalegin urte amaierako honetara:

Tom Sharpe

Wilt no se aclara

Paul Auster

Invisible

Jim Thompson

Amorruaren ume

Bill S. Ballinger

Segundorik luzeena

Eduardo Mendoza

La ciudad de los prodigios

Anna Gavalda

Maite nuen

Aingeru Epaltza

Izan bainintzen Nafarroako errege

Fermin Etxegoien

Autokarabana

Patricia Parry

Bost hitzaldi krimenari eta histeriari buruz

Muriel Barbery

La elegancia del erizo

1. Uste nuen pisu gehiago zuela euskal idazleen ekoizpenak nire ariketan. Oso pobrea iruditu zait. Uste osoa daukat oroimenak beste titulu batzuk ere ekarri behar dizkidala.

2. Aurtengo otsailean hau idatzi nuen blogean: "Zein pisu du emakumeen literaturak nire irakurketetan? Zeintzuk dira irakurritako azken 10 liburuak, zenbat dira emakumeek idatziak? Zerrenda osatu dut. Hamarretik bi. Segitu dut apaletan bilatzen: maskulinoak dira nire apalak, zuriak, heterosexualak. Espazio handi bat egin dut haietan, bestela betetzen hasi nahiko nukeen leku berri bat".

Geroztik hau da proportzioa: hamarretik hiru. Ez da aldaketa handirik izan. Non gelditu da autopromesa?

3. Gehiago irakurtzen dut euskaraz erdaraz baino, eta euskarazko aldean indarra hartu du itzulpenak eta nobela beltzak.

4. Hamarretik lau lagunaren liburutegiak mailegatu dizkit, nirekin bizi den beste horrek erosi eta gomendatzen dizkidan liburuak dira, nire aukeraketik aparte ongi etorriak.

5. Tom Sharperena Lander Garrori egindako elkarrizketa batek ekarri zidan; Aingeru Epaltzarena, iazko mailuaren odolak; Fermin Etxegoienena, autokarabanaz heldu zait sari batekin batera.


Utzi iruzkina: