BONBARDAKETAKO BIZIPENAK
BONBARDAKETAKO BIZIPENAK
Bonbardaketak, ustekabean Gernikako biztanle guztiak harrapatu zituen. Arriskuaz jakinaren gain zeudenek ere, ez zute inoiz pentsatuko hain eraso bortitza jasoko zutenik. Lehenbiziko bonbak erori zirenean jendeak bere ustez lekurik seguruenetara jo zuen edota hurbilen zeuzkaten babeslekuetara. Herriko babeslekuez gain, jendeak fabriketara eta lantegi eta etxeetako sotoetara jo zuen, ahal zuenak ahal zuen lekura jo zuen babes bila. Beste batzuek nahiago izan zuten herritik aldendu eta mendian ezkutatu ziren, sasi artean, baratzetan eta baserrietan, baita edozein zulotan ere.
Bonbardaketaren bizipena ikaragarria izan zen denentzat; beldurra, estutasuna, larrialdia, segurtasunik eza, zalantza eta babesik eza. Gernikar askok aireko erasoak iraun zuen ordu luze haiek beren inguruan ikusten ez zituzten lagun maiteen kezkaz bizi izan zituzten. Ordu latz haietako bizipenak kontatu ahal izan dituztenek babeslekuetako itolarria, umeen negarrak eta otoitzak gogoratzen dituzte. Erasoa amaitu zenean, nahasmena, zalantza, sinistu ezina eta harridura sentitu zuten, inoiz sinistuko ez zutena ikustean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: