Artean presente

gezurrarenkoloreak 1456133244156 Gezurraren koloreak | 2011-12-26 15:40

Aizturraren hotsak isiltasuna urratu duela sentitu duzu, eta barre-algarak gero. Aurreneko xerloa zorura bidean erori dela iruditu zaizu, malko ezin geldituzkoa masailean behera. Bakarrik zaude sofan jarrita, josten ari zaren izara erosi berria doiki argitzen duen lanpararen azpian. Telebista duzu lagun bakarra. Ileetatik atzerantz tira egiten dizutela begitandu zaizu, begiak zabaltzeko garrasi, "urdanga alea!", ez ahazteko aurrean dituzun gizonen aurpegiak, "egungo gurutzatuak ditun, Espainia askatzera datozenak".

 

 

Auto bat heldu da... Guinguetara. Edo Esterrira edo... Zer axola dio! "Falangistak dira!", entzun da etxerik etxe, zerua zeharkatu berri duen tximista nola.

 

Pallars Sobiràko zenbait lagun elkartu zaizkie Santa Maria d'Àneun, serafinen begi erneen azpian. Presa dute, zerrenda egin behar da eguna argitu baino lehen, banan-banan identifikatu behar dira auzo gorriak. Ez zaie zaila gertatuko, badakite, denek dute-eta alboko auzirik, bizilagunekiko inbidia zenbait, denek ezagutzen dute nor den auzoko traidorea.

 

Bortxaz dator Noguera Pallaresa ibaia 1938ko udaberri hits horretan, ur zikinak erreboltan, lohi eta basa. "Hartu kamioia!", diotsote niniak bide lupeztuan lehortu nahi dituen gizon makurtuari, zerrendan lehendabiziko postuan agertzen den izena erakutsiz batera. Laguna ezagutu du berehala. Biriketatik datorkio aire beroa oihuka, eta ahots kordeetan atxiki zaiola antzeman du segituan, mintzogabe. Eskumako oinetakoa igurtzi du ezkerrekoaren kontra, gogoa zikintzen dion arrastoa begien bistatik kendu nahi bailuen. Ezin.

 

Gaua da artean. Escalarrera bidean, auto zaharraren argi ahulak dira gertatzear denaren aurrekari lehena. Indarrez heltzen dio bolanteari okasiorako bilatu duten garraiolariak, eskuineko belarrian oihartzun errepikakor diren hitzek estututa: "Begitarte hori aldatzen ez baduk, heu ere paseatzera irtengo haiz, e!" murmurikatu dio alkandora urdinak maiseo antzean. Dardara egiten du aurreko kristala garbitzekoak ere, ur tanta lodiak batera zein bestera hedatzen dituelarik, eta ezin jakin egunsentirik izango den. Eta izatekotan... norentzat?

 

"Hur gara; kaleko argi bakartiaren azpikoa da etxea", abisatu die gogoz kontrako gidariak ahotsa indarrez janzteko ahaleginduta –ez diezaiola inork haren izua antzeman!–. "Carles!" azpimarratu du falangistak paper hiltzailean eta lagunari erakutsi dio. Euri jasak oldar biziz zigortzen ditu kontraleihoak, eta isildu atearen parean gelditu berri diren ibilgailuen galga irristakorrak, boten kolpe larrutuak, aginte bozak. Maiatzak 22 ditu.

 

"Hor dira!", txilioa irten zaizu ateko lehen kolpea entzundakoan, eta begiak itxi dituzu mundua une hartan gelditzeko desioaz batera, infernua irekitzera doan senarra geldiarazteko nahi antzua gogoan. Arrapaladan jazo da dena: garrasika sartu dira, erdian aurkituriko guztia irauliz, txikizioa ihaurriz, eta horma zuriaren kontra ezarri dute senarra, aurpegia harri landuari itsatsi.

 

Tiro bat entzun duzu. Atalaserantz bueltatu duzu so ustekabetua, esku ezagun horrek darabilen arma sutu berrirantz, eta haren irri harroputzak eraginda libro sentitu dituzu ordura arte nolabaiteko kontrolpean zeneuzkan beldurrak, eta motzean lotu du zure askatasuna. Besaulkian jarrarazi zaituzte eta eskugain ezin latzago batek masaila zigortu dizu gehiagorik gabe.  

 

"Guk ez dugu ezer txarrik egin", pentsatu duzu hotzikara jaioberri bat bizkarrean gora, aulkiari indarrez lotzen zaituenaren zakil hanpatua sentitu duzun aldean. Hala erantzuten zizun senarrak beharbada alde egin beharko zenuketela iradokitzen zenion bakoitzean, guk ez dugu ezer txarrik egin. "Beti jardun dugu ohorez eta onez, ez dugu zertan ihes egin", errepikatzen zuen esku beroaz masaila ferekatzen zizun bitartean, ez oso arestian zartatu dizuten azal maitatua. Odolaren gazia lerratu zaizu ezpain ertzeraino.

 

Burdinaren hotza sentitu duzu lokiaren larruazalean jostakin, eta izuz begiratu diozu senarrari. Haren so beldurtuak ere geroa iluntzen du bularrean duen pistolaren kanoian barrena. Blai ditu arropak, aresti arte ibili da-eta etxez etxe, auzoak laguntzen, ezkerreko edo eskumako ziren galdetu gabe. Haietako bat duzu orain aurrean, "eraile odola borbor du zainetan" marmar egiten zuten herriko atsoek kalean hura ekiditean. Eta orain, orain buruz buru daukazula, begirada saihestezinari eutsi nahi diozu, senarrarekin isilean bizi duzun ikara harro egin, salataria itoko ahal den desiratuz, zintzurrean behera pilatzen zaion listu amorruak pozoituan ito ere.

 

Apaiza sartu da eta lazturaz begiratu dio zure sudur odolezkoari, ezpain dardaratiek ezin disimula dezaketen ildo gorri biziari, baina ez du ezer murmurikatzeko ausardiarik izan. Senarra seinalatu diote eta ea aitortza gura duen galdetzeko agindu. Edonor koldarrarazteko berbak dira, edonor kikilarazteko keinuak. Zuk, bederen, hala aditu dituzu zeure ezinean. Ezetz egin du buruaz, lasai daukala kontzientzia esan die ahots mutuaz, gizon ona dela, behartsuari lagundu diola, txarrik ez duela egin. Eta apaizak beherantz begiratu du, lurzoruan diren altxari apurtuetan lokaztu zaion barrena garbitu nahi balu bezala, eta gero zuri begiratu dizu berriz, eta "ene alaba" deitu dizu, "ene alaba" igandero elizaren ate ondoan zu lako emakume fededunak agurtzean erabiltzen duen tonu erdi berberaz.

Ez diozu entzun, senarraren azken berben oihartzun ahula baino ez duzu gogoan, "behartsuari lagundu diogu", eta hargatik, pentsatu duzu, hargatik hain zuzen harrapatu nahi zaituzte, behartsuari laguntzeagatik. Horixe da zuen bekatua. Baina pentsamendu laburra izan da: indarrez altxarazi eta logelara bultzatu zaitu borrero ezagunak. Eta oihuka hasi zara, senarrari deika, apaizari erreguka, eta "Gurutzada bat da" entzun uste izan diozu ohetokiko atea itxi orduko. Gurutzada da.

Senarra zuri laguntzen ahaleginduko da, badakizu: erditik baztertuko du pistolaz destatzen duen morroia, eta bi urrats egingo ditu gelarantz, bi urrats, eta gainean sentituko ditu gurutzatuen kolpeak, fusil kaxak, botak, ukabil gorrotoz beteak... barrabilak leherraraziko dizkion ostikoa.

Ohe gainean bota zaitu eta samara hurbildu dizkizu apain mahaitik harturiko guraizeak, harik eta haien aho zorrotzaren ziztadak markatu zaituen arte. Ohearen ezkerraldeko horman eskegitako erretratuari begiratu dio amorruz, eta are zorrotzago sentitu duzu burdinaren punta ebakitzailea. Bat-batean zutundu, paretatik erauzi ezkontzako oroigarria eta kolpe huts batez zeharkatu du alderik alde, Sant Pere del Burgaleko aldareko lorontzietatik egun hartarako propio moztu zenuen krabelin bedeinkatuaren gainean, senarraren bihotzaren parean. Atzamarra eroan duzu lepora eta odol tanta gorria garbitu.

"Aberriaren etsaien izenak, horixe nahi dute, horixe eta bakean utziko zaituztete, Carles", esango dio apaizak irri erdiz, badakizu, komunioan hurbiltzen zaizkien eliztarrei erakusten dien irri erdi berberaz. Isilik begiratuko dio zure senarrak, eta parte txarrekoa begitanduko zaio: gau itzalaren kolorez jantzita, bake beltza du iragarkizun. Negarrari emango dio, zeri egiten diola ez dakiela, eta barrez sentituko ditu enparauak alboan, berriki bustiriko prakak algaraka seinalatzen dizkiotela. "Umemoko halakoa!". Gero, ahotsa aldatuta, barruan daramaten ekaitza supituan baretu bailitzan, Gurutzadaren alde egin dezala eskatuko diote, gorrien izenak emateko. Eta zerrenda jarriko diote begien aurrean, ozen irakurraraziko, "inor falta bada" azpian idazteko eskatuko.

Hats ezaguna sentitu duzu aurpegian, zure ezpain haragitsuak bilatzen dituela, beste hartan ere ahalegindu zen bezala. Artaziak zure ohe atorraren azpian sartu eta apurka tarratatu du oihal garbia. Ondo kalkulaturiko erritmoa dela ohartu zara: gurazien xaflak zabaltzean, arnasa hartu; xaflak ixtean, zure gainean hustu. Gero eta arinago, gero eta bortitzago, gero eta...

Kolpe batez zabaldu dute logelako atea. "Ekar ezak hona emagaldu hori!", entzun duzu zure garrasien artean, eta Jaungoikoak zure otoitza aditu duela pentsatu duzu. Altxatu eta indarrez bultzatu zaituzte kanpora, biluzia estaltzeko ahalegin galduan zabiltzala. Senarraren garondo apaldua ferekatu nahi izan duzu, baina ez dizute aukerarik ñimiñoena ere eman: hura zutunarazi eta zu jartzera behartu zaituzte, hark utzitako bustia sentitzera.

"Arradatu iezaiok ilea, larru arras moztu!", agindu diote atzean duzun gizon ezagunari. Isilik gelditu dira denak, harropuzkeriaz, behako mendekariaz artaziak dantzatzen dituen gizon irri lerdetsuari begira, zure ile ezin beltzagoaren gainean pausa txikia eginda. Aizturraren hotsak isiltasuna urratu du. Barre-algara. Aurreneko xerloa zorura erori da, malko ezin geldituzkoa masailean behera. Ileetatik atzerantz tira egiten dizutela sentitu duzu, begiak zabaltzeko garrasi, "urdanga alea!", ez ahazteko aurrean dituzun gizonen aurpegiak, "egungo gurutzatuak ditun, Espainia askatzera datozenak".

Ile pisugabeak sentitu dituzu sorbalda biluzietan, kili-kili iraingarriak bailiran, eta banan-banan grabatu dituzu inguruko berun aurpegiak, gorrotoz elikatuak, bestearekiko mespretxuan haziak. Guztien artean bat duzu barru-barruraino iltzaturik, guraizeak kolpez kolpe maneiatzen dituen aurpegi ezagun hori, atzean izan arren erabat presente daukazun hori. Eta pentsatu duzu ea noraino hel daitekeen iraganeko gorrotoaren itzala, ea hori den aspaldiko ukapenaren ordaina, ea makurrarazte horretan geldituko den guztia.

Eta batzuen eta besteen irri karkailetan, senarraren negar zotinetan, gazteetako ezkongai errefusatuaren tiraldi bakoitzaren amorrazioan igarri duzu ezetz, hura hasiera baino ez dela, saindurik ere barkatzen ez duen gurutzada luze baten hasiera besterik ez dela. Begiak itxi nahi izan dituzu, baina maitearen begiradarekin egin duzu topo, ez oso aspaldi biek betetzen zenuten espazio bortxatuaren erdian, eta agur esan diozue elkarri, "maite zaitut" ezin ozenago batek gela osoa hartuta, eta inoiz baino jantziago sentitu zara, inoiz baino libreago, eta indarrak kolpe bakar batean bilduta oihu egin duzu: "Hiltzaileak!"

Hiltzaileak deitu diezu senarra bultzaka kanpora doazenei, hiltzaileak zure gainean etzan den gorputz ezagunari, hiltzaileak apaizari eta hark bezala begiak beste alderantz gorde dituzten guztiei. Eta indartsu sentitu zara zure bizitzaren zati bat kaleko harlauza bustietan arrastaka eramaten dutenei begira, haiek baino indartsuago sentitu zara behinola ezetz esan zenion gizon haren zakil biluziak eragindako bortxazko min sakonaren azpian.

Senarraren kantua entzun uste izan duzu, senarrak hainbeste aldiz belarri ertzean abesten zizun libertatea, hainbeste aldiz goraipatzen zuen elkartasuna, gaur poetarik ez duen bertsoa. Eta jakin duzu gunez gune egingo dutela, Burgotik Cerbira, Dorvetik Unarrera... eta Sant Martíren murruaren kontra belaunaraziko dutela, zerrenda hiltzailean agertzen diren beste batzuekin batera. Eta jakin duzu kamioian ganadua bezala pilatuko dituztela, euri tematiaren azpian, hotzak dardara, eta Espainiari gora egiteko galdegingo dietela behin eta berriz, Kristori biba egiteko eskatuko dietela errukirik gabe.

Eta jakin duzu Sorteko espetxera eraman nahi izango dituztela, baina bidaia askoz laburragoa izango dela, kamioak Aidí ostatuaren parean hondatuko dela; jakin duzu soldadu batzuk kamioitik jaitsi eta Llavorsiraino ibiliko direla telefonoz agindu berriak hartzeko.

-Zer egingo dugu?

-Fusilatu!

Eta une batean prakak lotzen ari den gizon eskasari begiratu diozu, lotsarik gabe, beldurrik gabe, behinola harekin ezkontzeko eskeari uko egin zenionean bezala, eta ahots sendoz, dardara gibelean lotuta, ea zergatik galdetu diozu. "Zor zenidan", erantzun dizu inoiz ahaztu ez duzun irri harroputzak.

 

Berrogei urte gau hartaz hitz egin gabe. Berrogei urte eta arean gehiago jakinda senarraren gorpua errepideko ertzen batean dela gaizki lurperatua. Berrogei urte ikarari eutsiz, amorruari bridatik tiraka, hiltzaileen begirada harroa egunez egun jasaten, gauez gau beldurrak airean. "Amaitu da amesgaiztoa", esaten dute han-hemenka gazteenek, "Amaitu da berrogei urteko gau luzea", esaten dizute orain indarrez besarkatzen zaituzten kamarada berriek.

Zuk, baina, argi ahularen azpian izara urratuaren tolesak hartzen ari zaren bitartean, ulertu duzu oraindik ere mesfidantzaz behatu beharko duzuela batera eta bestera. Ulertu duzu segitu beharko duzuela aspaldiko hotzikara hura bizkarrean gora sentitzen, aspaldiko erremina zure sabelpean eramaten, inoiz joan ez zaizun maitearen aspaldiko hutsunea oroimenaz betetzen.

Hori dena ulertu duzu haren irri harroputza telebistan ikustean, demokraziaren garaipena ospatzen ari diren betiko demokraten artean zut, presente.


Utzi iruzkina: