Bilgune Feministako kide Haizea Egigureni elkarrizketa
1- Abortuaren inguruko borroka aspaldi hasi zen. Aurten, zer dela eta eutsi diozue berriro gaiari?
Bai, aspaldi hasi zen. 70. hamarkadan hartu zuen gai honek bizia Euskal Herrian. Garai hartan, abortua praktikatzek kartzela-zigorra zekarren.
Mugimendu feminista abortuaren gaiari lotuta hasi zen. Urte haietan, oso abortu gutxi praktikatzen ziren eta praktikatzen ziren gehienak Ipar Euskal Herrian. Noski, modu klandestinoan eta baldintza nahiko eskasetan. Orduan antisorgailuak ere ilegalak ziren.Mugimendu feministak lan handia egin zuen eta antolaketa eta borrokari esker hainbat aurrerabide lortu zen. Antisorgailuak legeztatzea eta lege aldaketa batzuk egitea, besteak beste.
Hala eta guztiz ere, 2009 honetan gauza bera aldarrikatzen jarraitzen dugu. Abortua libre eta dohain izan dadila. Tamalez, urteetan hainbat emakume, ginekologo eta medikuren aurkako erasoak izan dira. Hauek kriminalizatuz, atxilotuz, deklaratzera deituz (2000 emakume inguru)... Eta, azkena 2008an izan zen.
Horregatik 2009 honetan ere, duela 30 urte moduan aldarri bera egitera irten gara kalera. Eta irtengo gara, noski. Eraso horiek guztiak salatu eta gure eskubidea den abortuaren aldeko aldarria egitera.
2-Abortua libre eta dohain, ez al da gehiegi eskatzea?
Gehiegi eskatzea? Eskubide bat da, oinarrizko eskubide bat, hain zuzen.Guk gure gorputzarekin nahi duguna egiteko eskubidea dugu. Gaur egun delitu izaten jarraitzen du abortuak. Hainbat egoeretan abortatu daitekeela saltzen digute eta ondoren sare publikoan ez digute hau bermatzen. Horrek zerbitzu pribatuetara joan beharra dakar, ekonomikoki oztopoa bilakatuz.
Emakume batentzat gogorra da abortu bat izatea. Eta, azken batean, oztopoa morala da, bai lege aldetik eta baita ekonomiari begiratuz gero ere.
3.-Lege erreforma nahikoa dela uste al duzu?
Lege erreforma berria tapaki moduan definituko nuke. Eskubide urraketak hor jarraitzen baitu. Politikariek dute zer egin eta zer esana, beraiek baitira legeak jartzen dizkigutenak. Eta, politikariak aipatu ditudanez, lege honen aurrean EAJ-PNVek izan duen jarrera salatzekoa dela esango nuke. Izan ere, legearen inguruko bozka egunean abstenitu egin zen alderdi hau. Erabaki horrekin erakutsi digute urte guztian zehar emakumeen eskubideen alde lanean jardun behar dugula esan eta gero beraien jarrera nolakoa den. Praktikarako orduan, teoria eta praktika bateraezin bihurtu zaizkiela esango nuke.
Honez gain, lege erreforma honetarako sortu zen talde eragilean herriaren hitza ez zela kontuan hartu esan behar dut. Talde honetan, mugimendu feministako kideek parte hartu nahi eta ezezkoa jaso zutelako.
4-Elizaren azken kanpainari buruz zer?
Zerbait berria denik ezin esan. Elizak urteetan izan duen jarrera berarekin jarraitzen du orain ere. Ikuspegi feministatik lotsagarria eta patetikoa iruditzen zait elizaren portaera. Hitz politak ,bai, saldu dizkigute urteetan: kristau ona nola izan, lagun hurkoa nola maitatu... eta era berean, abortatzea erailketa bat dela diote, hau da, delitua. Nik uste, hala ere, elizaren diskurtsoa beldur baten ondorio izan daitekeela. Lege
proposamenarekin gaia pil-pilean jartzea lortu da eta elizaren erreakzioa berehalakoa izan da. Jendartearen erantzuna ikusi aurretik, ideiak inposatzeari ekin dio.
Nire iritziz, elizak kalte handia egin digu orokorrean jendarteari eta bereziki emakumeoi.
Emakumeok geu erditzen garenez, geuk erabaki behar dugula zer, nola, noiz ... egin gure gorputzarekin eta ez mediku, lege , elizak... Hauek ezin digute oztopatu edota inposatu, abortua oinarrizko eskubidea baita.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: