Iban Zaldua (Donostia, 1966), historialaria da eta gaur egun Ekonomiaren Historia irakasten du Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizko Letren Fakultatean.
Sei dira orain artean argitara eman dituen ipuin liburuak: Veinte cuentos cortitos (Gipuzkoako Foru Aldundia, 1989), Ipuin euskaldunak (Erein, 1999; Gerardo Markuletarekin batera), Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000), Traizioak (Erein, 2001), La isla de los antropólogos y otros relatos (Lengua de Trapo, 2002), Itzalak (Erein, 2004) eta Etorkizuna (Erein, 2005), 2006ko Euskadi Sariaren irabazlea.
Kontakizun liburuez gainera, beste bide eta estilo batzuetako liburuak ere argitaratu ditu: saioa, zientzia-fikzioa eta gazteentzako zenbait eleberri.
Horretaz gain, egunkari desberdinetako zutabegile izan da (Egunkaria, El País), eta hainbat kritika lan argitara eman ditu euskal aldizkarietan (Hegats, Jakin...). Kritika lan horietako batzuk Obabatiko tranbia (2002, Alberdania) eta Animalia disekatuak (Utriusque Vasconiae, 2005) liburuetan eman zituen argitara. Horiez gain, Si Sabino viviría (Lengua de Trapo, 2005) zientzia fikziozko eleberria idatzi du.
Euskal ipuingile gutxi dira narrazio oso laburrei (mikroipuin ere deituak) Iban Zalduak bezain ongi neurria hartu dietenak. Borges-en edo Calvinoren joera metaliterarioa, edo Cortázarren fantasia asaldagarria dira, besteak beste, Zalduaren istorio zorrotz, ironiko eta umoretsuen abiapuntu. Eta topikoak apurtu nahi ditu egilearen begirada kritikoak, literaturari, bizitzari, euskal errealitateari... buruzko topikoak. Erregistro eta molde aberatsetan idazteko gai dela erakutsi digu Zalduak, hitz bakar bat ere soberan ez duten ipuinak antolatzen.
Umorea, zorroztasuna eta ironia nabarmentzen dira ipuinotan. Indar handiko kontakizunak dira, eta irakurlea ez da hotz geldituko haiek irakurrita.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: