Ahotsenea, zabaltze-ekitaldiko hitzak (eta bidean geldituak)

gezurrarenkoloreak 1456133244156 Gezurraren koloreak | 2011-12-05 18:43

Eskerrak eta desiorik onenak adierazteko baliatu ohi dira zabaltze-ekitaldiak, ongi etorria emateko. Bego hori guztia.

 

Ahotsenea, baina, nolabaiteko izaera alternatiboa du niretzat, hala jaio zen eta hala bizi beharko luke gaur-bihar ere. Horregatik, aukera baliatu nahi dut nireak ez diren gogoetatxo bat eta hiru saridunen arteko elkarrizketak zuekin konpartitzeko.

 

Gogoetatxoa.

 

Irati Jimenezen hitzak, lehendabizi:

 

“Diotenez,  %15 inguru gara emakumeak euskal literaturan.” “Zer pentsamendu bitxi eta ulertezinak daramate horrenbeste jende, daramate horrenbeste kazetari, euskal literaturan aspaldi honetan emakumea baino ez dagoela pentsatzera? Nola eman zaio egiantza hain biribil gezurra denari?”

 

%10ean ei dago bestearen muga onargarria intoleranteentzat. Berbarako, arrazismoaz ari garela, kanpotik etorritakoak ez du trabarik egiten ehuneko horren azpian dagoen bitartean; ehuneko hori gainditzen duela, aldiz, ikusgai egiten da eta traba izatera pasatzen da.

 

Ehuneko hamarra gainditzeak eragin ote du kasu honetan ere baten-batentzako traba bihurtzea?

 

* * *

Elkarrizketak

 

Bat

 

Bi idazleren artekoa, fikziozkoa, denbora ezberdinetan gertatua, eta aldi berean maiz errepikatu dena, bariazioak bariazio:

 

“No son libres porque están subvencionados, forman parte de la campaña de promoción del idioma.” “En el País Vasco se mantiene la ficción de que existen lectores en euskera y por tanto es necesario el apoyo oficial”.

 

“Ez dago bere burua morotzat duen inor. Beste batzuek hartzen dute halakoa morotzat, zanpatu nahi dutenean. Eta hagatik gara edo izan gaitezke denak moroak. Musulman nahiz euskaldun, emakume nahiz homosexual, beltz nahiz pobre.”

 

Batzuk, Fernando Aranbururen hitzak dira, Tusquets saria hartu berritan, Durangoko euskal liburuaren azokaren bezperan esanak; besteak, Marije Sarrionandiak irakurri zizkigun azaroaren 23an, Euskadi sarien banaketan, euskara askatasunean aldarrikatzen dutenak lekuko.

 

 

* * *

Bi

 

Idazle baten eta kantari baten arteko elkarrizketa, fikziozkoa, denbora ezberdinetan gertatua, eta aldi berean maiz errepikatu dena, aldaerak aldaera.

 

“Empecé a aprender a tocar el txistu pero el cura me retiró del grupo de forma sibilina sugiriendo a mis padres que aprendiese a tocar el tamboril, lo cual era un descenso de categoría. Los que sabían euskera podían aprender a tocar la guitarra”.

 

“Ni ez naiz artista, ni ez naiz gitarrista, ni naiz herritarra, zugaz alkarrizketan hasteko gitarra bidetzat hartuta… Ez etorri nigana arte eske, ez etorri nigana berba politen eske, nire gitarra ez da nire gitarra: nire gitarra eta nire herriaren bizia, nire herriaren erritmoa”

 

Batzuk, Fernando Aranbururen hitzak dira, Tusquets saria hartu berritan Durangoko euskal diskoaren azokaren bezperan esanak, bestea, Bittor Egurrolaren kanta bat da, Ez dok hamahiru mugimenduaren itzalean. Argia ereiten euskara-saria eman berri diote Getxon.

 

* * *

Hiru

 

Epaimahai baten, idazle baten eta kantari baten arteko elkarrizketa, fikziozkoa, denbora ezberdinetan gertatua, eta aldi berean maiz errepikatu dena, bertsioak bertsio.

 

“Narración dickensiana de una infancia en los años sesenta en el País Vasco”.

 

Umezurtza naz nere lur maite barruan, kanpokoa sentitzen naz nere etxean, hau dok itzela ta negargarriena umezurtzak garala ez ohartzea”.

 

“Lau urterekin erdaraz jakin gabe sartu nintzen eskolara, baina erdaraz besterik ezin zen eskolan egin: hala bizi ginen orduan euskaldunak, arrotzak bagina bezala geure herrian.”

 

Lehena, Tusquets sariko epaimahaiaren balorazioa da; bigarrena,  Bittor Egurrolaren kanta zentzuratu bat, Umezurtza; hirugarrena, Joseba Sarrionandia idazlearen hitzak, Literatura eta Gobernua artikulu ez-librean.

 

Zer ote da dickensianoago?

 

2011 da, abenduak 4 ditu. Ahotsenean gaude. Ahotsaren etxea da, ahotsaren etxea gara, ahotsak libro bizi diren eremua.


Utzi iruzkina: