HERRIAREN BIRRINKETA

gernikazidatziz 1456133223167 Gernikaz idatziz | 2007-04-19 13:19

HERRIAREN BIRRINKETA

Bonbardaketaren ondoren Gernika erabat suntsituta gelditu zen. Airetik etorri zitzaion erasoaz gain, Gernikak gertaera negargarri haren osteko orduetan etorri zen haizeak zabaldu zuen suteari egin behar izan zion aurre. Zaila da gaur egun oraindik galdutako bizitzak zenbakitan ematea; hala ere, ikerle batzuek egin dituzten azterketen ondorioz, esan daiteke hilak 250 inguru izan zirela eta zaurituak ehunka. Gehienak babeslekuetan hil ziren edota mendian zehar ihesi zihoazela metrailatuta. Gaua etorri zenean, gernikar askok oraindik su-garretan kiskaltzen ari zen herritik alde egitea erabaki zuen. Anabasa hartan inork ez zuen jakin esaten zenbat lagun, senide edo herritar hil ziren bonbardaketaren ondorioz.
Eraikin gutxi gelditu ziren zutik. Etxe apur batzuk, arma-fabrika, Errenteriako zubia, Juntetxea eta Gernikako Arbola oso-osorik gelditu ziren mundu guztiaren harridurarako; Andra Mari eliza ere onik atera zen.
Gernikaren hiri-profila guztiz ezabatu zen, erabat; dena gelditu zen harri- eta adreilu-zaborrez estalita. Eriabarrena, frontoia eta San Juan bulebarra jada beren bizitzako uneren batean handik ibili zirenen oroimenean baino ez ziren gelditu, zoriontsuak bestalde ezbairik gabe.

 

GERNIKAREN OKUPAZIOA

Bonbardaketaren ondorengo hirugarren egunera sartu ziren tropa nazionalak Gernikan. Armada frankistan era guztietako soldaduak ziren: italiarrak, alemanak, mairuak eta erreketeak. Horiek sartu zirenerako jende asko jada herritik ihes eginda zegoen errepresaliaren beldur, batez ere herrian errepublikanotzat eta nazionalistatzat ezagutzen zirenak. Okupazioaren lehen egunetan soldaduek ogia eta janariak banatu zituzten jendearen artean, baina laster etorri ziren gosea eta errazionamenduak.
Tropa mairuak herriko zenbait lekuetan banatu zituzten; horietako bat hain zuzen Andra Mari eliza izan zen. Haiek beste leku batzuetara eramanda gero emakume gernikarrak leku profanatu horiek garbitzera behartu zituzten. Irain horrek urratu zituen gehien, segur aski, emakume haien oroimenak.


Utzi iruzkina: