ADISKIDETZE BIDEAN
ADISKIDETZE BIDEAN
Adiskidetzea gaur egun funtsezko erreminta da gatazkak konpontzeko eta, erreminta bezala, adierazpen aberatsa eta aldi berean konplexua du. Hala ere, denok dakigu adiskidetzeak lehen etsaiak zirenak orain lagun bihurtzea adierazten duela. Baina horretarako premiazkoa da erasoa egin duenak bere errua onartzea eta iraganean egin zituen kalteen erantzukizuna onartzea.
Gernika gaur egun adiskidetze aurreratuaren adibide garbia da; prozesua oraindik ez da amaierara iritsi, baina ibilbidea ere luzea da. Hasiera batean, oztopo eta eragozpen asko zeuden, Alemania asko atzeratu zelako kaltea konpontzeko lehen urratsak emateko bidean.
Gernikako bonbardaketan Alemaniak izan zuen partaidetza onartzea 1989an gertatu zen, Herzog lehendakariak gutun bat bidali zienean oraindik bizirik zeuden gernikarrei. Gutun hartan, Alemaniak 1937ko bonbardaketan izan zuen erantzukizuna onartzen zen. Egintza sinboliko hura jende eta instituzio askok egindako lanaren emaitza izan zen; gestio, itxaropen eta artegatasun askoren emaitza. Gaur egun gernikarrak Alemaniako Pforzheim hiriarekin anaikidetuta daude, garai batean bere erasotzailea izan zen herriarekin elkar ulertzeko eta elkarri laguntzeko bide berriak garatzen ari dira. Ez da justiziarik egin, baina adiskidetzeko bide berri bat ireki da, Gernikako oroimena bizirik gordez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: