GERNIKA GERRA-OSTEAN FRANKISMOA ETA ERREPRESIOA

gernikazidatziz 1456133223167 Gernikaz idatziz | 2007-04-20 14:02

GERNIKA GERRA-OSTEAN FRANKISMOA ETA ERREPRESIOA

Frankismoaren lehen urteetan ekin zioten Gernika berreraikitzeari. Lan haietan agustindarren ikastetxean atxilotuta zeuden preso politikoek eta soldatapean ari zirenek parte hartu zuten. Lanak bost urte luzetan burutu ziren eta, paradoxa badirudi ere, Gernika birrintzearen errudun nagusia, Francisco Franco, herriko seme kutun izendatu behar izan zuten. Eraikinak jaso zituzten baina horien eta kale eta lorategi berrien diseinuak ezin izan zuen suntsiketa hartan galdutako guztia berreskuratu. Gerra aurretik Gernikan zegoen lagun-giroa nahastuta gelditu zen eta hala jarraitu zuen urte luzetan. Frankismoak errepresio ideologiko eta kultural gogorra jarri zuen. Arau eta jokabide berriak agindu zituzten; salaketak eta erregistroak eguneroko gauza ziren eta ezertxo ere ez zen gelditzen Guardi Zibilen begirada zorrotzetik kanpo. Gernikarrek beldurra, mesfidantza eta elkarrenganako errezeloak nozitu behar izan zituzten. Inork ez zuen berriro ikusterik izan Gernika ireki eta maitagarri hura.
Hala ere, diktadurak iraun zuen urte luze guzti haietan Gernikak euskaldunen askatasunen sinbolo eta ikur izaten jarraitu zuen, eta 1964an bertan egin zen Aberri Egunak bi mila lagun bertaratu zuen.

“Elkarrenganako mesfidantza handia zen. Hori gerra-osteko kontua zen; gerra aurretik denok ginen berdinak. Gero poliziak, isilmandatariak (...) Jende asko sartu zuten kartzelan. Beldurra nagusitu zen Franco hil arte.”


Utzi iruzkina: