Informazioaren borroka Tibeten

getag 1456133226747 G&G | 2008-04-20 21:02



"Soldadu txinarrei monje budista jantziak banatzen" da argazki honen izenburua. Guk, Iñaki Anasagastiren blogaren bidez ezagutu dugu. Horrela zoien Anasagastik atzo: "Argazkiak erakusten du Tibeta iristean soldadu txinarrei nola banatzen zaizkien monje budista tibetar jantziak, horiekin desgisatu eta istiluak sortu ditzaten.
Herritarrak baketsu agertzen badira kalean, nola zuritu errepresio gogorragoa munduaren aurrean? Erraza da: indarkeriazko ekintzak sortuz, grabatuz eta munduaren aurrean erakutsiz..." Honaino Anasagastiren mezua.

Harritu egin gintuen, egia esango badugu, argazkiaren jatorriak. Anasagastik argazkia "komunikazio-agentzia britaniarrak 2008ko martxoaren 20an hartu zuela" dio.Badirudi, espioitza-lanaren emaitza gisa agertu dela argazkia, "Sigint" izeneko iturriarena, alegia.

Hain argazki esanguratsua hilabetean argitaratu gabe egon izana ulergaitza gertatzen zitzaigun, bestalde, irudiaren izaera eta istorioaren interesa kontutan. Hala bada, Youtubera jo dugu.

Aurkitu duguna, zuetariko askok bezala, informazioaren borrokaren gudu berri bat izan da. Aski ezaguna eta onartua da gure artean, gaur eguneko gatazkak iritzi publikoaren baitan irabazi eta galtzen direla. Informazioa bada  arma eta hedabideak baldin badira borroka horretako gudarosteak, IKTak, eta bereziki blogak, gerrilak dira.

Txinako Gobernuaren amarrua erakusten zuen bideoa ikusi genuen lehendabizi. Gero, Txinarren erantzunak: hau, beste hau edota hirugarren hau, adibidez.

Zein den gure iritzia? Ez dugu argazkiaren egiaz ala gezurraz erabakitzeko adinako informaziorik, baina Txinako Gobernuaren baliabide teknologikoez eta desinformazio-ahalmenaz jabetu gara, baita Tibeteko herriaren ahuleziaz ere.

Borroka desorekatu horretan, gure asmoak eta gure elkartasuna tibetarrentzat dira. Eta baita Txinako herriarentzat eta askatasunzale guztientzat.


Utzi iruzkina: